Erizaina da ogibidez Nerea Aranburu Alonso (Donostia, 1994). Hala ere, askok lanetik kanpo duen zaletasunagatik ezagutuko dute: Ivan Aizpuruarekin batera, Atzean Zuloa Youtubeko kanaleko aktorea da. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da Atzean Zuloa. 2018an abiatu zuten egitasmoa, eta, zortzi esketx kaleratu ondoren, ostiralean amaituko da laugarren denboraldia.
Urtarrilean hasi zenuten Atzean Zuloa proiektuko laugarren denboraldia. Badu berritasunik?
Orain arteko bide beretik ari garela esango nuke. Formatua berbera da, eta umorea egiten jarraitzen dugu. Hala ere, berritasun gisa aipa daiteke bideo motzagoak egiten saiatu garela; besteak beste, iruditzen zaigulako esaldi laburragoak erabiliz bideoa eramangarriagoa edo dinamikoagoa dela.
Zer balorazio egiten duzu orain arteko denboraldiez?
Oso positiboa. Ivan eta biok oso pozik gaude aktore gisa, gero eta erosoago, eta, horrekin batera, Bagerak eta Hiru Damatxok berriro deitzen gaituztenez, haiek ere pozik daudela dirudi. Denboraldiz denboraldi ideia berriak ateratzen dira, baina muina bera da, eta hori da adierazgarriena.
Nola prestatzen dituzu pertsonaiak?
Hiru Damatxok gidoia bidaltzean, irakurri egiten dut, eta pertsonaia horren paperean sartzen saiatzen naiz. Izan ere, beti dago zerbait nirekin edo nire lagunen batekin erlazionatzen dudana. Hortaz, alde horretatik, ez zait oso zaila egiten pertsonaiaren azalean sartzea. Azken batean, egunerokotasunean ikusten ditugun pertsonaiak dira, oso gertukoak direnak eta erraz identifikatu daitezkeenak.
Ikus-entzuleak behin baino gehiagotan identifikatuta sentitzen dira interpretatzen dituzuen pertsonaiekin. Hori da zuen asmoa?
Bai, hori da, nolabait esateko, Atzean Zuloa proiektuaren indargunea. Denok ezagutzen dugu bideoetan agertzen diren pertsonaietakoren bat gogorarazten digun norbait, edo are gehiago, kasu batzuetan, gu geu ere identifikatzen gara pertsonaia horren ezaugarriren batekin.
Gizartearen kritika moduko bat da azken batean.
Bai, hori da. Umorea hizkuntza gisa erabiliz, kritikak egitea edo, besterik gabe, geure buruari barre egitea da asmoa, ezbairik gabe. Denok daukagu atzean zuloa, eta, bideo hauen bitartez, topikoak eta ez horren topikoak betetzen direla ikusten da.
Ikusleek nola erantzun dute?
Jendeari grazia egin dio, eta oso pozik gaude, harrera ona izan dugulako. Gainera, publikoak oso azkar harrapatu du Pantomima Full-en kopia dela, eta behin baino gehiagotan aipatu izan digute Pantomima Full-en euskarazko bertsioa garela. Egia esan, hori zen gure helburua, eta ez gara ezkutatzen. Kasurako, publikatutako azkeneko esketxa Ipar Euskal Herriaren ingurukoa da, eta sekulako sorpresa hartu dugu, besteekin alderatuta, arrakasta handia izan duelako.
Zer helbururekin sortu zen Atzean Zuloa proiektua?
Ironiaren eta umorearen bidetik esketx laburrak egitea zen asmoa: gizartearen jarrera eta estereotipoak arakatzea, entretenitzea, ondo pasatzea eta buruari bueltaren bat edo beste ematea.
Pertsonalki, noiz edo nola hasi zinen umorea publikoki lantzen?
Zurriola antzerki eskolan hasi nintzen 10 urterekin, eta han, genero desberdinak probatzeko aukera izan genuen. Hala ere, beti izan dugu umorera jotzeko joera.
Ogibidez erizaina zara. Egoera gogorretan, beharrezkoa al da umorea egitea?
Inolako zalantzarik gabe. Pandemia garaian, gainera, argiago geratu da. Nire kasuan, umeekin egiten dut lan, eta umoreak izugarri laguntzen du mezu garrantzitsuak bidaltzeko, egun txarrak hobeak bihurtzeko... Oso esker onekoa da.
Nolakoa da umorea euskaraz egitea?
Gu euskaraz bizi gara. Hortaz, naturalki ateratzen zaigun zerbait da euskarazko umorea egitea.
ATZEKOZ AURRERA. Nerea Aranburu. Atzean Zuloa-ko aktorea
«Ezbairik gabe, geure buruari barre egitea da asmoa»
Ivan Aizpuruarekin batera, Atzean Zuloa proiektuko aktorea da Nerea Aranburu. Ironiaren bidetik umorezko esketxak egitea da asmoa. Ostiralean amaituko dute laugarren denboraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu