Zuzenbide eta antropologia ikasketak egin ditu, eta kultur teknikaria da lanbidez Alex Aginagalde (Donostia, 1981).
Zer asmorekin sortu duzue Pantailak Euskaraz mugimendua?
Ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen egoera kezkagarria iraultzeko sortu da mugimendua.
Zein da ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentziaz egiten duzuen diagnosia?
1990ean, euskarazko telebistak eskaintzaren %25 osatzen zuen. Telebista digitalarekin, Internetekin eta plataformekin, euskarazko eskaintza erabat diluitu da. Ez da garai berrietara egokitzeko behar bezalako apusturik egin erakundeen aldetik. Euskarazko ikus-entzunezko sektorearen finantzaketa publikoa biderkatu behar dela pentsatu behar dugu.
Larrialdia handia al da?
Erabatekoa da larrialdia. Egunean ordu ugari ematen ditugu pantailen aurrean, eta euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da. Euskararen erabilera handitzea nahi badugu, ezinbestekoa da aisialdian euskara sendo egotea.
Zer garrantzia du belaunaldi gazteentzat pantailetako ia eduki guztiak gaztelaniaz edo frantsesez jasotzeak?
Ikerketa soziolinguistikoek diote aisialdia bizitzeko dugun moduak erabateko eragina duela hizkuntza ohituretan. Haur eta gazteek dituzten erreferente guztiak erdarazkoak izateak ekar dezake etorkizunean belaunaldi horiek erdaraz bizitzea. Estrategikoa da egoerari buelta ematea.
Zein izango dira Pantailak Euskaraz mugimenduaren hurrengo pausoak?
Azken asteetan ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako pertsona erreferenteekin aldarrikapenen inguruan eztabaidatzen aritu gara. Hemendik aurrera, gure asmoa litzateke eragile gehienekin bilerak egitea, ekarpenak jasotzea, baita atxikimenduak ere, eta egoera aldatzeko neurriak jasotzen dituen proposamen bat lantzea. Proposamen hori gero erakunde publikoei helaraziko genieke. Uste dugu herritarren aktibazioak lagunduko duela erakundeak mugiarazten.
Iruditzen zaizu alderdi politikoak arduratzen direla euskarak pantailetan duen egoerarekin?
Badirudi alderdiak eta erakundeak mugitzen hasi direla. Pozgarria da ikustea Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak bere egin duela gure diskurtsoa, esaten duenean ezinbestekoa dela streaming plataformetan euskararen presentzia sendoa izatea.
Azkeneko bederatzi urteetan ez da atzerriko helduentzako filmik bikoiztu euskarara. Zer diozu?
Funtsezkoa da bikoizketa, kanpoko edukiak ere jaso behar dira norbere hizkuntzan. Bikoizketarik ez badago, jendeak filmak euskaraz ikusteko ohitura galdu egiten du. Azpidatziak ere aldarrikatzen ditugu, eduki asko euskarara ekarri daitezke eta.