Eztabaidatzearen zirrara

Agora elkarteak kafe filosofikoak antolatzen ditu Euskal Herriko hainbat udalerritan. Filosofia ikasgeletatik ateratzeko ahalegin bat da, eta komunitatea sortzeko modu bat.

Bilboko Biran joan den martxoan antolatu zuten kafe filosofikoa. Markos Zapiain gonbidatu zuten. AGORA FILOSOFIA ELKARTEA ETA BIRA KULTUR GUNEA.
amaia igartua aristondo
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Lagunen arteko solasaldi batekin hasi zen, eta urteekin ugaritu eta hedatu egin da formatua. 1922an, Marc Sautet filosofia irakasleak Parisko Bastilla plazako kafetegi batean elkartzera deitu zituen adiskideak, egunkarietako albisteak komentatzeko eta eztabaidatzeko. Eta berehala utzi zion kuadrilla baten kontua izateari, hamabost egun geroago kafetegia lepo bete baitzuten albistegiez mintzatu nahi zutenek.

Parisen izan zen ernamuina, baina fenomenoa mundu mailakoa da gaur-gaurkoz, eta toki batzuetan soka luzeko tradizioa dauka dagoeneko, hala nola Buenos Airesen, Vienan eta Txileko Santiagon —Buho Rojo tabernan biltzen dira txiletarrak, hain zuzen—. Eta, geroago bada ere, Euskal Herrira heldu dira solasaldiak, Agora filosofia elkartearen eskutik. 2018. eta 2019. urteetan, Gasteizen hasi ziren antolatzen kafe filosofikoak; ondoren, Bilbon, Hika Ateneoan egin zituzten estreinakoz, eta Bira kulturgunean biltzen dira hilabetero orain, bigarren urtez jada; Tolosaldeko (Gipuzkoa) hainbat herritan ere izan dira, eta atzo bertan egin zuten aurrenekoz Iruñeko Laban; umorearen mugez aritu ziren.

Galdera batetik abiatzen dira Agoraren solasaldiak, eta gonbidatuak 20 minutuko sarrera bat egiten du, gaiari buruzko nahi dituen ertzak nabarmenduz. Ondoren, elkarrizketa hasten da, ordubetekoa, gutxi gorabehera: parte hartzaileek gonbidatuaren hitzei jarraitzen diete, edo, kontrara, bide berriak zabaltzen dituzte, edo aldamenekoak emandako azalpenak baliatzen dituzte beste ikuspuntu bat txertatzeko, dinamika ez baita bakarrizketa sorta bat. «Elkarrizketak beti du bere arriskua: ez dakigu nora eramango gaituen, ez nora helduko garen», azaldu du Iñigo Martinez Peñak, Agora elkarteko kideak.

Martinez Peña arduratzen da Bilboko solasaldiak antolatzeaz, Jone Ojearekin batera, eta sumatu du gero eta jende gehiago joaten dela Birara, eta askok errepikatu egiten dutela. Harrigarria iruditzen zaio, hein batean. «Elkartzeak balio handia du, batez ere gizarte batean non komunikazio digitalaren menpe bizi garen gero eta gehiago. Gorputzak eta ahotsak elkartzeak beste zirrara bat dauka. Eta beste desira mota batzuk pizten ditu». Kontu politikoa da, batik bat. «Elkarri entzuteak eta gai baten inguruan batzeak badauka ikuspegi komunitarioa eta asanblearioa».

Izan ere, filosofia ez da alde bakarreko diziplina, eta bitasun hori jorratzen dute elkartean, hain justu: hau da, badago, batetik, Filosofia irakasgaia; baina, bestetik, elkarrizketa filosofikoa ikasgelatik kanpo elikatzen da orobat, Agorako kidearen arabera. Marina Garces filosofoaren hitzak aitatu ditu: hark bereizi egiten ditu Platonen akademia eta Diogenesen kupela, edo Sokratesek kalean filosofatzeko zuen joera. «Filosofia beti da mugalaria, beti ari da zubiak eraikitzen jakintza gaien eta espazioen artean», Martinez Peñaren irudiko.

Edozertaz berba egiteko

Askotarikoak izaten dira kafe filosofikoak, Martinez Peñaren esanetan: aniztasuna dago parte hartzailearen profilari dagokionez, adin guztietakoak hurbiltzen baitira, eta aurretik duten ezagutza filosofikoa ere ez delako uniformea, era berean. «Edozenek har dezake parte. Batzuetan, bereziki akademikoa ez den gazteren batek ekarpen freskoagoa egiten du». Eta askotarikoak dira, halaber, jorratzen dituzten gaiak. Biran egindako azkenean, indarkeriaren gaiari heldu zioten, esaterako, eta erpin askotako solasaldia izan zen, Martinez Peñak nabarmendu duenez. «Osasuna zenbat da fisikoa eta zenbat soziala?» itauna bota zuten aurreko saioetako batean, eta abokatu bat gonbidatu zuten behin, justiziaz, zigorraz eta espetxeez mintzatzeko.

Beste solasaldi batzuetan, liburu bat izan dute akuilu. Kasurako, Tere Maldonadok Hablemos claro saiakera aurkeztu zuen kafe filosofikoetako batean, eta, hori aitzakia gisa, feminismoaren hiztegia izan zuten hizpide. Bide beretik, Olatz Mitxelena Larreta gonbidatu zuten saioetako beste batean. Marina Garcesen Filosofia amaitu gabea (Jakin, 2022) euskaratu du Mitxelena Larretak, hain zuzen. «Batzuetan pentsamendua toki hegemonikoetatik ateratzen dela hausnartu genuen: akademiatik, hizkuntza hegemonikoetatik...». Pentsamenduaren alde subertsiboa zein den eta nola arakatu daitekeen eztabaidatu zuten, Agorako kidearen hitzetan.

Beste solasaldi batzuetan, berriz, oinarria Filosofiako Olinpiar Jokoak izaten dira. Iaz, transhumanismoa jorratu zuten, eta Agorakoek gai horri eskaini zioten kafeetako bat. Aurten, migrazioari erreparatu diote Olinpiar Jokoetan, eta hari horri tiraka erabaki dute Birako hurrengo saioaren ardatza. Gehienetan bezala, galdera bat planteatu dute elkartekoek: «Zer ote da kanpotarra izatea?». Joseba Sarrionandia idazleak egingo du sarrera oraingoan, eta eztabaida zabalduko dute ondoren. Asteazkenean izango da, Biran, 19:00etan. Beste bi hitzordu antolatuko dituzte datorren asterako: etzi, eromena ekarriko dute hizpidera Gasteizko The Tap tabernan, eta animaliak kontsumitzeaz eztabaidatuko dute Alegiako gaztetxean (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.