ATZEKOZ AURRERA. Karlos Almorza. Aranzadi zientzia elkarteko ikertzailea

«Ezkabakoa euskal 'enigma' txikia da»

Ezkabako espetxean greziera ikasteko idatzitako liburu bat irakurtzen hasi, eta euskara topatu zuen Almorzak. Preso batzuek liburu zifratua idatzi zuten 36ko gerran, euskara ikasteko; «dena arriskatu zuten».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Andoain
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Egiptologoa da Karlos Almorza (Andoain, Gipuzkoa, 1959), baina ezohiko hieroglifikoekin egin du topo berriki. Aranzadi zientzia elkartearekin aztertu du Ezkabako (Nafarroa) espetxean greziera ikasteko egindako metodo bitxia. Tratado de Gramática Griega (Grezierazko Gramatika Tratatua) du izena liburuak, baina «letra grekoz idatzita dauden hitz eta esaldi guztiak irakurrita, euskara entzuten da».

Zer da aurkitu duzuen tratatua?

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omentzeko Korrikak antolatutako ekitaldian erakutsi zuten bideoan, hark aipatzen du nola ikasi zuen euskara. Martuteneko espetxean preso zegoenean egindako praktikak, eta Bilbon ingeniaritza ikasle garaian jasotako eskolak, gauerditik goizeko hirurak arte. Ezkabakoa horrelako kasu bat da: garai hartako errepresioarekin, erabaki zuten hau egitea; dena arriskatu zuten.

Zer egin zuten zehazki?

Hemen dago 200 orriko lan bat. Badakigu nor ziren ziegan zeudenak: Juan Mari Pallin preso plentziarrak idatzi zuen lana, eta Alejandro Mendizabal mutrikuarra zen irakaslea. Beste hiru kide ere tartean ziren: Feliciano Kareaga barakaldarra, Vicente Etxezarraga zeanuriarra eta Josu Landa plentziarra. Fitxa guztiak dauzkagu, eta gustatuko litzaidake ikerketa ondo bukatzea; ez dugu dena asmatuko, baina iristen garen lekuraino dakiguna kontatzea, behintzat. 22 urteko gazte kuadrilla bat, gudariak, «hau egiten dugu gure abertzaletasunagatik», horrelako metodo bat...

Zer lortu duzue orain arte?

Lortu dugu dena irakurtzea. Euskara ikasteko sekula ikusi dudan erarik originalen eta ausartenetako bat da. Kuriositateagatik hasi nintzen ikertzen, espetxean egindako lan bat zela eta. Egiptologoa naizenez, kopto hizkuntza irakurri behar izan dut, letra grekoekin idazten zen Egiptoko antzinako hizkuntza. Liburu hau hartu nuen eta: «Nola bada? Hau euskara da!».

Inork ez zekien ezer?

Agian familiek bazekiten, baina niri inork ez zidan esan. Jende horri omenaldia egiteko atera behar genuen argitara. Irakurtzen hasi, eta poliki-poliki lortu nuen esaldi guztiak irakurtzea. Zati batzuetan, euskara ikasteko itzulpenak ageri dira: «Ni naiz, zu zara, hura da», letra grekoz idatzita, gaztelaniazko itzulpenaren ondoan. Baina konturatu nintzen esaldi batzuek ez zutela gaztelaniazko itzulpenik. Eta horiek dira ziurrenik esaldirik esanguratsuenak.

Zer diote esaldi horiek?

«Guda amaitu arren, hemen gaude gu», «horrek urkatu zituen gure lagunak», «Kepak bere buruaz beste egin du»... Nik uste dut horiek jartzen zituztela ez ahazteko. Ez dira euskara ikasteko esaldi neutroak, egiten ari zirenaz gogoratzea nahi zuten.

Zenbat denbora eman zuten lana idazten?

Hasieran, kontatzen dute gerran daudela, gero gerra bukatu dela eta han jarraitzen dutela. Hiru urte behintzat egingo zituzten barruan. Jakingo bagenu zein gertakizunez ari diren... Agian ihesaldiaz ari dira. Ikaragarria da idatzitakoaren esanahia, kontatzen ditu derrigorrez gogoratu behar ditugun gauzak.

Nolakoa zen Ezkabako espetxea?

Espetxeen espetxea zen, oso gogorra. Ez bakarrik errepresioagatik, bizi baldintzengatik ere bai. Horrelako bat harrapatuz gero, akabo.

Zergatik ez da ezer jakin orain arte?

Lagunekin parrandan haserretzen zarenean, esaten duzu «tira, bihar hitz egingo dugu», batzuetan ez delako une egokia. Ez dudana ulertzen da hortik hasi, eta oraindik lubakiak beteta edukitzea. Gauza bat da denbora irabaztea, eta bestea denaz ahaztea. Nik uste dut une hartan inor ez zela ausartu honi kasu handirik egiten. Ez dira mezu zifratuak bakarrik, espetxean zeuden, guztia da.

Memoria historikoa da?

Batzuetan, badirudi memoria historikoa dela denoi burura etortzen zaiguna: arekak, bala zorroak... Hau memoria historikoan sartzen da bete-betean, baina ulertzen dut beste batzuek beste kriterio batzuk erabiltzea hori neurtzeko.

Aurkikuntzaren zer interpretazio egiten duzu?

Ez dago irakurketa bikoitz bat egiteko aukerarik. Enigma pelikula ikusi baduzu, kontatzen duena Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek nola deszifratzen zuten kodea, hori da: Ezkabakoa euskal enigma txikia da. Orduko errepresioarekin horrelako gauza bat egin zuten. Haien testamentua idazten ari ziren; bestela, ez duzu hartzen horrelako lanik, ez zara sartzen horrelako batean. Gero, ikusi zuten bizi osoko zigorra jaitsi zietela 30 urtera, jendea espetxetik ateratzen hasi zela, 1938. urteko ihesaldia, eta, zorionez, bizirik atera ziren espetxetik. Ezkondu, nork bere bizitza egin, eta «hura ere bururatu zitzaigun,bada!» esango zuten haien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.