Ezintasunen aurka igerian

Richard Oribe, Josune Odriozola eta Ander Romarate egunero entrenatzen dira euren ezintasunei aurre egiteko; Espainiako igeriketa egokituko txapelketa jokatuko dute asteburuan

Medikuak aholkatuta hasi eta gustua hartu zioten igeriketari Josune Odriozolak, Richard Oribek eta Ander Romaratek. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Kirola egitea ariketa fisikoa egite hutsa baino zerbait gehiago da ezindu fisikoentzat. Medikuak gomendatuta, txikitan hasten dira gehienak kirolean, gorputzaren onerako lanean. Batzuek halabeharrez jarraitzen dute, baina beste batzuk zale bihurtzen dira, eta aisialditik baino profesionaltasunetik gehiago duen ariketa bihurtzen dute kirola. Hori da, adibidez, Ander Romarate, Josune Odriozola eta Richard Oribe igerilarien kasua. Espainiako estatu mailako igeriketa egokituko txapelketan parte hartuko dute hirurek asteburu honetan, Donostiako Paco Ioldi igerilekuan.

Odriozola Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta hiruretan gazteena da: 17 urte ditu, eta batxilergoko lehenengo maila ikasten ari da. Eskolara joan aurretik, baina, herriko kiroldegian entrenatzen da: «Goizeko seietan joaten naiz egunero entrenatzera, ordu eta erdiz, eta gero zuzenean eskolara joaten naiz. Horrela, arratsaldeetan badut denbora lanak egin edo ikasteko». Asteburuko txapelketari begira, urduri dago Odriozola. Hiru probetan parte hartuko du, eta oraingoz, denbora markak txikitzea du helburu: «Prestatuta ikusten dut neure burua, baina beldur pixka bat izaten da beti». Gustura ibiltzen da Odriozola igeri: «Kirol moduan serio hartzen dudan arren, hobby-a ere bada niretzat. Lagunak egiten dituzu, hainbat leku ezagutzeko aukera ematen dizu...». Donostiako Konporta kirol elkartean dabil, baina Oñatiko Aloñamendi kirol elkarteko igeriketa taldearekin entrenatzen da maiz; nahiz eta talde hori ez den, berez, ezindu fisikoek osatutako taldea. Bederatzi urterekin hasi zen lehiaketetan parte hartzen, eta gaur egun, biekin joaten da txapelketetara.

Eibarkoa (Gipuzkoa) da Romarate, eta gaztea izan arren —19 urte beteko ditu ekainean—, bi diploma olinpiko ditu etxean. Londresko Paralinpiar Jokoetan irabazi zituen iaz, bizkar estiloko 100 metrokoan eta 4x100 metro estiloetan. Hilabete batzuk pasatu dira ordutik, eta «ia ahaztuta» dauzka diplomak. Izan ere, Londrestik itzulita, ebakuntza egin zioten, eta horrek guztiz harrapatu du Romarateren gogoa azkenaldian. Errehabilitazio prozesua pasatuta, gimnasioan ibili zen, eta duela hilabete eta erdi hasi zen uretan entrenatzen berriz ere. Ebakuntza aurretik zuen sasoia errekuperatzea du orain buruan: «Hiru hilabete edo beharko ditut berriz ere lehengora iristeko. Baina beste ezer baino lehenago, ondo sendatzea da garrantzitsua; gero etorriko dira gerokoak». Asteburuko txapelketa, beraz, autoebaluazioa egiteko baliatuko du Romaratek: «Entrenamendu falta handia daukat, hilabete eta erdi ez baita nahikoa halako proba bat egiteko. Uretan nabilela ondo sentitzea da helburua, eta bide onetik noala uste dut».

Odriozola bezala, Romarate ere txikitatik hasi zen igerian, 4 urterekin, medikuak aholkatuta. Urteak igarota, errendimendu talde moduko batean sartu eta txapelketetan parte hartzen hasi zen: «Gero eta gusturago sentitzen nintzen, eta emaitza onak lortzen nituela ikusita, gehiago motibatu nintzen». Gaur egun, Romarateren bizitzako zati handi bat hartzen du igeriketak, egun bakoitzeko ordu asko, eta dioenez, asko laguntzen dio igeriketak hanketan duen arazoarekin.

Hamabost igerilari dira Konportako kide, ezintasunen bat dutenak. Kirol elkarte hori da, hain justu, Oriberen taldea: Javier de Aymerich entrenatzailearekin batera sortu zuena. Haren ibilbideari erreparatuta, erraz ulertzen da Oribe askoren erreferente bihurtu izana. Odriozola eta Romarate bezala hasi zen Oribe ere igeri egiten; nekez pentsatuko zuen urte batzuk geroago noraino iritsiko zen. Paralinpiar Jokoetan bakarrik hamazazpi domina irabazi ditu: urrezko bederatzi, zilarreko sei eta brontzezko bi. Munduko txapelketetan, hemezortzi: urrezko zortzi, zilarrezko zazpi eta brontzezko hiru.

Asteburuko txapelketan parte hartuko du Oribek, baina etxean delako bakarrik. Izan ere, duela hilabete batzuetatik mina du sorbaldan: «Orain hobeto nago, baina ezin izan naiz behar bezala entrenatu». Eta, dena den, «hiruzpalau» domina eta Euskadiko selekzioarentzako hainbat puntu eskuratzeko itxaropena du. Guztiz osatzea da Oriberen helburu nagusia. Lortzen badu, mailarik gorenean lehiatzen jarraituko du, eta lortzen ez badu, entrenatzaile lanetarako prestatzen jarraituko du: «Hainbeste eman didan kirolean jarraitu nahi dut, orain artean ikasi ditudanak atzetik datozenei erakusten».

Igeriketak gauza asko eman dizkio Oriberi urteetan. Osasuna zaintzeko modua baino gehiago izan da Oriberentzat: «Norbere garapenerako tresna da, gozatzeko modu bat, baita inguru sozial batean parte hartzekoa ere».

Egun bakoitzean borrokatu da Oribe aurrera egiteko, eta horretarako, nork bere buruari helburuak markatzeko garrantzia azpimarratu du: «Mugatze askorekin jaio nintzen, baina ezin dizkiozu zeure buruari traba are gehiago jarri. Ahal dudan gehiena lortzen saiatu naiz beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.