EZARIAN. ZIENTZIA. Simon Singh

Eider Carton.
2010eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gogoratzen dut hotzikarak eragin zizkidala Trick or Treatment liburuak kiropraxiari eskainitako kapituluak. Izan ere, terapia alternatiboen aurpegi gordinena erakusten zuen kapitulu hark: tratamenduak eragindako heriotza. Liburua irakurri nuen arte ez nengoen oso jabetua kiropraxiaren oinarriaz, ez eta aplikatzen diren tekniken agresibitateaz ere.

Ornoetako subluxazioak omen dira gaitzaren jatorria, eta tratamendua: subluxatutako artikulazioak berezkoa duten malgutasunetik pixka bat harago bortxatzea mugimendu azkar eta lehorren bidez, subluxazioak bere tokira ekarri eta mina sendatzeko. Bizkarreko mina osatzeko erabiltzen da normalean; kasurik heterodoxoenetan, asma, belarriko infekzioak, loaren asaldura edo baita kolikoak osatzeko ere.

Dislokazioak eta hausturak dira manipulazio horien ondorio kaltegarri arruntenak, baina, lepoan egiten direnean, arriskua dago garunera doazen odol hodiak kaltetzeko, eta, kasurik okerrenean, heriotza eragiteko. Gehiegikeria bat eta izua zabaldu nahia irudi dezake esandakoak, tratamendu mediko asko baitira arriskutsuak edo oldarkorrak. Kimioterapia izan liteke adibide bat. Kontua ez da hori, ordea. Albo-ondorio larriak jasaten dituztenen ehunekoa oso txikia izanagatik, kiropraxiaren aldeko froga zientifikoak hain dira ahulak, ez baitu inolaz ere merezi arriskua hartzea.

Trick or Treatment liburuan sistematikoki aztertzen dituzte homeopatia, akupuntura, sendabelarrak eta kiropraxia Simon Singhek eta Edzard Ernstek -medikuntza alternatiboaren arloko medikua azkena-: zein diren haien oinarriak, zer aldarrikatzen duten, eta haien eraginkortasuna frogatzeko egin diren ikerketa eta saio klinikoen emaitzak.

Ondorioak garbiakdira ikusi nahi dituen edonorentzat, eta benetan merezi du liburua irakurtzeak. Kiropraxiaren kasuan, gainera, egileek espero ez zituzten ondorioak izan ditu han kontatutakoak. Izan ere, Britainia Handiko Kiropraxialarien Elkarteak auzitara eraman zuen egileetako bat, Simon Singh, The Guardian egunkarian idatzitako artikulu batean elkartea difamatzeagatik.

Duela bi urte hasi zen beldur-hotzikarak eragiteko moduko prozesua, eta joan den hilean amaitu zen, elkarteak bertan behera utzi zuenean. Garaipen gozoa izan da azkenean, nahiz eta 200.000 libra gastatu behar izan dituen Singhek defentsan, bai eta buru-belarri horretara dedikatu ere, bi urtez. Garaipena gozoa izan da bidean agerian gelditu direlako kiropraxialarien elkartea,eta haien ustezko froga zientifikoak -British Medical Journal-en argitaratutako artikulu batean ezeztatu zituen denak Edzard Ernstek berak-; baita kiropraxialarien elkarteko kideen jarduera, formazioa eta iragarkiak ere. Izugarrizko oihartzuna izan du kasuak Britainia Handian, eta amesgaiztorik txarrenean ere imajinatuko ez zuten bumeran-efektua izan du salaketak kiropraxialarien jardueraren gain. Egin kontu, webguneak ixtea gomendatu zien elkarteak kideei une batean, Singhen kasuaren inguruan bildu diren pertsonek jarritako kexuei erantzun ezinik.

Kiropraxialariak hankaz gora jartzeaz gain, ematen du Britainia Handiko libeloaren araudiari ere eragingo diola kasu honek. 50.000 sinadura bildu dituen kanpaina baten ondoren, hura aldatzeko konpromisoa hartu baitute hiru alderdi nagusiek (araudiari egiten zaizkion kritika nagusiak dira demandatuaren gain uzten duela pisu guztia, bai frogarena eta bai ehunka mila librakoak izan ohi diren kostuena; eta, adierazpen-askatasuna bortxatzeko baliatzen dela, ondorioz). Hori aldatuta, zailagoa izango da zientziaren hondarrean argitu eta eztabaidatu beharrekoak epaitegietan itotzea. Bejondeizula, Singh, ausartzeagatik. Jasotako babesa handia izan arren hasieratik, eta gozoa garaipena, gazia eta larria delako gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.