Urtebetetze festa guztietan egoten da tarta bat. Eta urteak bete dituenak kandelak itzaltzen ditu, putz eginda. Abenduaren 24an hamar urte bete ziren gazte asanbladak Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astra arma fabrika zaharraren eraikina okupatu zuenetik. Abenduaren 18tik urteurren hori ospatzen ari dira. Atzo izan zuten tartari putz egiteko eguna. Porrotx pailazoaren ekitaldira joan ziren umeek egin zuten, kantuan, dantzan eta musuak banatzen ibili ostean. Helduren bat ere animatu zen; besteak beste, Onintza Enbeita bertsolaria. Mural bat margotu zuten, eta esku jokoak ere izan zituzten. Umez lepo bete zen Astra.
«Hasieran espero ez genuen arren, martxan hasi ginenean, eguneroko jardunean presentzia garrantzitsua izan dute [haurrek], eta ospakizunean ere hori islatu nahi genuen», azaldu zuen Astra Koordinadorako kide Gorka Kobeagak. Umeek ez zuten esan zer desio eskatu zuten putz egiterakoan, baina Astra koordinakundeak bai: ezinezkoak okupatzen jarraitzea.
Izan ere, ospakizunak bi egunen inguruan antolatu dituzte. Batetik, orain, abenduaren 24aren bueltan, gazte asanbladak lehen okupazio ahalegina egin zuenekoa gogoratzen ari dira.«Orduan eta urte hauetan lortu ditugun ezinezkoak ospatzen gabiltza». Otsailean berriro okupatu zuten, herriko hainbat elkarterekin batera, eta orduan ipini zuten gaur egungo Astra martxan. «Otsailean lortzeko ditugun ezinezkoak izango dira ospakizunaren ardatza: egiteko geratzen zaizkigunak irudikatuko ditugu». Kobeagak, kasurako, gazteek gaur egun dituzten erronkak aipatu zituen, okupatu beharreko ezinezko berrien adibide modura: parte hartzean sakontzea, euren bizitzan Astra modu integralean txertatzea, emantzipazioa lortzea eta euren kasa bizi ahal izatea... Argitu zuen horiek berak modu pertsonalean ikusten dituen ezinezkoak direla.
Umeak kalera atera ziren Porrotxek gidatutako jaia bukatu zenean, kalejiran, eta Urdaibai Kantagunea abesbatzarekin bat egin zuten. Izan ere, 12:00etan Astrakale izeneko ekitaldia egin zuten: Astra kalera atera zuten. Merkurio plazan, esate baterako, argazki zaharren erakusketa bat ipini zuten. Eraikinaren historia errepasatu ahal izan zuten irudien bitartez, zuri-beltzean eta koloretan. Astra arma fabrika garrantzitsua izan zen sasoiko argazkiak, 1936ko gerrak eta nazien bonbardaketak herrian eragindako sarraskia eta 2005ean eraikina okupatu zen egunetakoak ipini zituzten ikusgai, besteak beste. Gernikar askoren oroitzapenak piztu zituen.
Duela hamar urteko okupazioan bezala, Gernika-Lumoko hainbat musikari urteurrenerako abestia sortzen ibili ziren egun osoan. Musika eta hitzak, biak asmatu behar zituzten. Ruben Garatea eta Valentina Ridolfi izan ziren saioaren gidari. 10:00etan zeukaten hitzordua. Gauez, musika, marrazkigintza, sukaldaritza eta bestelako sorkuntzak uztartu zituen jaialdian izan zuten estreinaldia. Izan ere, sormen fabrika izateko sortu zen Astra berria duela hamar urte.
ATZEKOZ AURRERA
Ezinezkoak ospatzen
Astra okupatu zuteneko 10. urteurrena ospatzen ari dira Gernika-Lumon. Porrotxen ikuskizuna, kaleko ekitaldiak eta herriko sortzaileen jaialdia izan dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu