Berrogeita hamar urte dira medikuntza ikasketak bukatu zituela, eta oraintsu Zaragozan orduko ikaskideekin ospakizunetan ibili da.
Garai hartan, eta tabernarien semea izanik, umetan kanpora ikastera joateko aukera izatea zaila izango zen, ezta?
Halaxe da. Gurasoek ahalegin handia egin zuten. Iruñera bidali ninduten Batxilerra egitera.
Duela bi urte argitaratu zen zuri buruzko liburua. Nondik atera zen ideia hori?
Azpeitiko Uztarria aldizkarirako idazten nuen, eta handik nire ibilbidea eta pasarteak biltzen dituen liburua egiteko proposamena jaso nuen.
Zure arreba eta bi semeen izenak sartzea ahaztu omen zitzaizun liburuan.
Egia! Hori urduritasunen kontuak dira!
Azpeitiko kontsultara joaten zara astean hiru aldiz. Zergatik uste duzu azpeitiarrekin zorretan zaudela?
Bai. Nire lana hori da, eta horixe gustatzen zait. Pena ematen dit uztea. Nire aurrean hutsune handia ikusiko dudala iruditzen zait, baita nire barruan ere. Utzi egin behar diot lanari, baina beldur naiz nire lan finko hori utzita ez ote naizen gustura biziko.
Ni tabernan jaioa naiz, eta nire ikasketak ordaintzeko modua nire gurasoen lanari esker izan nuen, hau da, tabernara joaten zirenei esker, eta horregatik sentitzen naiz zorretan. Nik zor hori kitatuta utzi nahi dut.
Mediku ona ez ezik psikologo ona ere izan behar da zure ogibidean, ezta?
Derrigor dago mundu hori ezagutu beharra. Kontsultan nahita daukat atetik mahaira bidean tarte bat, gaixoa zer nola sartzen den ikusteko. Batzuetan igertzen zaio. Beti igerriko ahal banio! Oso garrantzitsua da gaixoaren animoa ezagutzea gauzak ondo egiteko.
Ezkontza bezperan utzi omen zenion barneko mediku izateari. Zure emaztegaiarekin egoteko astirik ba al zenuen?
Nire emaztegaiak nik lan egiten nuen ospitalean egiten zuen lan. Asko ez ginen ikusten baina… kar-kar.
Emazteak ez al dizu lana uzteko esaten?
Bai, baita seme-alabek ere. Hainbeste urte pasatu eta gero lasai bizitzeko eskubidea omen dut. Lan honek beti estutzen zaitu, baina ni oso gustura nabil. Gero zer egin behar dut? Komunikabideetan hitz egin eta idazten dut, baina beldurra ematen dit. Nire adinekoei galdetu izan diet erretiroa hartu eta gero zer moduz bizi diren, eta makina batek negar egin omen du. Eta horrek atzera botatzen nau.
Gaur egun Osakidetza publikoarekin haserre daude asko.
Ia lehenengotik ezagutu dut, eta izugarrizko hobekuntza egin du. Egun partikular batek erosi ezin dituen makinak Osakidetzak baditu. Sistema ondo antolatuta dagoela deritzot, nahiz eta huts batzuk izan. Huts egiten badu sendagileon parte ere izango da. Kexa batzuk arrazoizkoak dira, eta bakoitzaren esperientziak esango du, ni ez naiz hor sartuko.
Euskadi Irratian proba modura hasi eta urte pila bat daramatzazu. Jendea zurekin esnatzea maite al duzu?
Bai, nonbait! Hiru hilabeterako joan nintzen, eta urte pila daramatzat! Entzule bat soilik kexatu zait. Errakitismoaren inguruan ari ginen, eta adibide hau jarri zidan: elefanteak galantak dira, eta berdura janez bizi dira. Nik esan nion elefanteek eta gizakiok gorpuzkera ezberdina genuela. Guk urdail bakarra dugu, elefanteek lau. Berehala ohartu, eta barkamena eskatu zidan.
Euskadi Irratiko Oilategia saioan imitazioak egiten aritzen dira, zurea ere entzun izan dugu. Entzun al duzu?
Ez dut oraindik entzun. Neuri buruzko gauzak entzuteak lotsa ematen dit. Behin esan nien ondo hitz egiten duten bitartean ni konforme nagoela, eta horretan geratu zen.
Umorerik gabe osasuntsu bizi al daiteke?
Zaila! Nire ustez, jende tristea ez da ondo bizi.
Gerra garaiko anbulanteak operatuz hasi zinen. Geroztik zenbat aldiz pentsatu duzu haien familiengan?
Bi urte anatomia ikasi beharra daukagu, lau liburuki handi. Egunero praktikak egiten genituen ordubete, eta asko erakusten du. Gordina egiten da hasieran, baita gero ere, eta handik atera eta gero gehiago gogoratzen zara hildako haiekin, baina anatomia naturala ez badago aurrean, zaila da ikasten. Ohitu baino gehiago pentsatu behar da hemendik pasatu beharra dagoela gero kirurgialaria izan nahi baduzu.
Behin Andoni Egañak honela kantatu zuen kirurgialariaren rola jokatzen: bihotz bat salbatzeko beste bat behar da.
Guk ahal duguna egiten dugu beti. Denok hil behar dugu; hemen ez da inor geratzen.
Julian Bereziartua
«Ezin lana utzi»
Landetako tabernan jaio zen, 1935ean, eta barra aurrean bezeroen eskaerei erantzuten hasi zen gurasoei lagunduz. Egun Azpeitiko mediku kontsultako mahaiaren bestaldean egiten die kasu pazienteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu