Nicolo Buganek eta Chiara Cagliok metrotik atera eta aurrez aurre egin dute topo festarekin. Milandik eta Bolognatik etorri dira, eta egun bakarra emango dute Bilbon. Apenas daramatzaten minutu batzuk Bilboko txosnen eremuan, baina nahikoak, halere, konpartsen aurtengo dekorazioan argi nabarmentzen diren gaietako bat identifikatu ahal izateko. «Hemen, Italian baino askoz ere sendoagoa da palestinarren kausaren aldeko jarrera; seguruenik Euskal Herriak izan duen historiaren ondorioz, zapalkuntzekiko arreta handiagoa dutelako euskal herritarrek». Izan ere, txosnen eremu osoa blaitu dute aurten Palestinaren aldeko banderek, mezuek eta keinuek. Baina, horrekin batera, beste gai batzuk ere lantzeko baliatu dute aukera konpartsek. Aste Nagusian txosnen hormek eztenak izan ohi dituztelako. Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoari, polizia ereduari zein euskarafobiari egindako kritikak ere ikus daitezke tartean, eraso matxisten aurkako mezuekin batera.
Hontzak konpartsarena izaten da urtero arreta handien bildu ohi duten txosnetako bat. Sei bider irabazi du dekoraziorik onenaren Kanpaia saria. Zorrotza izan ohi da haien ziria. 2017an, esaterako, harategi bat irudikatu zuten, erdian Kristo gurutziltzatuaren irudiarekin, eta kakoetatik zintzilik jarri zuten haragia. «Vatikanoko harategia» izendatu zuten postua ordukoan. Bilboko gotzaingoak salaketa jarri, ordea, eta Bilboko 3. Instrukzio Epaitegiak aginduta, Ertzaintza joan zen apaingarriak kentzera. Kristoren figura eraman zuten poliziek, bai eta harategiari izena jartzen zion afixa ere. Haiek gabe ere, aurrera egin zuten konpartsakoek, txosnan zentsura jasan zutela adierazten zuen ohar bat gehituta. Eta aurten ere izan dute tentsio unerik.
«Hemen, Italian baino askoz ere sendoagoa da palestinarren kausaren aldeko jarrera; seguruenik Euskal Herriak izan duen historiaren ondorioz, zapalkuntzekiko arreta handiagoa dutelako euskal herritarrek»
NICOLO BUGANE ETA CHIARA CAGLIOTuristak
Bilboko Udalari jaurti dizkiote aurtengoan geziak, eta beldurrezko literaturaren klasiko batera jo dute horretarako: Mary Shelley idazlearen Frankenstein eleberrira, hain zuzen ere. Noski, Aste Nagusirako, egokituta. «Aburtonstein doktorearen laborategia» bilakatu dute txosna. Kasu honetan, gainera, Bilboko udaltzainen uniformea darama doktoreak sortutako munstroak. Tutu batzuen bidez hura elikatzen bidoiak ere gehitu dituzte konpartsako kideek. Hamabi zehazki, izaki hori sortzeko doktoreak baliatutako elementuekin. «Biolentzia». «Harrokeria». «Arrazakeria». «Bortizkeria». «Matxismoa». «Matonismoa». «Faxismoa». «Abusua». «Txuleria». Eta, azkenik, «ergelkeria».
Argiñanoren saltsa
Arantza Burgoa Hontzak konpartsako kideak azaldu duenez, asanblean erabaki ohi dute zer gai landu dekorazioan. «Kritika bat izaten da normalean», onartu du lehenik, baina berehala gehitu duenez, «umorez jokatzea» izaten da haien asmoa. Eta, dioenez, aurten, erraz erabaki zuten gaia. «Orain dela egun gutxi batzuk hementxe bertan gertatu zena gogoratzea besterik ez dago. Han etorri ziren bederatzi udaltzain mantero bati kontra egitera. Azken boladan, ez dakit zergatik, baina ez dute batere jarrera onik. Oso harro jokatzen ari dira».
Bainet Taldea, depositaria de los derechos de imagen de Karlos Arguiñano, amenaza a Hontzak con acciones legales por utilizar la imagen de su representado sin permiso.
— Hontzak Konpartsa (@Hontzak) August 19, 2024
"Vamos a parar un poquito, Arguiñano..."#AsteNagusia#Hontzak#Arguiñanopic.twitter.com/DEAeh3Cf5p
Karlos Argiñano sukaldariaren irudi batekin izan dituzte aurtengoan arazoak. Hontzak konpartsakoek euren dekorazioaren parte bilakatu dute sukaldari ezagunak bere telebista programan Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroari bidalitako mezua. Argiñanok «pixka bat gelditzeko» gomendio egin baitzion, Netanyahuri. Utz zezala egiten ari zena, eta aritu zedila sukaldean tarte batez. Bada, konpartsak jakinarazi duenez, telebista programaren jabe Bainet etxeak sukaldariaren irudia ezabatzeko eskatu die, baldin eta salaketarik jartzerik nahi ez badute. Eta hor izan da saltsa. Hontzak-ekoek irudia pixka bat estali, eta aurrera egitea erabaki dute, ordea.
Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoa jarri du jomugan Otxarkoaga auzoko Pa... Ya konpartsak. Eta bi planotan banatu dute irudia horretarako. Itxura bikingoko itsasontzi bat irudikatu dute ezkerraldean, Marijaia ezpatadun bat buru dutela, eta «Guggenheim Urdaibai stop» dioen leloarekin. Eskuinaldean, berriz, proiektuaren alde azaldu diren politikariak irudikatu dituzte. Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, esaterako, lantxa baten itxura hartzen duen Bilboko Guggenheim museoaren eraikina gidatzen ikus daitezke. Juan Mari Aburto Bilboko alkateari, aldiz, Louise Bourgeois eskultorearen armiarma ezagunaren gorputza jarri diote, eta Andoni Ortuzar EAJ alderdiko burua Jeff Koons artistaren Puppy amorratu baten itxura eman diote.
2026ko Palestina
Palestina da Mekauen konpartsaren dekorazioko gai bakarra. Alderik alde, gai horrek hartzen du tabernaren atzealde osoa. «Palestina askatu. Israeli boikot». Albo batean, berriz, herrialdeak jasan duen okupazioaren ondorioak erakusten dituen mapa bat margotu dute. Palestina historiko osoa gorriz ageri da lehen mapan, eta murriztuz eta murriztuz doa esparru hori hurrengo mapetan, 1947koan, 1967koan, eta 2020an, harik eta, azkenean, Palestina osoa berriz ere gorriz pintatuta ageri den arte, hori gertatuko den urtearen erreferentziarekin: 2026. Leloa ere badu: «Ibaitik itsasora, Palestina askatu».
«Ezinbestekoa zen aurten Palestinaz hitz egitea», azaldu du Adrian Vazquez Mekaueneko konpartsakideak. «Hau ez da gerra bat izaten ari, batzuek hala dela saldu nahi diguten arren; hau genozidio bat izaten ari da. Israelek urteak daramatza lurralde hori okupatzen, gainerako estatuek eta Mendebalde osoak ez ikusiarena egin du bitartean, eta guk Palestinak bere lurrak berreskura ditzan nahi genuke, errefuxiatu guztiak itzul daitezen, eta, behingoz, Palestina libre batean bizi ahal izan daitezen».
«Ezinbestekoa zen aurten Palestinaz hitz egitea. Hau ez da gerra bat izaten ari, batzuek hala dela saldu nahi diguten arren; hau genozidio bat izaten ari da»
ADRIAN VAZQUEZMekauen konpartsako kidea
Lehen urtea izan du aurtengoa Txinparta konpartsa feministak, eta diseinu deigarriz jantzi dute txosna. Atzealde arrosa batekin kontraste eginez, kolore horiz eta tipografia zainduz apaindu dituzte hormak. Collage teknikarekin ukabilak, begiak eta oihuka diruditen ahoak ere itsatsi dituzte. Mezu argi bat ere bai, idatziz: «Gora borroka feminista».
Marxistak eta tronpatuak
Klasikoak ere badira. Txomin Barullo konpartsak, esaterako, marxista izanik, urtero egiten dio keinuren bat Marx anaien filmografiari. Marx anaien kamarotea hautatu dute aurten. Lau minutuko piezan, pixkanaka jendez betetzen hasten da Groucho, Chico eta Harpo anaien gelaxka. Gela atontzera datozen bi emakume heltzen dira lehenik, iturgina ondoren, berogailu konpontzailea, iturginaren laguntzailea, manikuragilea, izeba Mikaelaren bila dabilen emakume bat, eta justu janariz betetako erretiluekin iristen diren zerbitzarien aurretik iristen da garbitzaile bat ere. «Erratza pasatzera nator», azaltzen du. «Justu behar genuena!», dio Grouchok. «Sabaitik hasi beharko duzu, halere; hori da oraindik libre dagoen gune bakarra». Eta eszena horixe bera hartu dute Txomin Barullokoek euren marrazkirako inspirazio iturritzat, noski, Marijaiari ere txoko bat gordez.
Elefantea da Hor Dago Abante konpartsaren ikur nagusia. Ume talde bat dabil haren tronpak jaurtitzen duen urarekin jolasean. Kolore berde bizia da txosnaren beste ezaugarrietako bat.
1992an jarri zen konpartsa abian, eta euskal hedabideak laguntzeko sortu zen. Tartean, baita BERRIA ere. Nolabait ere, gaurkotasunarekin lotuta ere badago haien dekorazioa, horregatik. Euskararen aldeko eta sexu erasoen aurkako leloekin batera, Polonian preso izan duten Pablo Gonzalez kazetariaren irudia ere ikus daiteke hormetan. Iaz margotu zuten lehenengoz, haren askatasuna eskatzen zuen leloarekin. Duela aste batzuk atera zen espetxetik, ordea, eta moldatu egin dute mezua aurten. «Pablo Gonzalez askatu» zioen lekuan zirrimarra bat egin, eta hala berritu dute irudia: «Pablo Gonzalez aske!».
Algara konpartsak ere euskarafobia jarri du dekorazioaren jopuntuan. Itsasontzi bat irudikatu dute horman, piraña sorta gogaikarri batek bertako urak zeharkatzen. Hortzak zorrotz. Kexu. «Ña, ña, ña», dio batak. «Imposición», beste batek. «Ñe, ñe, ñe», haragokoak. «Egalité», beste batek. Eta euskararen aldeko leloak, gero, han-hemenka. «Zeinen ederra den euskaraz ligatzea» dioen bat, tartean.
Hamar urte bete dituela ospatzeko urtebetetze tarta erraldoia sortu du Trikimailu konpartsak. Asterixen figura baliatu dute Kaskagorri konpartsakoek. Lorategi hauskor bat marraztu du Bizizaleak konpartsa ekologistak. Abereak jaten jarraitu beharrean, aberatsak jaten hasteko deia egin du Piztiak konpartsa antiespezistak. Gerraren aurkako mezuak ikus daitezke Sin Kuartel konpartsa antimilitaristan. Okupazioaren aldeko mezua zabaldu du Kranbak —«Etxe turistiko bat daukazu? Okupatu egingo dizugu!»—. Pablo Picassoren Gernika-ren irudiak irudikatu ditu Zaratasek. Hiru txerritxoen ipuina moldatu du Aixebarri konpartsak jai herrikoien aldeko mezua zabaltzeko. Afrikaren ustiapen bidegabea salatu du Askapeñak. Israelen hilketak eta palestinarren erresistentzia hartu ditu gogoan Kaixo konpartsak.
Eta hala, txosnaz txosna, jaia aldarrikapenerako gune ere izan daitekeela gogorarazi dute Bilboko konpartsek.