Gaur gauean emanen diote hasiera bestei Baionan. Hiriak besta kolorea hartua du jada azken egun hauetan, ordea. Ostatuek goraino bete dituzte hozkailuak, agertokiak zutik daude jada hiriko hainbat tokitan, haurrentzako jolas parkeak zabalik, eta segurtasun neurriak hartuta.
Jean Rene Etxegarai auzapezak bestak aurkezterakoan indar berezia eman zion segurtasunari, eta badirudi hitza betetzeko asmoa duela. Izan ere, nonahi ikus daitezke segurtasunari lotutako afixak. Ibaira ez salto egiteko, belardiak errespetatzeko, eta garraio publikoa erabiltzeko irakur daiteke, bertzeak bertze. Lorategi asko eta asko hesiz inguratuta daude, eta zubietako barandak indartuta.
Bestak eztanda egin dezan, herriko etxetik gakoak botatzea baizik ez da falta. Alta, jadanik hasiak dira bestei lotutako ekintzak. Joan diren egunetan, konparazio baterako, komertzioek Braderia izeneko azoka antolatu dute San Izpiritu auzoan, eta Baiona erdian. Atzo, hala nola jende andana ikus zitekeen Baionako karriketan, denda eta postu ibiltarietan arropa edo bertzelako gauzei begira. Bestalde, gaurko gaua baino lehen izanen da zerekin gozatu. Egunerako hainbat lehiaketa antolatu dituzte, hala nola saskibaloi, piragua, oinezko, pilota eta piper-tortilla txapelketak.
Besten hasiera ekitaldia 20:00etan izanen da, eta bi orduz abesbatza, txistulari zein bertze musikariek alaituko dute Askatasunaren plaza. 22:00etan iritsiko da une nagusia. Leon erregearen agerraldiaren ondotik, gakoak balkoitik behera bota eta hasiera bertsoa botako du bertsolariak. Aurten gakoak Baionako Errugbi Taldeko neskek botako dituzte, eta bertsoa Aitor Servier azkaindar gazteak kantatuko du. Hasiera ekitaldiaren ondotik, musikak eta bestak hartuko dute hiria.
Baionako zenbait herritarrek hasiera denboran ikurrinak eta presoen aldeko banderolak ateratzera deitu dute, Ekimen Herritara deiturikoan. Euskal presoen etxeratzea eta euskal nortasunaren aldarria dute helburu. 19:00etan jarri dute hitzordua Pyrenees ostatuan, 19:30ean herriko etxera abiatzeko gisan.
Berrikuntzak egitarauan
Aurten zenbait berrikuntzarekin datoz Baionako bestak. Besta Batzordeko lehendakari Henry Lauquek besten aurkezpenean azaldu zuenez, eguneko egitarauari garrantzi handiagoa emanen diote. Horretarako, Festiv'cuivres txarangak Baionako karrikak alaituko ditu eguerditan. Bestalde, Tremplin Baiona Live 2014 izeneko egitasmoa jarri dute abian aurten. Eskualdeko talde hasiberriek izan dute lehiaketara aurkezteko aukera, eta irabazleek ostegunetik larunbatera joko dute, 20:30ean hasita, Askatasunaren plazan. Talde irabazleak Magnums, Dougz eta Alchim-X dira.
Karrikaldian, dantza eta kantua izanen dira nagusi; bertsorik ez, ordea, aurten. 16:30etik 19:00etara dantza eta kantu emanaldiak eginen dituzte, eta 19:00etatik 23:00ak arte, berriz, jendeak parte hartu ahal izanen du Dantzazazpi, Baionan Kantuz eta Karrikadantzan. Bertzeak bertze, Aire Ahizpak, Santutxuko Gaztedi dantza taldea eta Zortzi Bururekin gozatzen ahalko da.
Txosna gunea berriz
Egitarau ofizialean ez ezik, herri mugimenduak antolatutakoan izanen da zer erranik aurtengo bestetan. Alde batetik, gazteek txosna gunea jarriko dute Patxa plazan, azken urteetan ez bezala. Ostiraletik igandera egonen dira zabalik bi txosna handiak, eta horren inguruan egitarau bat antolatu dute. Ostiralean, pintxo lehiaketa eginen dute, Patxaranga elektrotxarangak lagunduta. Larunbatean, berriz, urteroko gazte eguna; eta igandean, preso eta iheslarien aldeko bazkaria.
Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen aldeko Les Bascos elkarteak Txapalaparta ostatua zabalpenerako baliatuko du bestetan. Ekainetik dago irekia Jacques Lafitte karrikako taberna, baina Baionako bestetan indar berezia eman nahi diote. PAF talde feministak, bere aldetik, eraso sexisten aurkako kanpaina zabalduko du hirian zehar. Genero indarkeriarekin lotutako hamar lelotik gora ezarriko dituzte banderoletan.
Herri laborantzak ere izanen du lekua bestetan. Iazko arrakasta ikusirik, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak bigarren urtez jarraian laborarien xokoa ezarriko du Xaho kaian, mota guzietako kalitatezko eta tokiko janaria eskaintzeko. Haurren eguneko bazkaria, bestalde, Idoki ekoizleen elkarteak banatuko du.
Urtero bezala, ikastolek ere izanen dute beren tokia. Jacques Portes plazan, ostatua eta taloak eskainiko ditu Baionako ikastolak, eta Hotel des Basques eraikinean txipiroiak eta bestelakoak salduko dituzte Miarritze eta Angelukoek.
Peñekin zer gertatuko den ikuskizun dago. Bestak aitzin, ostatuak eta udal talde berria kexatu egin dira hainbat peñaren erabileragatik, eta Cacao Club peñak ez du irekitzeko aukerarik izanen azkenean.
Eztandarako prest
Gaueko hamarretan botako dituzte Baionako bestei hasiera emanen dioten gakoak.Ostatu, karrika eta egitarauak prest dira jada bestazaleak hartzeko.Egunez kirol eta tortilla txapelketak eginen dituzte, bestaren atari gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu