Egiaz eta begiaz

«Ezin ahaztu»

Uztailaren 22an hil zen Antonia Maria Manot. Jon zuen semea, 'Txiki', 1975eko irailaren 27an fusilatua. Egun hartan bost militante hil zituen Francoren diktadurak: Anjel Otaegi, Jose Luis Sanchez Bravo, Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Txiki.

'Zeruko Argia' aldizkariaren azala. Txikiren hilobia ageri da argazkian. BERRIA
'Zeruko Argia' aldizkariaren azala. Txikiren hilobia ageri da argazkian. BERRIA
Miel Anjel Elustondo
Zarautz
2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Bihotza bezain bero zabalik ireki ohi zuen etxeko atea Antonia Maria Manot Garcia andre urrikalgarriak. 94 urtetan uztailean hila, koskarik gabe hitz egin izan zuen beti edo gehienean semearen heriotzaz. 1975eko irail harrizkoan, hala ere, Franco artean bizirik zela, nahita ere ezin inork hitza bere egin. Isiltasuna zen nagusi. Gaua.

Fusilamenduak 1975eko irailaren 27an, hila zen diktadorea urte bereko azaroaren 20an.

Handik urtebetera, 1976ko irailean, bere barrua husten hasteko moduan izan zen Antonia Manot, eta horrela —bihotza saminez, bi begiak negarrez—, hartu zuen etxean garaiko Zeruko Argia aldizkariaren kazetaria. Bost fusilamenduetatik urtebetera ari gara, irailaren 26ko alean da elkarrizketa —sinadurarik ez du—, eta astekariaren zenbaki berean dira Antoniaren seme nagusi Mikelen lekukotza, Anjel Otaegiren amari egindako elkarrizketa, edo Karmen Antia —aurreko urtean poliziak Madrilen hildako Montxo Martinez Antiaren ama—, kartzelatik ateratzeko eskea. Aldizkariaren azalera ekarri dituzte Txikiren eta Otaegiren hilobien argazkiak: «Ezin ahaztu».

«Ama baten semeari ez zaio halakorik egiten, eta seme baten amari ere ez!»

ANTONIA MARIA MANOT GARCIAJuan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama

Txikiren hilobiaren argazkia ez da, haatik, oraingo Zarauzkoa, Bartzelonako behin-behinekoa baizik.

Eta 49 urte igaro eta ura bere bidean. Ezin ahaztu.

1976, ‘Zeruko Argia’

Anjel Otaegiren ama Mariarekin izan dira Zeruko Argia-koak Nuarben (Azpeitia, Gipuzkoa). Otaegiren amaren hitzak bildu, eta Zarautzera (Gipuzkoa) jo dute. «Txikiren ama mintzo», titulatu dute elkarrizketa, eta hasi da suspirioz eta negarrez Antonia, eta noiz hitzez hitz, noiz denbora igaroak distortsionaturik heldu zaigu haizeaz bestaldetik gure aldi honetara.

Antonia ari da, 1976an.

«Ez daukat etxetik ateratzerik ere. Egunero datorkit norbait. Euskal Herri guztitik etortzen zait jendea... Nik, txikitako ohiturari jarraiki, Juan hots egiten nion gure semeari, eta berak, berriz, «niri Jon esan» erantzuten zidan, aldiro. Euskaldunen artean ibiltzen zen beti, euskaldunak zituen lagunik haundienak.

«Sekula ez nuen pentsatu semea hilko zutela, sekula ez nuen itxaropenik galdu»

ANTONIA MARIA MANOT GARCIAJuan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama

»Irailaren 19an [1975] ikusi nuen semea azkenekoz, Bartzelonan, auzitegian. Bost minutu egon nintzen berarekin, auzia edo sasi-auzi hura [Justizia Militarreko Kodea aplikatu zioten] bukatu zenean. Neure ondo-ondoan neukan, baina ez nuen ikusi ere egiten. Halako batean, «Jon!», hots egin zion arrebak, eta Jonek burua jiratu eta keinu egin zigun, ikusi gintuela adieraziz.

»Hura ez zen izan legez egindako auzia. Halakorik ez zaio inori egiten. Bartzelonako lapurreta bat [1975eko ekainak 6, Santander banketxea, Caspe kalea] egozten zioten, eta tiroketan hil zen poliziaren [Ovidio Diaz Lopez] heriotza, baina egun hartan Jon ez baitzen Bartzelonan!

»Oraintxe bertan kenduko nuke heriotza zigorra, bi aldiz ere pentsatu gabe. Ama baten semeari ez zaio halakorik egiten, eta seme baten amari ere ez! Inor gaiztagin handi beldurgarria dela jakinik ere ez da hil behar. Hori azkenekoa da. Estutasun batean, tiroketa batean, batak bestea hiltzea ez da harritzekoa, baina odol hotzean... hil egin behar da pertsona, gero! Ez. Lehenik, auzi zuzen eta justu batean erabaki behar dira gauzak. Nik, esaterako, sekula ez nuen pentsatu semea hilko zutela, sekula ez nuen itxaropenik galdu. Hil zutenean, harri eta zur geratu nintzen».

«Momentu hartan [fusilatzean] ez nintzen han, ez naiz lekuko, eta neure begiz ikusi ez dudanik ez dut kontatu nahi»

ANTONIA MARIA MANOT GARCIAJuan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama

Orduan, semeak azkeneko orduan esan zionaz galdegin dio kazetariak Antoniari...

«Ni ez nintzen Bartzelonara joateko gauza izan, azkeneko orduan, semea ikustera. Mikel joan zen, etxeko zaharrena. Berak esango dizu, bera hantxe egon zen eta. Berak esanda dakit nire Jon Eusko gudariak kantatuz hil zela, baina momentu hartan ez nintzen han, ez naiz lekuko, eta neure begiz ikusi ez dudanik ez dut kontatu nahi».

(ID_17270998384115) Jon Paredes Manot \'Txiki\'-ren hilobia, Bartzelonan.
Jon Paredes Manot 'Txiki'-ren hilobia, Bartzelonan. ZALDI ERO

Eta, lege onez, amak bere begiz ikusi ez zituenak kontatu zituen Zeruko Argia berean Txikiren anaia Mikel Paredes Manotek.

«Goizeko 8ak aldera goardazibilak heldu ziren [Modelo kartzelara]. Furgoneta batean sartu zuten anaia, batere gozorik gabe. Bartzelonako kalerik handienean [Diagonala] barrena eraman zuten. Eskarmentua eta zukurutza sartu nahi zioten, nonbait, jendeari. Kontrol asko zegoen kaleetan. Motoristak ere metrailetarekin zebiltzan atzera eta aurrera [bost kilometrora, Cerdanyola, hilerria eta basoa].

«Hilabete eskas izango zen Jon hil zutela, asasinatu zutela, eta guri burua ireki ziguten!»

ANTONIA MARIA MANOT GARCIAJuan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama

»Hildakoen depositoa baino 200en bat metro lehenago geratu ziren. Bazter batean, arbolak mozturik, hiltzeko lekua egina zeukaten (...) Kosta zitzaigun leku hartara hurbiltzea. Nire anaia lasai zegoen, denoi begira. Nik garaipenaren keinua egin nion eskua jasota. ‘Gora Euskadi askatuta. Aberria ala hil!’, oihu egin zuen. Gero, Eusko gudariak kantatzen hasi zen. Hamaika bala sartu zizkioten. Hamabigarrena, errematezkoa, ikusten ez zidaten utzi. (...)

»Jose Luis Pons [Llovet] familiaren hilobian sartu genuen hurrengo egunean. 52 urterako giltzapean sarturik dute honen etxeko bat. Familiak berak eskaini zigun hilobia. (...)

»Ordu latzak eta tristeak izan ziren niretzat. Baina ordu larri haietan anaiari lagundutako poza ez dit inork kenduko. Gogoan ditut anaiaren hitzak: ‘Hau ez da bukatu, Mikel, segi borrokan’».

2013, ‘Erlea’

Bestelakoa dugu handik urteetara Bernardo Atxagak Antonia Manoti Erlea aldizkarian egindako elkarrizketa. Idazleak elkarrizketatuek hautatu zenbait objektu aitzakia hartu, eta hainbat pertsonarekin jardun zuen honetaz eta hartaz solas ederrean. Literatur aldizkariaren 7. zenbakian, Antoniarekin mintzatu zen Atxaga. Hein bat egokitu ditugu biek orduan ibilitako hitzak.

