Paleontologoa eta giza eboluzioan espezializatutako doktorea

Asier Gomez Olivencia: «Ezinbestekoa da iragana ikertzea gaur egungo mundua ulertzeko»

Neandertalen arrastoak aurkitu nahi ditu Olivenciak, eta aztarnategiak babestu: «Ondare hori zaindu behar da, eta, horregatik, esku hartze txikiak egiten dira gaur egun, galdera jakinei erantzuteko».

Asier Gomez Olivencia paleontologoa Iurretan (Bizkaia)
Asier Gomez Olivencia paleontologoa, asteartean, Iurretan (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Aztarnategiak dira Asier Gomez Olivencia (Barakaldo, Bizkaia, 1979) paleontologo eta giza eboluzioan espezializatutako doktorearen bulegoa. Museoetako fosilak eta Atapuercako (Espainia) aztarnategiak ikertuz, neandertalen arrastoari tiraka ibili da; historiako lehen hilketari buruzko ikerketan parte hartu du, baita neandertalen hilobien aurkikuntzan ere. Gainera, DNA nuklearraren bitartez neandertalen informazio gehiago lortzeko lanean ari da, fosilak erabili gabe. Euskal Herriko neandertalak hitzaldia eman zuen asteazkenean, Iurretako (Bizkaia) herri liburutegian.

Zergatik erabaki zenuen paleontologian aritzea?

Beti interesatu izan zait, txikitatik. Unibertsitatean Geologia ikasi nuen, baina paleontologian aritzeko batez ere. Gradua ikasten ari nintzela, aukera izan nuen indusketa paleontologikoetan parte hartzeko; Atapuercara induskatzera joateko aukera izan nuen, eta han egin nuen tesia. 

Gogoan duzu zure lehendabiziko indusketa arkeologikoa?

Bai. Orain egiten ditudanekin konparatuta, oso desberdina izan zen lehenengo indusketa. 38 milioi urteko aztarnategi batean egon nintzen, Araba hegoaldean. Hor ez dago giza hezurrik; zaldiekin erlazioa duten ugaztun batzuk daude, oso zaharrak. Oso esperientzia ona izan zen, eta asko ikasi nuen. 

Eta Atapuercan lan egin zenuen lehendabiziko aldia?

Atapuercan 2001ean egon nintzen lehendabiziko aldiz, Portalonen aztarnategian; besteekin konparatuta, aztarnategi askoz berriagoa da. Aztarnategi mota horietan, diziplina askotako taldeak behar dituzte, eta asko ikasten da; esperientzia ikaragarri polita izan zen.

Zer-nolako ezaugarriak izan behar ditu leku batek aztarnategi gisa definitzeko?

Aztarna paleontologiko edo arkeologikoen ezohiko metaketa bat behar du. Normalean, arroka sedimentarioetan egoten dira, baina ez hor bakarrik: arroka bolkanikoetan ere topa ditzakegu. Fosilen edo aztarna arkeologikoen ezohiko metaketa bat da, azkenean.

Nola aurkitu aztarnategiak?

Aztarnategi baten aurkikuntza azalekoa izan daiteke; batzuetan, herri lanetan gertatzen da, eta beste batzuetan, sistematikoki bilatzen da. Adibidez, badakigu kobazuloak gordeleku gisa erabili ohi zirela zenbait garaitan, bai gizakiek baita beste animalia batzuek ere; orduan, kobazulo batzuk aztertzen dira.

Azalean fosilak aurkituz gero, zer egiten duzue?

Azalean fosilen zantzuak topatzen badira, lehenengo esku hartzea egiten da, bost metro koadrokoa, ikusteko hor zer dagoen eta aztarnategiaren potentziala zenbatekoa den. Lekua aberatsa edo ezohikoa bada, aurretik interesgarriak diren aztarnak aurkitu behar dira. Hori ere ikertuko dugu, emango duen informazio zientifikoarengatik: zientzialariak gara, eta informazio zientifikoa geureganatzea interesatzen zaigu. 

Behin aztarnategia interesgarria dela zehaztuta, zein da hurrengo pausoa?

Orduan, eremua handiagoa egiten da. Hala ere, gaur egun, ezagunak diren aztarnategiak berrikusten dira gehiago. Aurrera egin ahala, zientzian teknika berriak garatu direnez, beste maila batzuetako kronologiak berrikusteko erabili izan dira. Metodologia paleontologikoan beste pauso bat ematen duzun heinean, aldez aurretik egindakoa ere berrikusten duzu, informazio gehiago lortzeko. 

Museoetako fosilak ere berrikusten dituzue?

Bai. Guri gertatu izan zaigu museoan pieza bat aztertzean bestelako fosil bat ikustea, espero gabekoa, eta hori hartzen dugu abiapuntu gisa ikerketa berriak egiteko.

Jasotako informazioa nola sailkatu behar da?

