Bea Egizabal: «Familia bat osatzeak banantzen ditu, askotan, lagun minak izandakoak»

Anduriña Zurutuzarekin batera, Egizabal familia normatiboez eta estetikaren presioaz ari da ‘Jo!’ antzezlan berrian. Jolasaren bitartez sortu dute obra, diskurtsoa eta gorputza batuz.

Anduriña Zurutuza eta Bea Egizabal, ikuskizunaren sortzaileak. CESAR MARCOS
Anduriña Zurutuza eta Bea Egizabal, ikuskizunaren sortzaileak. CESAR MARCOS
ane insausti barandiaran
Lasarte-Oria
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Boxeoko eskularruak soinean, elkar joka hasiko direla dirudi Bea Egizabal (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1977) eta Anduriña Zurutuza, Jo! ikuskizun berrian. Urte askoan elkar ikusi gabeko bi lagun min ohi elkartuko dira, kirola egin bitartean, eta, hain zuzen, zergatik ez diren elkartu aztertuko dute. Ohiko umore tonuarekin eta betaurreko moreak jarrita emango diote galderari erantzuna: «Spoiler: patriarkatua da». Maiatzean egin dituzte lehen bi emanaldiak, eta gehiago lotzea da asmoa.

Sorkun eta Grego, aspaldi ikusi gabeko lagunak, elkar joka jarriko dituzue?

Bueno, ez elkar joka, baina bai, emango dituzte kolpeak. Eta hori da pixka bat kontatzen dena, zergatik ez duten elkar ikusi hainbeste denboran oso-oso lagun minak izandako bi emakumek.

Zein da arrazoia?

Spoiler bat egingo dizuet: patriarkatua da. Familia sortzeak edo osatzeak banantzen ditu lagunak. Familia sortzea da arazoa.

Hori aztertzeko, ikerketa antropologiko bat egingo dute, kirola egin bitartean?

Bai, topo egingo dute, eta kirola egitera joango dira elkarrekin. Bizitza istorioen bidez kontatuko dute; hau da, haien bizipenetatik abiatuta kontatuko dute zer gertatu den. Gimnasio batean hainbat gai aterako dira, kirola egiten duten bitartean.

Kirola, hortaz, aitzakia bat da gai horiek lantzeko?

Bai, hainbat gauza genituen esateko, nonbait kokatu behar, eta gimnasioaren ideia atera zen. Nahiz eta kartelean eta obran zentralitate bat hartzen duten, jatorrian ez da justu hori aztertu nahi genuena.

Norbait jarriko duzue ringean?

Bueno, bueno... ikusiko dugu. Eszenografia oso sinplea da, bi asto [egurrezko euskarriak] daude, eta horrekin egiten dugu antzezlana. Gimnasio bateko tresnak erabiltzen ditugu atrezzo bezala, estetikaren presioaz hitz egiteko, familia normatiboez hitz egiteko... 

Ohiko tonu ironiko eta feminista izango du?

Noski, ikuspegi feministatik lantzea izan da asmoa. Horrelaxe dago egina.

Bikote formatura itzuli zara emanaldi honekin. Zer moduz joan da?

Ni bakarrik oso gustura aritzen naiz. Bakarrik, baina babestuta beti norbaitekin. Baina jolasteko aukera eman dit Anduriñarekin egindako lan honek.

Zer eman dio bakoitzak obrari?

Nire clowna hiztunagoa da, eta, natorren lekutik, diskurtsoa eta hitz egiteko joera handiagoa daukat. Anduriña fisikotik dator, gorputzetik; haren clowna jolastiagoa da. Marie de Jongh konpainian dabil hura, eta, bertan, maskarekin egin du lana. Ibilbide luzea du hark ere: gelditu gabe dabil. Bi gauzak batu ditugu: badago eduki feminista diskurtsibo bat, baina oso garrantzitsua da jolasa. Hitzak kentzea eta jolastera pasatu ahal izatea opari bat izan da niretzat.

Protagonistek bezala, aspaldi ezagutu zenuten biok elkar.

Bai, Anduriñak eta biok Oihulari Clownen ezagutu genuen elkar, eta bertan egin genuen gure lehen antzezlana: Zain beti zain. Hor konturatu ginen oso ondo pasatzen genuela, eta eszenan konplizitatea daukagula. Inprobisazio asko egin ditugu elkarrekin, Clownklusioak saioetan, baina beti izan dira gauza puntualak. Hogei urtean bakoitzak bere ibilbidea egin du, baina harremana ez dugu inoiz galdu, eta beti zegoen elkarrekin zerbait egiteko ideia. Orain suertatu da aukera.

Bi emanaldi egin dituzue. Zer moduz atera dira?

Oso ondo. Harritu gintuen lehen gauza izan zen jende asko joan zela Altzora [Gipuzkoa]. Jakin-mina zegoela uste dut. Gure helburua bada jendeak hausnartzea, baina helburu nagusia jendeak barre egitea da, ondo pasatzea. Eta jendeak barre asko egin zuen. Diman  ere bai [Bizkaia]. Funtzionatzen duela ikusi genuen, eta oso gustura gaude. 

LOTSABAKO

Umorista bat?
Intza Alkain eta Anduriña Zurutuza.

Erreferente bat?
Virginia Imaz.

Antzezlanak, binaka edo bakarrik?
Konpainia onean bada, binaka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.