Kolorez eta danbor hotsez bete dira Iruñeko karrikak. Alde Zaharreko txoko guztietara zabaldu du danborren burrunbak aniztasunaren eta errespetuaren aldeko oihua. EH 11 Kolore taldeak 11 Kolore Fest jaialdia egin zuen atzo, lehendabiziko aldiz, Iruñean. Jendetzak bat egin zuen antolatzaileekin, eta, Jarautaren eguna ospatu zutela aprobetxatuz, karrika hori hamaika herriz osatutako mundu txiki bilakatu zuten egun batez, pertsonak eta herriak ezberdinak baina berdinak direla argi uzteko.
«Euskal Herriko biztanleen jatorria eta kultura askotarikoak direla aldarrikatu nahi dugu, agerian utzi, festa giroan», azaldu zuen EH 11 Kolore taldeko koordinatzaile Beñat Garmendiak, atzo. Iruñeko Udaletxe plazan argi gelditu zen hala dela. Argentinako, Galiziako, Boliviako eta Euskal Herriko hainbat musikari eta dantza taldek haien koloreez betetako jantziak erakutsi zituzten; ezagutzera emateko, partekatzeko, ospatzeko eta aldarrikatzeko.
Asi es Bolivia taldeko Lizcett Quinterosek «harro» erakutsi nahi izan zituen atzo bere herriko koloreak: «Gure kulturaren berri eman nahi dugu, haren bidez hemengo gizartean integratzeko», azaldu zuen dantzariak.
Iruñeko hamaika kultur talde eta gizarte eragile gonbidatu zituen EH 11 Kolore taldeak atzoko besta ospatzera. Tartean ziren SOS Arrazakeria elkarteko kideak ere. «Bestak eta aldarrikapenak bat egin dute gaur [atzo]; garrantzitsua da, oraindik ere, karrikara ateratzea, lan handia baitago egiteko», nabarmendu zuen taldeko kide Beatriz Villahizanek.
«Bestak balio du Euskal Herriko gizartean dauden hamaika jatorritako pertsonak ikusgarri bilakatzeko. Tamalez, haietako anitzen eskubideak ez dituzte onartu oraindik ere. Migratzaile anitzen errealitatea ez da behar lukeena oraindik ere», salatu zuen Villahizanek. Palestinari ere keinu bat egin nahi izan zion, eta «hainbat herriren eskubideak» ere zapalduta daudela erran zuen SOS Arrazakeria elkarteko ordezkariak.
Txalaparta eta suziria
Hamaika herritako eta taldetako kideek 18:30ean egin zuten bat Iruñeko Udaletxe plazan. Zain zeuden ehunka herritar. Txalapartaren hotsak eta suziri batenak eman zioten hasiera bestari, eta antolatzaileen hitzek musikari eta danborren hotsari eman zieten jaialdiaren lekukoa: «Ahots eta gorputz ezberdinak ditugu, baina eskubide, betebehar eta aukera berberak».
Musikak eta danborren hotsak dantzan jarri zituzten jaialdian parte hartu zuten kide guztiak, bai eta karriketan bat egin zuten herritarrak ere. Turistek jakin-minez so egiten zieten kolorez betetako panpinei, joaldunei eta Galiziako gaiteroei. Hamaika argazki egin zizkieten, inork ez baitzion eutsi nahi atzoko bestaren koloreak irudi batean gordetzeko tentazioari.
Udaletxe plazatik Alde Zaharreko karriketan barrena sartu ziren 11 Kolore Fest jaialdiko parte hartzaileak. Jarautatik San Lorenzora abiatu ziren, eta Kale Nagusitik, berriz, San Frantzisko plazara. Danborren hotsa ez zen momentu bakar batez ere isildu, eta karrikan zegoen jendea dantzan jarri zuten ibilbidean parte hartzen ari ziren taldeetako kideek. Besta giro aparta sortu zuten denen artean.
Zapateria karrikarako bidea hartu zuen bestak San Frantziskotik, eta Zapateriatik, berriz, Curia karrikarakoa. Nabarreriaraino eraman zuten danborren burrunba, eta handik, berriz ere, Udaletxe plazara ailegatu ziren bestan parte hartu zuten taldeak eta herritarrak.
Hasi zuten tokian amaitu zuten besta. Hobeki erranda, danborren martxa amaitu zen Iruñeko herriko etxearen aurrean; bestak aurrera jarraitu baitzuen, Jarautako tabernen eskutik. Bakoitzak herri bat aukeratu eta girotu egin zuen haren omenez. Martxa amaituta, han jarraitu zuten iruindarrek, Euskal Herriak hamaika kolore dituela ospatzen. Atzo, kolore horiek hartu zituzten Iruñeko Alde Zaharreko karriketako txokoak.
ATZEKOZ AURRERA
Ezberdinak baina berdinak
EH 11 Kolore taldeak Euskal Herriko kultur aniztasuna aldarrikatu du, besta giroan, Iruñeko karriketan. Lehendabizikoz egin du 11 Kolore Fest jaialdia, Nafarroako hiriburuan, Jarauta karrikaren eguna ospatu dela aprobetxatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu