Mariasun Pagoaga. Aktorea

«Ezberdina da sentsibilitatea euskara batuan ala euskalkian»

'Goenkale' telesailean moja zintzo baten rola jokatu zuen lehenik; Amalia Etxegarai alargun gogorrarena egin du aurten. Bi pertsonaia, ezberdinak oso, epe laburrean.

urtzi urkizu
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
80 egunean filmarekin egin zen ezagun jende gehienarentzat Mariasun Pagoaga (Arrasate, Gipuzkoa, 1950). Telebistan ere ibili da, Doke antzerki taldeko lanak albo batera utzi gabe.

Nola hasi zinen antzerkia egiten?

Duela hamar urte, abesbatza baten urteurrena ospatzekoa zen Arrasaten. Ekitaldi bat egiteko asmoa zegoen, eta elkarte gastronomikoei eskatu zieten ea zerbait antola zitekeen. Nire senarra saltsa horietan dabil. Hala, beste lagun batzuekin batera joan nintzen, eta antzezlan bat prestatu genuen Arrasateko historiari lotuta. Pentsatu genuen, hori egiteko kapaz izanik, ea zergatik ez genuen herriko antzerki talde bat sortzen. Horrela sortu zen Doke taldea. Hor jarraitzen dugu.

Antzerkia egiten pozik jarraitzen duzu?

Bai, oso pozik. Ez dut besterik buruan. Arrasaten herri antzerkia egiten jarraituko dugu. Hori da guri gustatzen zaiguna, eta astean hainbat orduz biltzen gara.

Goenkale-n lehenbizi Sor Marina mojarena egin zenuen, eta denboraldi honetan Amalia Etxegarai alargunarena. Zein pertsonaia nahiago duzu bietatik?

Ziur aski Amaliarena. Duela bi urte mojarena egin behar nuela esan zidatenean gustura hartu nuen, pentsatu nuelako moja okerra izango zela. Denetarik izango da, baina neure buruan ez dago moja onik. Moja onarena egin behar nuela esan zidatenean ez zidan hainbeste graziarik egin, baina gero esperientzia polita izan zen. Ez nuen uste Goenkale-tik berriro deituko zidatenik, baina zorionez Amaliaren pertsonaia etorri zen.

Nolakoa zen Amalia, hil berri duten pertsonaia?

Oso gogorra. Familia ospetsu baten matriarka zen. Eskuetan botere handia zuen. Familia barnean korapilo, gezur eta gorabehera asko sortu dira, tartean hilketa bat.

Telebistan maiz azalduta, kalean gehiago gelditu eta agurtzen al zaituzte?

Zenbaitetan harritu egiten naiz kontu batzuekin. Arrasaten badago ohitura Goenkale ikusteko, eta batzuek iritziak ematen dizkidate pertsonaiaren inguruan. «Ez zara hilko!» eta horrelakoak esaten zizkidaten. Gehien harritu nauen anekdota Oñatin [Gipuzkoa] gertatu zitzaidan duela gutxi. 10 urteko lau mutil etorri zitzaizkidan zozketa txartel batzuk saltzen, eta esan nien ilobari erosiak nizkiola. Batek bat-batean galdetu zidan ea Goenkale-ko Amalia nintzen. «Iktus bat eman dizu, baina ez zara hilko ezta?», bota zidan. Harrituta nago haurrek ere Goenkale ikusten dutelako.

Moja onarena egin eta gero, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagari eskatu beharko diezu moja gaizto baten pertsonaia idazteko...

Guregatik balitz, Garañok eta Goenagak gidoi berri bat idatzia lukete jada. Itziar Aizpuruk eta biok harreman oso estua dugu, eta bi zuzendariei eskatu izan diegu ea zergatik ez duten 80 egunean filmaren bigarren zatiaren gidoia idazten. Ideiak bota dizkiegu.

Loreak filmean pertsonaia txiki bat daukazu. Zer esan dezakezu izaten ari den arrakastaren inguruan?

Nahiz eta rol txikia izan, nirekin gogoratzea garrantzitsutzat jo nuen. Ohore bat. Filma oso sentikorra da; barneko sentimenduak kanporatzen ditu. Pelikula oso polita da, eta munduko zorte handiena merezi du.

Interneten bada eztabaida: interpretazioan euskara batua ala euskalkiak?

Nire euskara Arrasatekoa da. Euskara batuko aditzak ez ditut ikasi. Goenkale-n euskara batuan egin behar dut, baina horrela ikasten ditut gidoiak, eta kito. Antzezlanetan Arrasateko euskara erabiltzen dugu, baina telebistan ezin da. Neure sentimenduak hizkera propioarekin azaleratzea ala batuan ikasita ez da gauza bera. 80 egunean filmean gidoia euskara batuan zegoen, baina zuzendariek eskatu ziguten Getariako eta Arrasateko hizkera erabiltzeko. Hor sentsibilitatea ezberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.