Igor Ijurra etxarriarra Iruñeko Orfeoiko zuzendari da 2005az geroztik, baina aitzinagotik datorkio musikarekiko zaletasuna. Artean ume txiki bat besterik ez zen lehen abestiak kantatu zituenean. Lana eta bokazioa, biak ala biak uztartzea lortu du. Hura buru dela bete ditu Orfeoiak 150 urte.
Iruñeko orfeoiaren urtemugan, txupinazoa bota duzue La Veleta peñako oinordekoekin batera. Ospatzeko modu polit bat?
Aise erraten da 150 urte. Lan handia egiten dugu urtean, eta horren fruituak ere jaso ditugu. Txupinazoa botatzea geratzen zitzaigun ibilbidea borobiltzeko, eta poz handiz hartu genuen gonbita. Orfeoiko jendea hunkitu egin zen txupinazoan.
Sanferminak merezitako deskantsuaren garaia dira?
Uztailaren 7ko mezan kantatzen dugu, eta, ondoren, bai, jai hartzen dugu. Sanferminak ongi pasatzeko dira. Urte mugitua izan dugu. Bi apustu handitan egin dugu lan: La Fura dels Bauls antzerki taldearekin elkarlanean antolaturiko emanaldian. Horrekin antzokiak bete genituen, eta jende gazte asko erakarri. Bestalde, Rafael Fruhbeck de Burgos zuzendari hilberriarekin elkartu ginen, urte mordo baten ondoren. Amerikara bidaiatu genuen.
Sarri eta asko bidaiatu duzue. Zer-nolako harrera egin dizuete joan zareten lekuetan?
Bai, asko bidaiatu dugu, eta oso ongi sentitu gara joan garen lekura joan garela. Gogoan dut, gainera, New Yorken egon ginen batean kritika egin zigutela The New York Times egunkarian, eta gure lana balioetsi zutela.
Galdera arrunt bezain ohikoa: zer da zuretzat musika?
Galdera erraza; ez, ordea, erantzuna. Musika, niretzat, zaletasuna da, dibertsioa, komunikatzeko modu bat... Argi dut orfeoian egonen ez banintz beste lekuren batean izanen nintzela, Etxarriko abesbatzan adibidez, edo txistua jotzen, gaita...
Musikarekin hazi eta hezi zara?
Kontzientzia dudanetik, musika nire bizitzako alderdi ezinbestekoa izan da. Nire gurasoen arabera, hitz egitearekin batera hasi nintzen kantuan.
Urte luzez jarraituko duzu, orduan.
Musikaren munduan, noski. Erranen balidate, dena den, edozer gauzagatik orfeoiko zuzendari izateari utzi behar diodala, ez nuke atsekaberik hartuko. Urte hauetan guztietan bizi dudanarekin geratzen naiz. Esperientzia ahaztezin asko izan ditut.
Lana eta bokazioa, biak uztartuta, kontent egoteko moduan?
Niri erran izan balidate, gaztea nintzelarik, musika izanen nuela ogibide, ez nuke sinetsi izanen. Nik Zuzenbide ikasketak egin nituen, baina, karrera amaitzean, familiari eskatu nion musika ikasketak egiten uzteko. Ezinbestekoa da musika nire bizitzan. Asko eman dit, eta nik ere asko eman diot musikari.
Egun, musika sorkuntza asko dago. Kalitatea, txikiagoa akaso?
Nik ez dut uste gure musika gainerakoa baino hobea denik. Beharbada, aurreko hamarkadetako musika landuagoa zen. Egun, musika klasikoa entzuten dut. Ez nago ados adiera horrekin, musika klasikoa baitira The Beatles musika taldea eta Xalbadorren heriotza kanta ere, ez? Horretaz aparte, gustuko dut beste era batzuetako musika, rocka eta heavya; Led Zeppelin taldea, adibidez. Pop talde batzuk ere baditut nire musika zerrendan. Oro har, 1980ko hamarkadako musika dut gustuko. Baina, musikaria naizen aldetik, unean unekoaz informatzen naiz, eta ez dut arazorik, esaterako, Eurovision ikusteko. Ahotsei jartzen diet arreta, gehienbat.
Hemendik aurrera, erronka berriei aurre egiteko prest?
Lan egiten jarraituko dugu orain arte bezala, eta hobetzeko helburuarekin. Aurten egin dugun bezala.
Sanferminak. Igor Ijurra. Iruñeko Orfeoiko zuzendaria
«Ezinbestekoa da musika nire bizitzan»
Urteko garairik mugituenean, sosegatzeko tenorea da korularientzat. Ijurrak gozatzeko baliatu ditu egun batzuk, hark ere bai baitaki: «Sanferminak ongi pasatzeko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu