Haurtzarotik izan du artearekiko lotura Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987) artista garaikideak. Askotariko gaiak lantzen ditu bere lanetan, baina leku berezia dute aldarriek. Azkenaldian, horma irudigile gisa aritu da bereziki. Azken bi irudiak, adibidez, Gasteizen eta Usurbilen (Gipuzkoa) marraztu ditu.
Artista garaikide gisa definitzen zaituzte, baita horma irudigile gisa ere. Nola definituko zinateke zu?
Gaur egungo artista naiz; beraz, artista garaikidea naizela esango genuke. Hala ere, gauzak egitea gustuko duen pertsona bat naiz, sortzea gustuko duen artista bat: diziplina anitzetan lan egiten dut, eta esploratzea gustatzen zait.
Aktibista kultural gisa izendatu izan zaitu inork. Bat zatoz definizio horrekin?
Egin ditut aldarrikapen argia duten zenbait lan: horien artean SOS Krea eta 6.000 zapata. Gustatzen zait artelanetan zerbaiti buruz hitz egitea edo zerbaiti kritika egitea. Artelan bat egitean gai baten jiran lan egiten duzu beti, eta gai horiek egunerokoaren ispilu dira, hainbat kezkaren eta zalantzaren isla. Hori islatzen da artelanetan: sentitzen eta bizitzen duzuna. Egiten dudan guztiak du kritika puntu bat edo pentsatzera gonbidatzen zaituen zerbait.
Emakumeen presentzia ere arlo garrantzitsu bat da, ezta?
Emakumea naiz, eta ikasketetan, lanean... sentitu izan ditut zenbait desberdintasun, batez ere beste artista gizonengandik. Abiapuntua besterik ez da hori: egunerokoan bizitzen ditugun jarrera guztiak hartzen ditut aintzat.
Zer da artea zuretzat?
Zerbait adierazteko tresna da artea: ez da beharrezkoa zerbait esate hori, baina niretzat garrantzitsua da. Niretzat, ez da hain inportantea estetika, zerbait esatea baizik.
Gai pertsonalak lantzen dituzu?
Unibertsitateko gradua amaitu eta masterra egiten ari nintzenean, sentimenduak islatzeko metodo desberdinak ezagutu nituen. Egun, aukera dudanean lantzen ditut, Zure barnetik ateratzean hobeto iristen da: perspektiba sakona du, bizipen baten atzetik datorrelako.
Nekeza da artearen mundutik bizitzea?
Zaila da, batez ere, lan egonkorra izatea; publikoki kudeatzen den leku batean lan egiten baduzu, ez, baina, oro har, zaila da. Ez dakizu noiz arte iraungo duen lan batek, beti duzu zalantza hori.
Nola ikusten duzu euskal artearen egoera?
Oso aberatsa dela esango nuke: hazten ari da, eta gauzak aldatzen ari dira. Orain arte harreman estua izan dugu XX. mendeko artearekin, eta uste dut azkenaldian badagoela berrikuntzarako prestasun bat.
Etorkizunean, artearen munduan irudikatzen duzu zeure burua?
Bai, noski. Ezin ninteke arterik gabe bizi: nire parte da sorkuntza. Lan egiteko lekuak alda litezkeen arren, sorkuntzaren esparruan jarraituko dut lanean.
ATZEKOZ AURRERA. Irantzu Lekue. Artista garaikidea
«Ezin ninteke arterik gabe bizi: nire parte da sorkuntza»
Artea adierazpenerako bide bat da Irantzu Lekue artistarentzat. Gai anitz lantzen ditu artelanetan, baina askok aldarriren bat dute atzean. Artearen bidez bizitzea «zaila» dela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu