Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak (GITE) gonbidatuta etorri zen joan den astean Remei Sipi idazlea (Rebola, Ekuatore Ginea, 1952) Iruñera. Mundua eta Giza Eskubideak zinemaldiko jardunaldietan Afrikako emakumeen egoeraz mintzatu da. Difret filma pantailaratu ondoren hitz egin du. Etiopian emakumeak bahitu eta ezkontzera behartzen dituztela kontatzen da filmean. E'Waiso Ipola emakumeen elkarteko burua da Sipi. Afrikar emakumeen egoera heziketak aldatuko duela dio.
Afrikako genero indarkeriaren kontrako borrokaz hitz egitera etorri zara. Zein da emakumeen egoera Saharaz hegoaldeko Afrikan?
Afrikan handiak dira landa eremuetako eta hirietako emakumeen arteko aldeak. Landa eremuetako emakumea babesik gabe bizi da. Argirik eta urik gabeko etxeetan bizi dira, gela bakar batean... Aldiz, hirian egoera ezberdina da. Landa eremuetako emakumeak alternatibak bilatzen saiatzen dira, eta elkarren artean laguntzen eta bideak bilatzen. Herrialde askotan emakumeek ez dute dirua bankuan sartzen, eta astero batek kudeatzen du. Elkartasunerako gune bat osatzen dute; dirua jaso, eta behar duenari ematen diote. Ez dute haien ongizatea bakarrik nahi, alabena eta semeena ere bilatzen dute. Haurren alde egiten dute borroka, haien garapena nahi dutelako. Sareak osatzen dituzte haurrak hirira bidaltzeko. Haurren heziketa nahi dute, hezkuntzaren bidez izanen dugulako emakumeen ikuspegia bilduko duen Afrika. Garapenaren trenera heziketaren bidez igoko dira haurrak.
Difret pelikulan zalantzan jartzen dira Etiopiako tradizio batzuk. Zer egin daiteke emakumeen aurka egiten duten tradizioen kontra?
Tradizioak giza eskubideak zapaltzen dituenean, tradizioaren kontra egin behar da. Maiz aipatzen denklitoriaren erauzketa adibide jarrita. Emakume guztiok elkarrekin lan egin behar dugu tradizio hori baliogabetzeko: Afrikan dauden afrikarrek, hemen gaudenok, Mendebaldeko emakumeek. Astakeria horren aurka elkarrekin lan egin behar dugu. Tradizioa errespetatu behar dela diotenen esanak ez dit balio. Tradizioak giza eskubideak hankapetzen dituenean, haren aurka egin behar da. Gakoa informazioa eta heziketa dira. Emakume batzuen lana erauzketa egitea da, eta beste lan bat eskaini behar zaie horretan ez jarraitzeko.
Oraindik egiten dira bahiketa bidezko ezkontzak Etiopian?
Pelikulan ageri diren tradizio asko ez dira existitzen Afrikako 59 estatuetan. Ekuatore Ginean ez da ablaziorik ez bahiketarik egiten, baina Etiopiako landa eremuetan bai. Hirietan ezagutzen ez diren tradizio asko gertatzen dira landa eremuetan. Gizakiei mesede egiten dieten tradizioak dira, eta, oraingoz, haiek dute boterea Afrikan.
Gobernuek zer egiten dute horrelako egoerak saihesteko?
Ustelak dira Afrikako gobernuak. Legeak badira, baina ez dira indarrean jartzen.
Pelikulan itxaropenerako aukera ere badela iradokitzen da.
Bai, itxaropena bada beti. Genero bortizkeria nozitzen duten emakumeen defentsan ari dira beste emakume asko. Etiopiako legedian jarri behar da soa; han epaiketak egiten dira. Baina badira beste herrialde asko non epaiketarik ere ez den egiten. Ezin duzu burua altxatu, eta dena isiltzen da. Ez dira eraso gisa onartzen. Asko dago egiteko emakumeen eskubideen alde. Baina ez da ahaztu behar aldaketa emakumeek dakartela. Bakearen aldeko hamabost Nobel sari daude, eta horietatik hiru emakume afrikarrak dira. Hori garrantzitsua da. Haien ahotsa ez da isiltzen, eta gero eta gehiago ikusten dira.
Zer egiten da haurren heziketaren alde?
Nesken lehen helburuak ez du izan behar ama izatea, heziketa lortzea baizik. Horretan borrokatzen dira gero eta emakume gehiago. Adibidez, antisorgailuen afera ez da emakume afrikarren kezka, ez dakigulako gure haurrak biziko diren ala ez. Hori guztia aintzat hartu behar da, heziketa eta osasunik gabe ez dagoelako etorkizunik Afrikan.
ATZEKOZ AURRERA. Remei Sipi. Idazlea
«Ezin da onartu eskubideen kontrako tradiziorik»
Emakumeen eskubideen kontrako tradizioak indargabetu egin behar direla dio Remei Sipi idazle afrikarrak. Tradizioen aurkako borrokan emakumeek elkarrekin aritu behar dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu