Vicent Egea. Pamplonesako zuzendaria, musika irakaslea eta konpositorea

«Ezin dut nire bizitza irudikatu pentagramen artean ez bada»

Nerabe zela idatzi eta zuzendu zuen bere lehen obra, eta ez da gelditu. Zuzentzeak eman dio ogia nagusiki; konposizioak, plazera. Musika da Egearen bizia.

JESUS DIGES / EFE.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun

Batuta eskuetan, eta Iruñeko Pamplonesa musika bandaren aurrean irudikatzen dute gehienek. Ez da harritzekoa: 26 urte daramatza lan horretan. Baina arkatza hartuta pentagramak betetzen aritzen da ere, gelaren goxoan. Pablo Sarasate goi mailako kontserbatorioa du beste lantokia Vicent Egeak (Cocentaina, Herrialde Katalanak, 1961). Ongi intsonorizatutako gela batean aritu da bere ibilbideaz eta bere pasioaz: musikaz.

Etxean jaso zenuen musikarako grina?

Levanten, bandak oso presente daude. Aitatxi tronpeta jotzailea zen, eta nire figura nagusia izan zen, tutore modukoa: egunero ikas nezan kezkatzen zen, eta toki guzietara laguntzen ninduen. 9 urterekin, berak jotzen zuen bandan sartu nintzen.

Zuenean, aitatxiz gainera, nor zen musikaria?

Osaba tronpeta katedratikoa zen, Jose Insa, eta hemengo [Iruñeko kontserbatorioko] irakasle.

14 urterekin, pasodoble bat idatzi zenuen Mairuak eta Kristauak bestarako. Goiz, ezta?

Zorte handia izan nuen, sormenarekin esperimentatzeko aukera izan bainuen. Ez bakarrik idatzi; zuzendu ere egin nuen. Beraz, zuzendari eta konpositore bokazioa oso txikitatik heldu zait. Eta ez da erraza: konpositore batentzat idatzi duena aditzea oso zaila izaten da, besteen menpe baitago.

Zure herrian hasi zinen musika ikasten?

Banda gehienak musika eskola batetara loturik daude. Nire bandaren eskolan hasi nintzen, gero Alacanteko kontserbatorioan, eta hortik Iruñea, Madril, Londres...

Iruñera osabarengatik etorri zinen?

Bai, tronpeta karrerako azken urtea harekin egiteko. Ondoren, goi maila Madrilen bukatu nuen.

Zer aurkitu zenuen Iruñean?

Etxetik kanpo dena da berria. Hona ailegatu bezain pronto, jazz musika ezagutu nuen. Big Band Iruñan jo nuen, eta mundu horretan sartzeak asko ireki zidan burua, bai harmoniari dagokionez, baita laguntzeari eta inprobisatzeari dagokionez ere. Musikagile kideak ere ezagutu nituen. Zortea izan genuen hemen antolatu ziren ikastaro ez-ofizialetan parte hartuta. Musika garaikidearen pertsonalitate oso handiekin lan egiteko aukera izan genuen. Horrek beste hizkuntza erabat berria ekarri zidan. Jazzak eta garaikideak asko markatu ninduten, eta nire hizkuntzaren parte dira.

Agustin Gonzalez Azilu izan zen ikastaroetako antolatzaile. Zer garrantzi zuen horrek?

Orduan, abangoardiaren buruan zegoen Azilu. Harekin eta Ramon Barcerekin zorte handia izan genuen. Ez hori bakarrik, jende talde bat bildu ginen egoera berean ginenak: ikasteko eta hazteko gogoekin; elkarrekin gauza asko egiteko aukera izan genuen banaka ezin izanen genituenak egin.

Iruñeko Taldeaz ari zara, noski. Nola sortu zenuten? Zergatik?

Azilu eta Barceren eskoletan musikari buruz filosofatzen zen anitz: zergatik, zertarako, norentzat jotzen dugu, zer egin nahi dugu... Debate horietan bat egin genuen zenbaitek, eta kezka berak genituenez, elkartu ginen, eta ikusi genuen milaka aukera zeudela. Elkar aberasten genuen. Ez genuen soilik sormena lantzen: ikastaroak, kontzertuak, jardunaldiak... antolatzen genituen. Gure planteamendu estetikoak idatzita gelditu ziren.

Garai hartan bazen aldeko giroa horrelako talde bat sortzeko?

1972ko Topaketak oso garrantzitsuak izan ziren, erabat berria zen hura. 1982ko Erriberriko jaialdiek konpromiso kultural bat sustatu zuten, konposiziotik harago. Erakusketak izaten ziren, artisten bisitak... Azilu eta Barceren ikastaroak jaialdi hartatik etorri ziren.

Londresen eta Manhattanen egon zinen ondoren. Hor ere beste ate bat ireki zenuen?

Ikasle izanik, amets moduko bat izan zen. Hori soilik han bizi liteke. Pena bakarra dut: ikasle izanik, ez nuen dirurik, eta ezin nuen kontzertu eta ikastaro guzietara joan.

Hortik Madrilera, baina lanera. Orduan ikusi zenuen zuzendari bidea hartzen ari zinela?

Madrilen, kargu inportante bat eman zidaten: Espainiako Orkestrako zuzendari elkartu. Egunero ardura handiekin ibiltzean, oinak lurrean jartzen dituzu. Zuzendari eta konpositore, biak izan naiz, eta uste dut bateragarriak direla. Konpositore gisa, zure obrak zuzentzeak eragiten du modu batera idaztean; eta, kontrara, zuzendari gisa, jakinda nola idazten duzun, baduzu ikuspegi enpatikoagoa sortzailearen inguruan. Madrilen, nire soldata zuzendariarena zen nagusiki, baina asteburuetan konposatzen nuen. Ezin nuen utzi; konposizioa sormen eta komunikazio behar bat da niretzat.

Oposizioa gaindituta, Pamplonesa bandako zuzendaria zara 1996tik. Nolako banda aurkitu zenuen hasieran?

Haiekin kolaboratu nuen 18 urterekin: kontzertu eta entseguren bat, eta nire lehen sanferminak. Baina bestela da arduradun artistiko nagusi aritzea. Banda hau oso berezia da: ez da erabat profesionala, baina ez da amateurra ere; maila eta dedikazio aldetik askotariko jendea dago; beraz, banekien ez zela erraza izanen. Aukera asko nituen begien aurrean, baina muga batzuk ere bai; aurrekontuarena, esaterako. Atzera so, ikus daiteke zer ausardia eta zer-nolako emaitza onak lortu ditugun baliabide eskasekin. Horregatik oso harro, kontent eta gogobeterik nago gure lanarekin.

Bandaren norabidea edo helburuak aldatu zenituen?

Banda honek baditu konpromiso batzuk. Gehiago lerratu zaitezke alde artistikora edo herrikoira. Alde batetik, sanferminak ditugu, ongi daudela ikusgaitasun handia ematen digutelako, baina badute alde txar txiki bat: kentzen dizu seriotasun artistikoa, irudi duelako kaleko mutikoak garela, eta antzokian aritzen garenean agian ez da hainbeste baloratzen. Sanferminetatik kanpo beste gauza batzuk egiten ditugu. Kontent naiz beste horien ikusgaitasuna eta kalitatea handitu delako, eta nolabaiteko beharra sortu dugulako publikoan.

Nola lortu duzue publikoak beste lan horiek ere eskatzea?

Dena emanez, lan handiarekin, eta, ausartuko naiz esatera, emaitza on batzuekin. Hobetzen segituko dugu, bestea irabazita dugulako: festetakoa DNAn daramagu.

Nola bizi dituzue sanferminak?

Ez da atsedenaldi bat, fisikoki nekagarria delako, baina, musika exijentziari dagokionez, lasaitze moduko bat da. Exijentzia handiko programa artistikoak prestatzen ditugu, eta horrek sakrifizio, lan eta tentsio handia dakar entseguetan eta kontzertuetan; ezin duzu hutsik egin. Hala ere, gure onena ematen dugu jaietan, jendeak merezi duelako. Prozesioan bandak ongi jotzen badu, oilo ipurdia paratzen zaizu.

Gaiarre antzokian ematen dituzuen kontzertuak Iruñeko publikoa hezteko modu bat dira?

Oreka mantendu behar da hiru elementuren artean: informatu, hezi eta entretenitu. Batez ere ikusarazi nahi dugu bandek ahalmen eta garapen itzela dutela mundu osoan. Banda asko daude, eta horrek errepertorio, maila eta grabazio asko ekarri ditu.

Zer zailtasun ditu zuzendariak?

Dituzun baliabideekin ametsak betetzea. Saiatzen gara obra interesgarriak eta atseginak hautatzen, baina egingarriak betiere.

Nola hartzen dituzu besteren obrak zuzendari gisa?

Nire funtzioa da egileari kasu egitea eta haren zerbitzura egotea; partituretan jartzen duena ahalik eta fidelen egitea. Zuzendari batek esaten zuen zuzendariak zerbitzari bereziak direla: sukaldeko chef buruaren obra hartu, eta mahaikideei ahalik eta txukunen aurkezten diela.

Erraza da zuzendariak eskua sartzeko tentaldia izatea?

Artistari lizentzia batzuk onartzea ongi dago, baina muga ongi definitu behar da idatzita dagoena errespetatzearen eta zerbait proposatzearen artean. Nik ezin diet meninei bibotea margotu.

Nola konposatzen duzu?

Obra bakoitzak bere prozesua, beharrak eta publikoa du. Denbora da beti faltan izaten duguna. Asko gogobetetzen nau: konposatzea niretzat besta bat da. Sufritu ere egiten da: paper zuriaren beldurra, zailtasunak, ez aurrera ez atzera gelditzea, hiru orduko lana zaborretara botatzea... Hori da konposizioaren jokoa: aukeratzen eta konbinatzen jakitea, koherentea den eta komunikatzen duen mezu bat emateko.

Dena idatzi ondotik, nola bizi duzu obra aditzeko ordua?

Aurrekoan, Gasteizen obra bat estreinatu nuen. Ezin dut azaldu zer den hori. Zure haurraren jaiotzan egotearen gisakoa da: ikusi dituzu ekografiak, badakizu hor dagoela eta hitz egin diozu, baina ez duzu ikusi. Tentsio handia duzu, jotzen ari direnengatik eta publikoaren erreakzioarengatik.

Zer nahiago duzu zure obrak zuzentzea, edo beste batek egitea?

Nork zuzentzen duen eta zer egoeratan egiten duen. Noski, ez dira gauza bera Gomez Martinezek RTVE Orkestra Sinfonikoarekin obra bat zuzentzea edo nik hemen zuzentzea. Zure obra ez baduzu zuzentzen, hobe entzun dezakezu, zuzendariaren entzumena funtzionalagoa baita. Baina, era berean, entseguetan zure obra hobetu dezakezu, ez baitu deus ikustekorik zerbait idaztea gela batean edo akustikarekin aditzea, musikariekin, beroan... Nire obrak zuzentzeak hobe idaztera eraman nau.

26 urte eman dituzu Pamplonesan. Inork ez du eman hainbeste denbora jarraian zuzendari gisa. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Aurki bukatuko da, adinaren kontuak. Geratzen zaizkidan urteetan bide berean jarraitzeko asmoa dut: maila igo, publikoa zabaldu, eta askotariko kalitatezko obrak eskaini.

Zer erronka dituzue?

Tiradera erronkez beteta dut, baina beste afera bat da gauzatzeko aukera izatea. Gogoa dut Iruñeko Orfeoiarekin Carmina Burana osorik jotzeko. Nafarroako Sinfonikoko zuzendariarekin Udaberriaren sagaratzea egiteaz aritu ginen aurrekoan.

Ez duzue soilik musika klasikoa jotzen; askotariko estiloak jotzen dituzue. Zergatik?

Eta zergatik ez? Bandak duen aukera bat da moldakortasuna bilatzearena. Estilo aukera asko eskaintzen ditu: musika garaikidea, folka, herrikoia, moldaketak, orkestra transkripzioak, musika zaharra, elektroakustikoa... Abanikoa oso zabala da, eta erakutsi nahi dugu banda ez dela soilik bestetan Dominguera jotzea.

Publikoa zabaltzeko modu bat da hori ere?

Baita ere. Hainbeste alternatiba daude gazteentzat... Pena ematen dit musika ikasleak kontzertu gehiagotara ez joateak. Interes falta bat dago, Youtuben nahi duzun guzia baitago. Beraz, programazio bat egin behar da bestelako interes horiei erantzuteko.

Pamplonesa utzi ondoren, konposatzen jarraituko duzu?

Baietz uste dut. Ezin dut nire bizitza irudikatu pentagramen artean ez bada. Eginen ditut gauzak, enkarguz ez bada, idazteko plazer hutsez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.