Bilboko Aste Nagusia

Falta direnentzako bolandera

Traje gorria jantzi dute, berriro ere, aurreko urteetako txupinerek, urtero egiten zaien omenaldian parte hartzeko. Bizitako gertaerak eta emozioak gogoratu dituzte hala. Txori Barrote konpartsan egin dute bazkaria, iazko txupinera izan zen Jone Artolaren konpartsan.

Txupinera izandako hainbat emakume atzo, Areatzan jaso zuten omenaldi ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Aste Nagusia heltzerako hautatuak izaten dira txupinera eta pregoilaria. Eta horrela izaten ditu urtero jai bakoitzak bere protagonistak. Baina behin jaia bukatuta, hor geratzen da haiek egindako lana, oroimenean. Hori gertatzen zaio pregoilariari, behin-behinekoa du iraungitze data. Txupinerak, aldiz, izaten du zer oroitu. 1991. urteaz geroztik, txupineraren irudia indartzeko helburuarekin sortu zen txupinera guztiak batzeko ohitura. Txupinera guztien egun bilakatuz, tradizio bihurtu da Aste Nagusiko osteguna.

Atzo izan zen egun handi hori, eta hamalau txupinera ibili ziren jai giroan. Hamahiru txupinera ohi eta hamalaugarrena; Loreto Errasti, aurtengo jaietako txupinera. Guztiak, traje gorria armairutik atera, eta behin izan zuten kargua berreskuratzeko gogo handiz azaldu ziren. Hala adierazi zuen Aratz Irazabalek: «Gauza asko gogoratzen ditugu egun honetan, eta oso ondo pasatzen dugu. Pribilegioa da txupinera izatea, eta, are gehiago, jaietan txupinera guztiak elkartzeko egun bat izatea». 2010ean bota zuen berak bolandera, eta Txinbotarrak konpartsako kidea da.

Goizean goizetik ibili ziren jaia girotzen. 10:00etan piztu zuten lehenengo bolandera, Errastik egunero egin duen legez, egun osoan izango diren ekitaldiei hasiera emateko. Erribera aldean ibili ziren ondoren, zapiak banatu eta jendea agurtzen. Eta goiza alde batetik bestera igaro ostean, Txupineren omenaldi nagusia egin zuten, 11:30ean, Areatzan. Hamalaurek batera piztu zuten suziria. Horrekin, txupinera guztiak goraipatu zituzten, eta jada ez dauden horien oroimenez topa egin zuten. «Ahalegintzen gara urtean bi aldiz batzen. Baina gaurko eguna, eta suziria elkarrekin botatzeko unea oso hunkigarria da. Jada batzuk hil dira, eta haien oroimenez egiten dugu hau. Txupinera izan diren, baina jada ez dauden guztien oroimenez», azaldu zuen hunkituta Aitziber Zalbidek.2000. urtean izan zen txupinera, Lehoiak konpartsako kide zela.

Suziria jaurtita Alde Zaharrerantz abiatu ziren tabernaz taberna ibiltzera. Jone Artola, iazko txupineraren konpartsako Txori Barroten egin zuten bazkaria, eta, ondoren, elkarrekin igaro zuten jaia, beraien egun berezi horretan.

Denak jaka eta txapel gorria zuten soinean; baina, beherantz begiratuta, modu ezberdinez zihoazen jantzita gehienak. Urteen ondorioz gertatutakoa. Gona handi edo txiki geratuta, erabilerarekin guztiz hondatuta. Batzuek praka luze eta zabal beltzak zituzten, beste batzuek, berriz, praka estuak. Gona luze edo laburrak. Eta hanketan sandalia, zapatila edo zapatak. «Gero eta zailagoa egiten da arropa hau janztea. Nik,behintzat, jaka moldatuta daukat, eta gona, berriz, oso ondo gordeta, baina armairuaren barrenean, noski, ezin dut-eta jantzi», kontatu du Zalbidek.

Urteetan atzera

Txupinera egunean denak elkartu eta ondo pasatzeaz gain, bakoitzak bere urtean bizi izandakoa gogoratzeko tartea hartzen dute. Memorian atzera eginez, bizipenak elkarrekin trukatzen dituzte.

Nahiz eta urteak igaro, momentuan bizi izandakoa gogoan daukate denek. Magdalena Landak 1987. urtean jaurti zuen bolandera, eta oso ondo gogoratzen du nola hasi zuen jaia: «Begoñan bota nuen lehen bolandera, etaArriagan hurrengoa. Orduan ez zegoen jaien egitaraurik; Arriagan egoten nintzen, eta alde batetik bestera eramaten ninduten».

«Leihora joan nintzen unea gogoratzen dut. Kanpora begira urduri. Jende pila bat nire zain, izugarria izan zen», gogoratu du ilusioz Zalbidek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.