Komunikazioa

Ezkutuko lana, uhinetara

Emakumeen itzalpeko lana azaleratzea da 'Amapola morea' irratsaioaren helburua. Bi ostegunetik behin, emakume bati elkarrizketa «luze eta sakona» egiten diete, haren ibilbidea ezagutarazteko.

Oiartzun irratiko Mirari Martiarena eta Antxeta irratiko Aitziber Zapirain, Oiartzunen. ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Oiartzun
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Emakumeen lana itzalpetik ateratzea, eta dagokion tartea eskaintzea.Aspalditik buruan zerabilten ideia hori Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek eta Oiartzun irratiko Mirari Martiarenak, eta iragan irailaren 19an gauzatu zuten asmoa irratsaio baten bidez: Amapola morea. Bi ostegunetik behin, emakume bati ordubeteko elkarrizketa «sakon eta zabala» egiten diote, hark urte askotan egindako lana azaleratzeko xedez. Miren Gaztañaga aktorearen ibilbidea jarraitu ahal izango da gaur bi irratietan, 20:00etatik aurrera. Irratien webguneetan ere entzun daitezke saioak.

«Biok irratia dugu gustuko, eta horrelako espazio bat falta zela sumatu genuen», azaldu du Zapirainek. Hedabideek «gizonezko mundu bat» irudikatzen dutelakoan dago Martiarena. «Kiroletan, bertsolaritzan... Zenbat emakume daude alor horietan? Halere, gizonezkoen esparru gisa ikustarazten digute». Emakumeen lana aurkezle lanetara mugatzen dute askotan telebistan. «Beti neska panpoxa bat dago pantaila aurrean», dio Zapirainek.

Kazetariek aditu baten bila jotzen dutenean ere, gehientsuenak gizonezkoak dira. «Emakume erreferenteak ere badaude, eta horiei ahotsa ematea da gure asmoa».

Saioaren lehen atalean gonbidatuaren ibilbideari errepaso azkar bat ematen diote, elkarrizketarekin ekin aurretik. Bi kazetariek «oso gustuko dute» elkarrizketa generoa, baina eguneroko lanean ezin dute nahi adina patxadarekin jorratu. «Egunerokotasunarekin lotuak dira, azkarrak», diote. Bi astean behin dute eguneroko lanaren zurrunbilotik at beste elkarrizketa motak garatzeko aukera, «sakon, luze,etalasai».

Gaztañagaren aurretik Alaia Martin bertsolaria eta Naroa Iturri kazetaria hartu zituzten irratian. «Lagun arteko giroan», gustura ibili dira elkarrizketatuak Zapirain eta Martiarenarekin solasean. «Mikrofono aurrean daudela ahaztu egiten zaie». Hamabost egun barru Goiatz Labandibar idazle eta kazetariari eginiko elkarrizketa emango dute.

Harrera ona izan du irratsaioak eskualdean, eta jendearen jakin-mina piztu du. Info 7 irratiak programazioaren barruan txertatuko du. Saio berritzailea da, izan ere,Amapola morea. «Neskek egina da, baina entzule ororentzako. Horrelako tarte baten hutsunea zegoen. Arrosa sarean Antxeta Irratiak du bakarrik magazin feminista bat, Gonekin ero-bero», dio Zapirainek.

Elkarrizketan arnasaldi bat egiteko, bi abesti proposatzeko eskatzen diete gonbidatuei, eta ondoren, galdetegi morea pasatzen diete. «Bukatzeko, hurrengo gonbidatuari galdera bat uzten dio elkarrizketatuak».

Emakumeen ahotsa

Saioa abiatzeko «izen ezagunak» gonbidatu dituzte irrati estudioetara, entzuleen arreta bereganatu aldera. Bi kazetarien asmoa, ordea, «esateko zerbait duen edozein» elkarrizketatzea da. «Ziurrenik bizi guztian ama zaintzen egon denak ere gauza interesgarri asko izango ditu kontatzeko», dio Martiarenak. Emakumeek eginiko lana azaleratzea baita, finean, Amapola morea-ren jomuga.

Emakume politikari bat nahiko lukete elkarrizketatu. «Laura Mintegi eta Maribi Ugarteburuz gain, oso gutxitan ikusten dira euskal emakume politikariak».

Bada gonbidatuen partetik harrigarria gertatu zaien joera bat. «Denen berehalako baietza». Hitz egiteko gogoz eta prestu agertu dira gonbidatuak. Horrelako saio baten beharra azpimarratu diete, gainera. «Balioa ematen ez zaion lanaren atzetik goaz».

Diotenez, astero egiteko moduko saioa da Amapola morea.Agendaarazoak tarteko, baina, hamabostean behin egin behar dute. «Materiala egon badago. Emakumeak badaude, egon dira, eta beti egongo dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.