Prozesu luzea da, aldez aurretik bildutako informazio asko baitago. Hezur bat topatzen dugunean, egiten dugun lehendabiziko galdera da gorputzaren zer ataletakoa den eta zer espezietakoa den. Hezur bakoitzak duen morfologiaren arabera, aurretik argitaratutako argitalpen zientifikoetan oinarritzen gara; horrek informazioa ematen digu. Badakigu hiena pikartua orain dela 30.000 urte inguru desagertu zela Europa mendebaldean; orduan, hiena baten hortza topatzen badugu, aurkitutako horrek gutxienez adin hori izango du. 

Zer kontatzen dute fosilek?

Fosilek kontatzen digute espezie batek zer-nolako aldaketak izan dituen eboluzionatzean, baina fosil jakin bat dagoen tokira nola iritsi den eta zer gertatu zaion ere ikertu daiteke: ebakidura markak ditu? Beste haragijale batek jan du? Paleontologiaren barruan hainbat arlo ikertzen dira, ahalik eta informazio gehien ateratzeko: espezieari buruzko informazio orokorra, ebolutiboa, klimarena eta kronologikoa.

Lehen hilketatzat hartzen denaren aurkikuntzan parte hartu zenuen. Nola ondorioztatu zenuten hilketa izan zela?

Atapuercako Sima de los Huesos aztarnategiko neandertal garezur batean bi apurketa ikusi genituen. Apurketa mota desberdinak daude: hil eta gero kolagenoa galdu, eta, pisuagatik, hezurra apurtu ohi da batzuetan; baina, kolagenoa badago eta parte organikoa babesten bada, esan nahi du neandertala bizirik zegoenean apurtu zela hezurra. Garezur horretan, normalak diren post mortem [hil eta gero] apurketez gain, bazeuden bi apurketa perimortem [hil baino lehen]. Kolpeak oso antzekoak dira, garezurraren parte jakin batekoak; gainera, noranzkoa desberdina da. Oso zaila da erortzean bi kolpe oso antzeko noranzko desberdinarekin hartzea.

Neandertalek hildakoak hilobiratzen zituzten?

Normalean, ez dakigu zer-nolako harremana zeukaten neandertalek hildakoekin. Neandertalen fosilak, nahiz eta gero eta gehiago eduki, ez dira horren arruntak: duela 200.000 urte bizi izan ziren, eta duela 40.000 urte desagertu. Aurkitutako fosilak bakanak dira, eta ez dute informaziorik ematen horren inguruan, ezta zer gertatu den argitzen ere. Leku batzuetan konexio anatomikoa duten hezurdurak topatzen dira, eta horiek hilobiratze gisa interpretatzen dira. 

Nolakoak dira neandertalen hilobiak?

La Ferrassie aztarnategian bi kasu aurkitu genituen. Horietako bat ume bat zen, eta 1970eko hamarkadan atera zen. Jada ezaguna zen, beraz, baina horren informazio espaziala ez zen aztertu. Fosil gehiago topatu genituen museoan, eta, horrela, hezurdura gehiago osatu genuen; bestalde, informazio espaziala aztertu genuen, eta landa lana egin, beste galdera batzuei erantzuteko. Aurkitutako aztarnetan oinarrituz, ikusi genuen kobazulo hori behin eta berriz erabiltzen zutela neandertalek, eta hainbat hilobiratze egon ziren. Hobi bat egin zuten, eta umearen gorpuzkia hor utzi.

Neandertalen DNA nuklearra erauztea lortu zenuten, fosilen beharrik gabe?

Bai. Orain arte DNA ikertzeko orduan hezurrak edo hortzak zulatzen ziren barrukoa aztertzeko. Baina, kobazuloan bizi zirenez, ingurunea DNAz kutsatu zuten: pixa egitean eta erditzean. Baldintza jakin batzuetan, DNA horrek sedimentuetan irauten du. Neandertalen fosilak oso urriak dira, eta DNA ikertzeko orduan aukera oso ona ireki zaigu.

Aztarnategiak babesteko ahalegina egiten dela uste duzu?

Batzuetan, bai, baina, beste batzuetan, ez horrenbeste. Euskal Herrian hainbat aztarnategi desagertu dira harrobiak direla eta. Batzuetan, kobazulo bat topatu izan denean, urgentziazko indusketa batzuk egin dira, baina, beste batzuetan, ez da kontuan hartu horrelako aztarnategiak topatu ahal zirela. Informazio asko galdu dugu prebentzio faltagatik. Fosiltze prozesua nahiko arraroa da; fosilak ondarea dira, eta aztarnategiak, bakarrak. Ondare hori zaindu behar da, eta horregatik egiten dira esku hartze txikiak gaur egun, galdera jakinei erantzuna emateko. 

Zein da zure lanbidearen zailtasun nagusia?

Egonkortze prozesua. Ni oraindik egonkortu gabe nago.

Aurkikuntza bat egitean, zer sentitzen duzu?

Zirraragarria da. Alde zientifikoa eta alde emozionala nahasten dira. Agian aurkitu duguna ez da fosilik ederrena, baina izan daiteke informazio gehien ematen diguna. 

Iragana ikertuz orainaldia hobeto ulertzen da?

Nire ustez, ezinbestekoa da hausnarketa bat egitea. Neandertalak ikaragarriak dira, gure ispilu baitira. Ezinbestekoa da iragana ikertzea gaur egungo mundua ulertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.