Tarte batean, jaso zuen presioaz galdetu ziolarik Atxagak Antonia andreari, honek...

«Bizi egin behar zen hura! Ez da sinestekoa. Niri eman didaten bizimodua ez da sinestekoa. Hilabete eskas izango zen Jon hil zutela, asasinatu zutela, eta guri burua ireki ziguten!

»Jende asko etortzen zitzaigun etxera [babes eta laguntza ematera]. Gau batean, txirrina jo zuten, askotan bezala. Iluntzeko zortziak-edo, bederatziak-edo izango ziren. Sukaldean geunden, bi alabak [Guadalupe eta Isabel] eta fraideen [frantziskotarrak] ikastetxeko irakasle bat [Jose Maria Iribar], umeak ikustera etorria zela. Hantxe geunden denok, sukaldean, eserita. Txirrina jo zuten, ireki genuen atea, eta bi gizon, ez oso gazteak, sukalderaino sartu ziren. Eta Isabeli heldu eta burua ireki zioten pistolarekin jota. Eta Lupe hartu, eta burua ireki. Eta irakaslea ere hartu, eta burua ireki...

»Etxeko bi ume txikiak ez zituzten harrapatu, ez zeunden-eta etxean. Eta esan zidaten: ‘Zure seme Mikel Pirinioetan atxilotu dugu’ [1975eko urria. Huescan (Espainia) harrapatu zuten Mikel Paredes Manot. Donostiako Gobernu Zibilera ekarri, eta eduki zuten han lau egunez, inork ez zekiela]. Eta irakaslea lurrean eta bi alabak odoletan. Niri ere buruan eman zidaten, gero puntuak eman behar izan zizkidaten. Denoi egin ziguten zauria.

«Behar izan nuenean, mundu honetan inork baino gehiago lagundu zidan andre hark, Mikelek»

ANTONIA MARIA MANOT GARCIAJuan Paredes Manot 'Txiki'-ren ama

»Eskaileretan gora jo nuen herioan [laugarren solairura, Mikele Etxaberenera], odola dariola eta oihuka: ‘Alabak hil nahi dizkidate!’. Mikeleri esan, eta eskaileretan behera etorri zen hura ere, oihuka: ‘Atera, atera denok, umeak hil nahi dituzte!’. Baina jaitsi ginenerako bi gizonak alde eginda zeuden. Etxearen atzeko aldetik autora joan, eta alde egin zuten. Ez zituzten harrapatu.

»Burua ireki ziguten, baina inork ez zuen sekula jakin nor izan zen.

»Egun hartan Mikele auzoak bere etxean hartu gintuen lotarako. ‘Ez duzue hor lo egingo. Etorri gure etxera’. Eta han, oheratuta ere, logelara etorri eta galdetzen zidan Mikelek: ‘Antonia, lo? Lo zaude? Buruan minik bai?’. ‘No, maitia’, erantzuten nion nik. Karino handia eman zigun Mikelek, eta behar zen guztia. Behar izan nuenean, mundu honetan inork baino gehiago lagundu zidan. Emakume zoragarria da Mikele, ezkondua da eta bi seme-alaba ditu, eta sekula ez dugu amistadea galdu».

2024 honetan, 49 urte.

Eta 1976 hartan bezala, ezin ahaztu.

Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena, Garcia Sanz...

'Bizilagunak'

Izen bera dugu: Juan.

Mutil gaztea zinen zu, ni gaur naizena.

Erdiz kanpokoa... ni ere bai.

 

Zalamea de la Serenatik etorri zinen zu

eta hartu zintuen herrian jaio nintzen ni.

 

Ezberdinrentzat berdintasuna nahi zenuen

eta deserriaz aberri egin.

 

Nola baino garrantzitsuagoa da zergatik.

Zergatik baino deserosoagoa da zer.

 

Zure gurasoen etxea zena nireenaren ondoan dago.

Etxepeko sahatsa palmondoa da orain.

 

Urduri mugitzen naiz

zure izenik ez duten zure kaleetan.

 

Iraintzeko gogoratua,

lurpean askatasun haize,

 

destinoak ulertzen ez ditugun jokoak

egiten dizkigu batzuetan:

 

ez al zenekien Paredes

hormak zirela?

Jon Benito, 'Bulkada' (Susa, 2010)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.