Sare sozialetan berandura arte murgiltzea, gustuko pelikula, txandaka lana egitea, semea gaixorik egotea, lantokia etxetik urrun izatea, asteburuetako parrandak... Hainbat arrazoi ditugu behar beste lorik ez egiteko. Lo faltak dituen ondorio kaltegarriak kontuan izanik, interesgarria litzateke modu erraz batean pertsona batek nahikoa lorik egiten ote duen jakitea. Ba al da horretarako odol analisirik?
Ugaztunok animalia lotiak gara. Gizakiok 6-9 orduko loa behar izaten dugu egunero, eta lo faltak ondorio kaltegarriak sortzen ditu gure gorputzean, hala nola sistema immunearen funtzioen murriztea, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua areagotzea, memoria galera, ikasketarako zailtasunak, eta, muturreko kasuetan, heriotza.
Horregatik garrantzitsua da pertsona batek lo ohitura egokiak dituen ezagutzea, eta lo faltarekin erlazionatzen diren biomarkatzaile edo molekula adierazgarriak topatzeko ikerketa ugari egin dira. Azaroan Scientific Reports aldizkarian argitaratu zuten lan batean pertsona osasuntsuak hiru multzotan taldekatu, eta astebetez ondorengo lo ohiturak ezarri zizkieten: lehenengoei, loaldi egokia (bederatzi ordukoa); bigarrenei, loaldi laburregia (bost ordukoa); eta azkenekoei, bost egunez loaldi laburregia izan ondoren bi egunez nahi adina lo egiteko aukera.
Hiru multzo horietako pertsonen odolak aztertuta, ikusi zuten lo gutxiegi egindako pertsonen odolean esfingolipido eta glizerofosfolipido kontzentrazioa baxuagoa zutela nahikoa lo egiten zutenekin alderatuta. Ondorioztatu zuten hirugarren taldekoen kasuan guztiek ez zituztela odoleko lipido horien kontzentrazio osasuntsuak berreskuratu, eta, astean zehar lo gutxi egin eta asteburuan nahi adina lo egitea ez dela nahikoa galdutako loaren eragin kaltegarria desegiteko.
Antzerako ikerketa argitaratu zuten MedComm aldizkarian, 24 orduko lo faltak eragindako odoleko konposizioaren aldaketak ezagutzeko. Pertsona osasuntsuei odol laginak jaso zizkieten esperimentuaren hasieran, 24 orduz lorik egin gabe eduki ondoren eta lo egin eta hurrengo egunean. Ikerketa horretan ez zuten lipidorik aztertu, baina 24 orduko lo faltak sistema immunearekin erlazionaturiko geneetan aldaketak eragiten zituela frogatu zuten. Gainera, eragin hori lo egin eta hurrengo egunean oraindik nabaria zela ere ikusi zuten. Ikerlariek diotenez, ez dakite eragin horrek luzaro dirauen, baina frogatutzat eman dute 24 orduko lo faltaren eragina odol analisien bidez antzeman daitekeela.
Ikerketa horietatik bi ondorio atera ditzakegu. Lehenengoa, lo faltak odolaren konposizioan duen eragina azter daitekeela eta horrek odol analisi arruntetan lo ohitura desegokiak identifikatzeari bide ematen diola, hainbat gaixotasunen prebentzioan lagungarri izan daitekeena. Bigarrenik, gaur galdutako loa bihar berreskuratzen saiatzea ez dela beti aukera eraginkorra, eta hobe dugula gaur egin dezakegun loa biharko ez uztea.