Gasteizko jaiak

Eztandaren aurretik dator festa

Zeledonen zain egon gabe, festa giroan murgilduta daude Gasteizen dagoeneko. Arratsaldean hasiko dira festak, eta ezin izango da beirarik edo latarik sartu plazara; aurten, pankartarik ere ez.

Zeledonen jaitsierarekin hasiko dira jaiak. Irudian, iazko une bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zeledonek ez du etxe berririk, are gutxiago balkoirik, eta suziriak ere ez du eztanda egin oraindik, baina festa giroan sartuak dira Gasteizen dagoeneko. Andre Maria Zuriaren omenezko jaiak gaur hasiko dira, baina, asteburua tartean izanik, askorentzat ez dago festaren zain egon beharrik. Jaien atariko ekintza ugari egin dituzte egunotan, itxaronaldia samurtzeko asmoz.

Izan ere, orduak luze egiten dira gaur arratsaldeko seiak arte. Zeledon orduan jaitsiko baita San Migel elizako kanpandorretik Andre Maria Zuriaren plazako balkoira. Aurten ere, beirarik eta latarik gabe zeharkatuko du plaza, udalak debekatu egin baitu halakoak sartzea, hirugarren urtez. Kontrolak izango dira sarbide guztietan, eta plastikozko edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte ordezkatzeko. Xanpain botilak zabaltzeko ohitura zaharkituta geratu da dagoeneko.

Ondorioz, osasun arloko langileak lasaiago hartu ahal izango dute suziriaren unea, eta haien lankideen momentuari arretaz erreparatzeko tarte gehiago izango dute. Izan ere, Imanol Vega traumatologoak, Adela Fonseca erizainak eta Francisco Granados ortopedistak botako dute etxafuegoa aurten. Boluntarioak dira hirurak, eta urtero Boliviara eta Beningo Errepublikara bidaiatzen dute, osasun arazo larriak dituztenei arreta emateko. Haien lan «desinteresatua» goraipatu eta ezagutarazi nahi izan du udalak. Ez dira Gasteizen jaiotakoak, baina urteak dira hiria lantoki eta bizitoki dutela.

Aurten gauzak aldrebes samar tokatu dira, itxuraz. Izan ere, sua medikuen eskuetan egongo da, eta hitzak, berriz, irudigile baten ahoan: Kepa Sojo zinemagilea arduratu da pregoia irakurtzeaz. Ostiralean egin zuen irakurketa, Plaza Berriko ekitaldian.

Ostiraletik martxan

Ohi baino luzeagoak izango dira jaiak zenbait tokitan aurten. Izan ere, asteburua iritsi aurretik martxan dira jai gune asko. Ostiralaz geroztik irekita daude, esaterako, unibertsitate eremuko txosnak eta Geu euskara elkartearen Aihotz plazako txokoa. Ohiko egitarautik at festaz gozatzeko gune nagusiak izango dira biak aurten ere.

Txosnei dagokienez, hainbat berrikuntza izango dira aurten: batetik, «Gasteizko herri mugimenduen jokoa» antolatu du batzordeak, eta, bestetik, bestelako funtzionaltasuna dutenentzako gune egokituak egongo dira agertoki nagusiaren aurrean. Antolatzaile aldaketa ere izango da aurten: azken urteetako lantaldeak erreleboa ematea erabaki baitu. Ondorioz, batzordeko kideek jasoko dute txosnisaria.

Aihotz plazari dagokionez, euskararen arnasgune izango da aurten ere. Berrehun boluntario inguru arituko dira lanean, eta hiru egunez luzatuko dute festa bertan ere. Jatekoa eta edatekoaz gain, bertso saioak, dantza saioak eta kontzertuak izango dira egunero, festa eta euskara lotzeko asmoz.

Erasoen aurkako planak

Gasteizko jaietan gerta litezkeen eraso matxisten aurkako protokolo bana jarri dute martxan mugimendu feministak eta Gasteizko Udalak. Aurten ere bi telefono zenbaki izango dira eskura edozein eraso salatzeko. Mugimendu feministarena hau da: 688 74 44 11. Gasteizko Udalarena, berriz, 945-13 44 44. Bi telefonoak 24 orduz egongo dira erabilgarri.

Gasteizko mugimendu feministak kasuz kasu aztertuko du salatutako eraso bakoitza, eta horren arabera deituko du protestetara hurrengo egunetan. Protokoloa martxan egongo da, halaber, txosnetan, Aihotz plazan eta alde zaharreko eta erdiguneko hainbat tabernatan. Kontzientziazioa eta autodefentsa feminista sustatuko ditu mugimenduak.

Gasteizko Udalari dagokionez, telefonoaz gainera, sentsibilizazio kanpaina bat ere egingo du. Gune finkoak jarriko dituzte Independentzia eta Posta kaleetan, eta informazioa hedatzeko prebentzio talde ibiltari bat ere arituko da kalerik kale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.