M unduko Futbol Txapelketa hasteko bi aste eskas falta dira, baina Iruñeanbeste txapelketa garrantzitsu bat egingo dute gaurtik aurrera: First Lego League txapelketa. Ez du futbolekoak bezainbesteko oihartzunik, baina ikusgarria da oso. «Urtero 63 herrialdetako 230.000 gaztek parte hartzen dute», esan du Montse Bover antolakuntzako kideak. Txapelketaren helburua da umeengan zientziaren eta teknologiaren aldeko bokazioa piztea. Aurtengo gaia hondamendi naturalena da.
Asteburu honetan jokatuko dute, Baluarten, 42 herrialdetako 96 taldek Europako finala. Aurtengo gaia hondamendi naturalak direnez, talde bakoitzak halako egoera bati aurre egiteko proiektua landu behar izan du zortzi astean. Hainbat kanporaketa igaro ostean, Baluarten daude onenak. Hala ere, bakoitza ideia batekin etorri da Iruñera; batzuk, irabazteko gogoarekin, eta beste batzuk, lagunak egiteko asmoarekin.
«Txapelketan hiru proba gainditu behar dituzte», esan du Boverrek. Lehenengo eta behin, aukeratutako arazoari aurre egiteko proiektua aurkeztuko dute parte hartzaileek. Horrekin batera, euren proiektuaren oinarria izango den robota diseinatu, egin eta programatu behar dute. Azken proba lan egiteko moduari buruzkoa da. «First Lego Leaguen balioak barneratu dituztela frogatu behar dute, eta taldean lan egiteko gai direla erakutsi».
Askotariko proiektuak
Europako finala baldin bada ere, antolakuntzak Europatik kanpoko taldeak ere gonbidatu ditu. Mayra Perezchantes eta Sandra Patricia Beliz, adibidez, Mexiko Hiritik etorri dira. «Gure proiektua Popocatepetl sumendiari buruzkoa da. Azkenaldian, sumendiak erupzio mehatxuak izan ditu», dio Perezchantesek. Sumendiek eztanda egiten dutenean, lur mugimendu handiak egoten dira. «Lur mugimendu horiek lohi piloa sortzen dute, eta horrek etxeak, autoak eta denetarik eraman ditzake. Gure proiektua ibilgailu bat da; hori gertatuz gero, inguru horretan mugitu ahal izateko balioko luke», adierazi du Belizek. Mexikoko txapeldunak dira, eta lehiatzera datoz. «Lan ona egin nahi dugu, eta Mexiko gorenean utzi».
Bartzelonatik etorri dira Julia Serra eta Paula Casellas. Uholdeei aurre egiteko proiektua egin dute. «Gure egitasmoa da etxebizitzetan lur azpiko igerilekuak egitea, uholdeetako ura xurgatu ahal izateko. Hala, urak gainezka egiten badu, etxeak gora egingo luke,urik ez sartzeko», azaldu du Serrak. Norvegian egiteko proiektua da, horrelako egitasmoak finantzatzeko baliabideak baitituzte han.
Euskaldunak ere badaude finalean: Unai Esandi eta Jon del Hoyo. Lauro ikastolako ikasleak dira biak, bizkaitarrak. «Tximista detektatzaile bat egin dugu. Proiektuak hiru fase ditu: detektatzailea bera, dronea eta suhiltzaileentzako aplikazioa», adierazi du Esandik. Robotaren diseinuagatik estrategia eta berrikuntza sariak irabazi zituzten Espainiako Txapelketan. Maila handia dagoela onartu dute, baina haien lehentasuna ondo pasatzea eta beste taldeetako kideekin harremanak egitea da.
Ezbeharrei aurre eginez
Natur hondamendiei aurre egiteko proiektuak aurkeztuko dituzte 825 gaztek, igandera arte Iruñean jokatuko duten Europako First Lego League txapelketako finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu