SAGAR UZTAREN AURKEZPENA

Ezurtearen keriak dira

Urte biz behingoa tokatzen da 2024ko sagar uzta. Euskal Sagardoa jatorri izenekoa aurkeztu dute Irungo Etxezabal baserrian: iazkoaren %30 biltzea aurreikusten dute; bi milioi kilo sagar inguru.

Irungo Etxezabal baserriko sagastian aurkeztu dute 2024ko sagar uzta. GORKA RUBIO / FOKU
Irungo Etxezabal baserriko sagastian aurkeztu dute 2024ko sagar uzta. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Irun
2024ko irailaren 19a
17:00
Entzun

Ez da apeta, eta gehitxo da ziurrenik keria dela esatea ere, baina horixe izaten du sagarrondoaren naturak: urte biz behin ematen duela uzta oparoena. Ezurte deitzen diote oparo ematea tokatzen ez zaion urte horri, eta halakoxea da 2024koa. Hasi dira sagarra biltzen sagasti gehienetan, eta datozen egunetan hasiko dira oraindik hasi ez direnetan. Ez zuten kontrakorik espero, zikloa errepikatu egiten baita, eta halaxe jakinarazi dute: «Iazko urtearekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat. Uzta txikiagoa espero da, ezurtea tokatzen delako, neguan ez duelako hotz handirik egin, eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat hondatu duelako». Iazkoaren %30 biltzea aurreikusten dute. Alegia, bi milioi kilo sagar inguru.

Irungo Etxezabal baserriko sagastian (Gipuzkoa) egin dute uztaren aurkezpena, non bestela. Baina han ez da aipatutako eskasiaren arrastorik: hori da hori sagarrondoen ederra. Jatorri izeneko uztaren nondik norakoak azaldu, eta sagarraren bueltan egindako azken azterketak, proiektuak eta apustuak xehatu dituzte baserriko ugazabak okasiorako prestatutako belazeen berdean. Izan da katiuskak jarrita agertu denik, baina ez dute inor jarri lanean. Kizkiak eta saskiak apaingarritarako gelditu dira. Zaldiak ari dira aldameneko belardian larrean, eta haien zintzarri hotsa izan da aurkezpeneko soinu banda. 

Han izan dira, besteak beste, Iker Iglesias Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitateko eta Industriako zuzendari berria, Mikel Azpiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Oreka Saileko teknikaria, Lander Sagaseta Nafarroako sagar ekoizlea, Ainhoa Larrea Euskal Sagardoa jatorri izeneko eta Fruiteleko kidea, Aitor Etxeandia Fruiteleko teknikaria, Oihana Gainzerain  Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehendakaria, eta Unai Agirre koordinatzailea.

Irungo Etxezabal baserriko sagarrondoetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Irungo Etxezabal baserriko sagarrondoetako bat. GORKA RUBIO / FOKU

Agirrek azaldu du ez dutela alferrik Irun aukeratu aurkezpenerako. Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan sartuko dira laster, eta elkargune horri egindako keinua izan da «mugako herri» hori aukeratu izana.

Euria, mesedegarri

Ainhoa Larrea sagar ekoizle eta Fruitel elkarteko kideak azaldu du 2024ko sagar uzta nolakoa datorren: «Ezurtea denez, iazkoaren %30-40 biltzea espero dugu. Neguan hotz handirik egin ez izanak eta udako bero kolpe horrek ez du askorik lagundu, baina duela gutxi egindako euriak bai. Balio izan du sagarrak gorputza hartzeko eta gizentzeko. Baina aurtengo uzta atzeratuta dator besteekin konparatuta». Agirrek eman ditu zehaztasun gehiago. Nabarmendu duenez, iazko uzta horren handia izaki, pentsa zitekeen aurtengoa txikia izango zela, eta hala gertatuko da. Esan du uztak orekatzeko proiektuek emaitzak emanagatik ere zaila izango dela oreka hori Euskal Herri guztira zabaltzea, eta, aurten bezala, beste zenbait faktorek laguntzen ez badute, uzten arteko aldea handia izango dela. Sagardoaren graduaziori buruz, berriz, zera: «Uzta txikiak izaten direnean, azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udako euria dela medio, iazkoaren antzeko alkohol graduazioa izango dute. Iruditzen zaigu sei bat gradura iritsiko dela».

Lurraldez lurralde hartuta, Agirreren azalpena: «Gipuzkoan, sagar gehiago dago Goierrin Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin zuelako. Bizkaian ere antzeko zerbait gertatzen da. Araban badaude sagasti batzuk iaz eman ez zutenak, eta, orain, horiek badute sagarra. Nafarroan ere, antzera. Ipar Euskal Herrikoei —gaur ezin izan dute hemen izan, azkenean— uste baino sagar gehixeago azaldu zaie, eta, iazkoarekin alderatuta, %60 inguru biltzea espero dute». Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak nabarmendu du joan den asteetan egindako euriak mesede handia egingo diola sagarrari: «Sagarra saneatu egin du. Ikusten duzue zer-nolako aleak dauden hemen. Lehen alea txikia zen, eta hazten ari da. Dagoen sagar hori oso sano dago».

2024ko sagar uztako aurreneko muztioa. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko sagar uztako aurreneko muztioa. GORKA RUBIO / FOKU

Koska handi samarra dago: 2023an sei milioi kilo sagar bildu zituzten, eta 2024an bi milioi biltzea espero dute. Kuriosoa da ohartzea sagardogileek «ezurtea» eta «urte biz behingoa» aipatzen dituztela, baina teknikariek «uzten alternantzia». Eta horri konponbidea eman nahian lanean segitzen dutela nabarmendu du Aitor Etxandia Fruitel elkarteko teknikariak: «Helburua da alternantzia hori desagerraraztea». Nola? Egindako azterketa eta entseguen berri eman du Etxandiak. Loreen mamitzea hobetu nahian dabiltza ekoizpen txikia duten sagastietan, eta loreen bakanketa jorratzen ari dira. Ez dira denak emaitza onak izan, baina bada indarra hartzen ari den aukera bat: txertakak erabiltzea. «Geneva txertakak erabiltzen ari gara. Txertakak oso garrantzitsuak dira sagarrondoen kalitateari dagokionez. Eragina dute arbolaren tamainan, fruituen kalibrean, ekoizpenean... Eta txertaka familia berri bat agertu da: Geneva txertakak. Ekoizpen potentziala igo egiten dute, sagarrondoak azkarrago hasten dira fruitua ematen, erresistenteak zaizkie gaixotasun eta izurrite batzuei, eta saguek eta satitsuek ez dituzte maite».

Hori guztia aintzat hartuta, Etxandiak aurreratu du sagasti bat sortuko dutela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Otalarrea lursailean, Villabona-Amasan. Hamalau sagar barietate izango dira, eta sei Geneva txertaka. Aztertuko dute txertaka horiek nola uztartzen diren bertako sagar barietateekin eta nola eragiten duten ekoizpenean. Betiere, ezurteen ziklo hori goxatu nahian.

Eta behin goxatzen hasita, aurkezpenak ere gozoa izan du amaiera. Urteko lehen sagar muztioa dastatu dute bertaratu direnek, eta uzta ez horren oparoaren alde topa egin.

DATUak

250

Sagar ekoizleak. Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan, 250 sagar ekoizle daude gaur egun, eta 500 hektarea inguru sagasti kudeatzen dituzte. Beste 155 hektarea ekoizpenean sartuko dira laster.

106

Sagar motak. Euskal Sagardoa jatorri izenak 106 sagar mota dauzka onartuta, baina horietatik 24 dira sagardogile bakoitzak bere nahasketa egiteko erabiltzen dituenak. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria jatorri izenean sartzean, 250ekoa izango da sagarren zerrenda.

2

Sagar kiloak, milioitan. Horixe biltzea espero dute. Aurreikuspena baino ez da, baina iaz bildutakoaren aldean nabarmen txikiagoa. 2023an, Euskal Sagardoa jatorri izeneko sei milioi kilo sagar bildu zituzten. 2022an, berriz, bi milioi kilo, ezurtea izan baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.