Errondabide tabernako behargina eta Kaskagorri konpartsako kidea

Arrate Amorin: «Ezinbestekoa da Bilboko jaiek euskara ardatz izatea»

Amorinek uste du konpartsak ezinbestekoak direla Bilboko Aste Nagusia antolatzeko. Jaiak kontraboterea eraikitzeko espazioa ere badirela azpimarratu du.

Arrate Amorin Bilboko Errondabide tabernan, joan den astean. BERRIA
Arrate Amorin Bilboko Errondabide tabernan, joan den astean. BERRIA
marcos tedin
2024ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun

Bilboko Alde Zaharreko giroa ondo baino hobeto ezagutzen du Arrate Amorinek (Bilbo, 2002). Errondabide tabernako langilea da, eta Aste Nagusiko Kaskagorri txosnan ibili da muntatze lanetan. Esan du lanaren eta txosnaren artean «aurrera eta atzera» ibiliko dela, eta uste du horrek, ziur aski, ez diola utziko aurtengo Bilboko jaiez guztiz gozatzea. Hala ere, hainbat ekintzatan hartuko du parte. Bilboko Konpartsen Federazioak jai herrikoiak sortzeko egiten duen lana azpimarratu du, baita konpartsakideen eta Alde Zaharreko langileen auzolana ere. Horrez gain, Errondabide taberna berritzeko lanetan ibili da, harat hona: «Oso aldatuta dago». Aste Nagusia dela eta, plan bereziak eskainiko dituzte tabernan. Haren ustez, konpartsek eskaintzen duten egitaraua guztientzako modukoa da, eta aukera ematen du modu aktibo batean parte hartzeko. Aldiz, Bilboko Udalaren aisialdi eskaintzak ez du herritarren parte hartzea bultzatzen.

Nola hartu duzu parte aurtengo Aste Nagusian?

Kaskagorri txosnan nabil duela pare bat urtetik. Hala ere, aurten Errondabide taberna berritzen ibili gara; beraz, tabernako auzolanean eta konpartsako muntatze lanetan ibili naiz aurrera eta atzera. Tabernan aldaketa handiak egin ditugu, eta lan handia ekarri du horrek; bi hilabetez, auzoko jendea egon da inplikatuta. Orain, taberna oso aldatuta dago, eta Aste Nagusirako plan berezi batzuk ditugu; beraz, oraindik lan handia dugu aurretik.

Zeintzuk dira aipatu dituzun plan berezi horiek?

Ez da gauza handirik ere: arratsaldero eta gauero bokatak dauzkagu, eta, gero, egun batzuetan, edari bereziak egingo ditugu.

Nola egoten da alde zaharra Aste Nagusian?

Jendez beteta egoten da, konpartsek apustu handia egiten baitute bertako tabernak ere laguntzen eta tokiko dendak sustatzen; horrek isla du auzoan. Gainera, jende asko biltzen da auzoan, jai eta lan giroan. Aipatzekoa da, era berean, Aste Nagusian ez ezik, urte osoan ere konpartsek hainbat egitasmo antolatzen dituztela auzoan, eta horrek giro ederra sortzen duela konpartsakideen eta langileen artean. Hala ere, ezin dugu ahaztu urteko beste garai batzuetan auzoa turistez betetzen dela, eta zer esanik ez Aste Nagusian.

Jaietan, zerekin gozatzen duzu gehien?

Esan dudanez, konpartsakidea eta langilea naiz; beraz, ez dut denbora askorik izaten jaiak guztiz gozatzeko, edo esan daiteke beste modu batean gozatzen dudala. Adibidez, muntatze lanetan konpartsakideon artean sortzen den giroarekin gozatzen dut, baita langileen artean dugun harremanarekin ere. Horrek ez du esan nahi ez dudanik beste gauza batzuetarako denborarik: egitarauak eskaintzen dituen zenbait jardueratara joaten naiz, eta nire Aste Nagusian ezin dira falta Gazte Eguneko eta Etxera Eguneko bazkariak.

Zure ustez, guztiontzat al dira Bilboko jaiak? Esan daiteke herrikoiak direla?

Bilboko Konpartsek bihurtzen dituzte Bilboko jaiak herrikoi, auzolanean programazioa sortuz. Orain arte, udalak aisialdi eskaintzak egin izan ditu, herritarrak hartzaile huts gisa hartuta. Bilboko Konpartsen eskaintza, aldiz, parte hartzailea da: edozeinek parte har dezake era aktibo batean: adibidez, lehiaketa gastronomikoetan, hiri krosean, tailerretan…

Zer-nolako garrantzia du euskarak Bilboko jaietan? 

Ezinbestekoa da Bilboko jaiek euskara ardatz izatea, ulertuta jaiak ere kontrabotere espazio bat direla. Beraz, gure balioen barruan euskararen erabilerak oinarri finko bat izan behar du.

lOTSABAKO

Txosnarik gustukoena?
Kaskagorri eta Txori Barrote.

Aurtengo Aste Nagusian ikusi nahi duzun kontzertu bat?DJ Iranjaiser, Txori Barroten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.