Etxepare sariaren irabazleak

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta: «Ezezaguna ezagun bihurtzen den heinean desagertzen da beldurra»

Album ilustratuen Etxepare saria irabazi dute Rosendek eta Ariznabarretak, 'Mamuki' istorioarekin.

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta, Etxepare saria irabazi duten bi sortzaileak. BERRIA
Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta, Etxepare saria irabazi duten bi sortzaileak. BERRIA
itsaso jauregi 2
2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Iritsi da gau beltza, mamuek beren eginkizuna betetzeko garaia: sustoak ematea. Mamuki mamu txikia, ordea, gaixorik dago, eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatu dadin, baina alferrik. Azkenean ustekabeko irtenbide bat emango diote mamutxoaren arazoari. Umorea eta beldurra nahasten dituzte Maite Rosende ilustratzaileak (Donostia, 1991) eta Nerea Ariznabarreta idazleak (Eibar, Gipuzkoa, 1981) Mamuki istorioan, eta Etxepare saria jaso dute kontakizun horrengatik.

Nolatan piztu zitzaizuen ‘Mamuki’ sortzeko ideia?

NEREA ARIZNABARRETA: Gau Beltzaren eta beldurraren inguruko saio bat egin nahi genuen, eta, hala, katarroa duen mamu baten istorioa kontatzen hasi ginen, txotxongiloen bidez. Gero, bion artean hasi ginen istorioa garatzen.

MAITE ROSENDE: Proiektu bat egin behar zen, bikoteka, idazle baten eta ilustratzaile baten artean. Ideia proposatu zidan, eta lanean hasi ginen.

Nola lortu duzue fantasiaren eta errealitatearen artean oreka gordetzea?

ARIZNABARRETA: Umeen irudimen hori guztia eguneroko gauzekin uztartu nahi genuen, haiek istorioa hurbilago sentitzeko. Umeekin asko aritu naiz, eta beti izaten dituzte mukiak; orduan, mamuak ere mukiak ditu.

ROSENDE: Pertsonaiak fantastikoak dira, baina haien ingurunea ez, istorioa logela batean gertatzen baita.

Beldurraren inguruan gutxi hitz egiten da?

ARIZNABARRETA: Bai. Heriotza da horren adibidea: ez denez hartaz hitz egiten, zauri pila bat geratzen dira barruan, eta galdera pila bat ere bai. Antzinako ohitura zen elkarrekin esertzea eta beldurra partekatzea. Gau beltza, behintzat, hortik dator.

Beldurra kolektibizatu behar da, beraz?

ARIZNABARRETA: Bai. Beldurra partekatu behar da, besteei zure istorioa kontatzean argia ematen baitiozu iluntasun horri.

Nola erabaki zenuten Mamukiren diseinua nolakoa izango zen?

ROSENDE: Ez genuen pentsatu: naturalki atera zen. Testuan oinarritu nintzen, eta nire estilo sinplean egin nituen ilustrazioak.

ARIZNABARRETA: Katarroa duen mamu bat oso barregarria iruditu zitzaigun. Umorea ere jorratzen dugu. Momentu hunkigarriak topatu nahi izan ditugu, baina umorearekin.

Umorez landu beharrekoa da gaia?

ARIZNABARRETA: Bai. Horregatik egin dira pelikula asko umorea eta beldurra uztartuz. Eguneroko elementu bat jarri behar da inguru beldurgarri batean. 

ROSENDE: Adibidez, Mamuki ume baten gela izan zitekeen leku batean bizi da, baina banpiroen eta munstroen laguntza jasotzen du.

Beldurraren katarroa kutsakorra da?

ARIZNABARRETA: Oso kutsakorra da. Gauza askorekin beldurtzen gara, baina, batez ere, ezezaguna den horrekin. Ezezaguna ezagun bihurtzen den heinean desagertzen da beldurra.

Zein da beldurrezko edukien alderik erakargarriena?

ARIZNABARRETA: Beldurrak badu zerbait erakargarria. Beldurrezko pelikulak ez ditugu ikusi nahi, baina, aldi berean, pantailari begira egoten gara. Umeei gauza bera gertatzen zaie: munstroen beldur dira, baina, aldi berean, maite dituzte.

Zein da Mamukiren beldurra?

ARIZNABARRETA: Sustoak emateko aukerarik ez izatea. Gaixotzen denean alferrikakoa dela uste du.

Nola hartu duzue Etxepare saria?

ROSENDE: Oso pozik.

ARIZNABARRETA: Ez genuen espero. Asko eskertzen dugu. Gure ibilbideari eta lanari aitortza egiteko modu oso polita izan da. Batzuetan zaila da nork bere buruan sinestea, eta ibilbide hau oso polita izan da, Rosendek hasieratik sinisten baitzuen proiektuan. Orain gogotsu gaude Mamuki jendearen esku jartzeko.

LOTSABAKO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.