ATZEKOZ AURRERA. Javi Julio. Argazkilaria

«Ezin daiteke normalizatu jendea itsasoan hiltzen ikustea»

Greziako Lesbos uhartean errefuxiatuen erreskate batean bizi izandakoa oinarri hartuta, 'Aita Mari' dokumentala ondu du Juliok. Gaur estreinatuko dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Itsas Salbamendu Humanitarioko kideekin batera joan zen Javi Julio zinemagilea eta argazkilaria (Donostia, 1978) Greziako Lesbos uhartera. Argazki kamera eskuetan hartu, eta han bizitakoa eta ikusitakoa oinarritzat hartuta ondu du Aita Mari dokumentala. Bi urtez proiektuan murgilduta egon ondoren, gaur estreinatuko da ikus-entzunezkoa: Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko dute.

2015ean joan zinen lehenengoz Lesbosera. Nolatan?

Urte horretan, jende asko ari zen iristen Lesbosko kostaldera. Ondorioz, hara joan, eta bertatik bertara kontatu nahi nuen zer gertatzen ari zen. Hilabetez han egon eta gero, errefuxiatuen egoeraren berri eman genuen: gerraren ondorioz, Turkiatik Greziara ihesean ari ziren herritarrak.

Espero zenuen moduko egoera bat aurkitu zenuen?

Inondik inora ere ez. Pentsaezina da horrenbeste lagun egoera horretan Greziara heltzen ikustea. Ezin daiteke normalizatu jendea itsasoan hiltzen ikustea, eta, ondorioz, dokumentalaren bitartez, jendeak zergertatzen den ulertzea nahi dut.

Gobernuaren erantzunik ezak uste baino gehiago luzatu zuen proiektua. Jarrera horrek eraginik izan zuen grabaketa prozesuan?

Nire asmoa Getarian [Gipuzkoa] zegoen hegaluze itsasontzi baten berritze prozesua erakustea zen: arrantza itsasontzi izateari utzi eta erreskate ontzi bihurtzeraino. Hala ere, gobernuak ez zuenez erantzunik ematen, ez genuen baimenik izan itsasontzia itsasora ateratzeko. Geldialdia aprobetxatu, eta Europako Batasunaren mugetako migrazio politiken inguruan zentratzea erabaki nuen. Izan ere, Europako Batasunak, jendea salbatu beharrean, oztopo ugari jartzen ditu.

Bi urte horietan material asko bildu zenuen. Nola moldatu zara bildutako guztia antolatzeko?

Irudi asko zeuden, telesail bat egiteko beste. Hortaz, Igor Arabaolaza editoreari material hori guztia bidali nion, eta, azkenean, dokumentala hiru zatitan banatzeko erabakia hartu genuen: lehenengo, itsasontziaren aurkezpena egiten da; ondoren, blokeoan jarri dugu arreta; eta, azkenik, egindako erreskatearen berri ematen da.

Gaur estreinatuko da dokumentala, Giza Eskubideen Jaialdian. Pozik zaude emaitzarekin?

Bai, oso pozik. Guretzat plazer bat da dokumentala jaialdi honetan estreinatzea. Urtero etorri izan naizjaialdi honetara ikusle gisa, eta aurten, beste aldea ezagutzeko aukera izango dut.

Errefuxiatuen esperientzia entzuteak lagun dezake gizartean txip aldaketa bat eragiteko?

Dokumentalaren bitartez, eskuin muturreko alderdiek zabaltzen duten diskurtsoaren alternatiba izatea lortu nahi dugu. Edozeinek du bizitzeko eskubidea, eta, hortik abiatuta, norberak bere kabuz osatu behar du bere iritzia.

Garai batean hedabideetan oihartzun handia izan zuen gai honek, baina egun ezkutuan mantentzen da. Egoera berbera da?

Nik egoera okerragoa dela esango nuke. Europako Batasunak utzikeriaz jokatzen du, eta normalizatu egin dugu egunero-egunero jende mordoa ari dela itsasoan hiltzen.

Zer da zuretzat Aita Mari?

Adierazpen bat da, erantzun bat. Boluntario horiek gobernuek egiten ez duten lana egiteaz arduratzen dira. Izan ere, bizitza beste edozeren gainetik jarriz, gai dira gauza asko aurrera ateratzeko, baita erreskate ontzi bat egiteko ere.

Nolako esperientzia izan da?

Oso gogorra; batez ere, itxaronaldia. Urtebetez, maleta prest izan nuen etxeko atarian, ez genuelako jakin noiz joan beharko genuen. Ondorioz, hainbat lan kontraturi ezezkoa eman behar izan nien, ez nekielako lan hori egiteko denbora izango nuen ala ez. Hala ere, esperientziak merezi izan du, eta espero dut jendeak gertatzen ari denaren inguruan kontzientzia hartzeko balio izatea.

Aurrera begira, baduzu hara itzultzeko asmorik?

Bai, baina ez da erraza. Hilabete eta erdi egon behar duzu, gutxienez, etxetik kanpora, eta, ondorioz, asko pentsatu beharreko erabaki bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.