Gora begira jarrita, eguraldi aldaketa iragarri dute meteorologia adituek egunotarako. Euri egunak omen datoz, eta osagai ezinbestekoa da hori basoetan onddoak hazteko. Lehorra izan da uda, eta goiztiarrenek abuztuan ale bakan batzuk biltzeko modua izan bazuten ere, perretxikoak ateratzeko baldintzarik ez da izan azken asteetan. Ultzamako parketxean bihar irekiko dute onddo garaia, baina parketxearen webgunean jarria duten iragarpenak ez du perretxikozalea berehalakoan gogobeteko: pagadietan ziza hori (Cantharellus cibarius), onddo (Boletus aestivalis) eta gibelurdin (Russula cyanoxantha) aleren bat egon daitekeela iradokitzen du idatziak. Ezer gutxi, beraz. Bihartik azaroaren 1era arte, 08:30etik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, zabalduko dute Ultzamako parketxea, eta 08:30etik 16:00etara, asteburu eta jaiegunetan.
Kolpetik botatako euria, ordea, ez da nahikoa berme izaten perretxikoak irteteko. Azken urteetan kopurua jaitsi egin dela ondorioztatu du Aranzadiko Mikologia Sailak. Hilero antolatzen dituzte irteera mikologikoak, eta horietan denetariko espezieak biltzen dituzte, ikerketarako. Kopuru txikia bildu dute azken aldian, eta asko dira hori eragin duten arrazoiak, Aranzadiko adituen esanetan. Klima lehorragoa izaten ari da, eta euri jasak bortitzagoak. Euskal Herrian ohikoa den zirimiria gutxiago egiten du, eta erauntsia handiak ez dira komenigarriak izaten onddoak irteteko. Jende kopuruaren gorakadak, basoetako zoruaren zapalketak eta perretxiko bilketa gehiegizkoak ere eragin dute beherakada.
Gehiegizko biltzearen kontrako neurriak
Azken urteetan goia jo du Euskal Herriko baso eta mendietara joaten den jende kopuruak, eta auto ilara luzeak, perretxikoen gehiegizko bilketa eta basoak kaltetzea eragin du horrek. Mugak jartzeko bidea 2007an abiatu zuten Ultzaman, eta Arabako Aldundiak 2008an onartu zuen perretxiko, onddo, fruitu eta lore bilketa arautzeko dekretua. Eztabaida iturri izan ziren erabaki horiek, baina basoak babesteko araudia beharrezkotzat jotzen dute egun politikari, mikologo eta onddozaleek. Aurten Gipuzkoan prestatu dute onddo biltzea arautzen duen zirriborroa, eta 2011n jarriko dute indarrean. Bada, ordea, desberdintasunik. Nafarroan eta Araban ez bezala, jabego pribatua dute Gipuzkoako mendien %80k, eta, ondorioz, arauak natur parkeetan soilik jarriko dira indarrean: Aiako Harria, Pagoeta, Aratz-Aizkorri eta Aralar.
Mikologia munduan hasi nahi dutenek, edo haien jakintzan sakontzen jarraitu, datozen egunetan antolatutako jardunaldietan dute horretarako aukera. Donostiako Loiola auzoan hitzaldi, irteera eta perretxiko eguna izango dira, besteak beste, astelehenetik aurrera. Argibideak: www.loiolatarra.org.
Araudiak
ARABABi kilo egunean. Kuotarik ez da ordaindu behar, baina pertsona bakoitzak bi kilo bil ditzake egunean. Amurrion berezko araudia dute, eta Trebiñuko San Martin Galbaringo barrutian hiru kilo ziza eta beste espezieetako bi kilo bil litezke egunean.
BIZKAIA
Araurik ez. Aldundia aztertzen ari da aukera.
GIPUZKOA
Txostena prest. Aldundiak idatzia du zirriborroa, eta heldu den urtean indarrean jartzeko asmoa du. Natur parkeetan eragingo du: Aiako Harria, Pagoeta, Aratz-Aizkorri eta Aralar.
NAFARROA
Baimena Ultzaman. Kanpotarrek 5 euro ordaindu behar dute eguneko, eta 8 kilo har daitezke. Urteko baimena 50 euro ordaindu behar da, astelehenetik ostiralera; 75 euro, berriz, asteburua barne. Aezkoa, Auritz, Bertiz, Biotzari, Erronkari, Gazteluberri, Luzaide, Orreaga eta Zaraitzun barrutiak jarri dituzte.
IPAR EUSKAL HERRIA
Debekua. Ezin dira bildu, lurrek jabea dutelako, baina egunean bost kilo hartzea zilegi da.
Pedro Arrillaga.Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko zuzendaria
«Basoa aldatzenari da, eta onddo kopurua gutxitzen»
E. Agirre. DonostiaUdazkena baliatzen dute mikologia elkarteek jardunaldiak antolatzeko. Aranzadi Zientzia Elkarteak urrirako prestatu ditu bereak, hezkuntza egoki bat emateak izan dezakeen garrantziaz jabetuta. Azken urteetan perretxiko kopuruak behera egin duela ohartarazi du Pedro Arrillagak (Donostia, 1949), eta begi onez ikusten ditu basoak babesteko neurriak.
Udazkena ate-joka, zer baldintza dago baso eta mendietan?
Eguraldiari begira egongo dira biltzaileak, lehortea tarteko mendian ez dagoelako alerik; ez jatekorik, ez eta jan ezin daitekeenik ere. Txarra izaten ari da garaia, oraingoz. Euri pixka bat egin zuen inguruetan, Nafarroako Bidasoan eta Bertizen, esaterako, abuztuan ale bakan batzuk bildu zituzten, baina oso gutxi.
Egunotarako euria iragarri dute. Zertan eragingo luke horrek?
Euria ezinbestekoa da, baina onddoak ateratzeko 'gogoa' izan behar duela esan ohi dut nik. Ur baldintzak ez ezik, beste aldagai batzuk ere aintzat hartu behar dira: tenperatura edo zuhaitzen eta onddoen arteko harremana, adibidez. Baldintza egokiak emateak ez du bermatzen onddoa ateratzea. Euria egin eta hainbat egunez eutsi behar dio hezetasunari, hego haizerik ez du egin behar... Onddoa konplexua da, eta urtetik urtera kopuruan jaitsiera handia antzeman dugu.
Zerk eragin du jaitsiera hori?
Jaitsiera ez da jateko espezietan eman soilik. Klima gero eta lehorragoa dugu, eta euria egiteko modua aldatu egin da: zirimiri gutxiago egiten du, eta euri jasak indartsuagoak dira. Jende asko doa perretxikotara, eta basoetako zorua kaltetu egiten da. Kutsadura, basogabetzea... basoa aldatzen ari da, eta aldaketa horiekiko sentibera da onddoa.
Azken aldian garatu diren araudi eta debekuen inguruan zer iritzi duzue?
Basoak babesteko neurriak egoki ikusten ditugu, baina hartzen diren neurrietako batzuk inguruaren interesen arabera hartzen dira, ez natura babesteko. Gehiegizko biltzea eta esplotazioa kontrolatzeko neurriak ongi daude, basoa eta ingurugiroa zaintzea delako garrantzitsuena. Hegaluzea eta antxoa bezala, onddoa ere bukatuko dugu.
Zeintzuk dira udazkenean biltzaileek estimu handitan dauzkatenak?
Onddo deitzen ditugun boletus-ak, gibelurdinak eta ziza horiak. Oilarrakak biltzeko joera ere badago, baina guk ez dugu aholkatzen, hainbat jenderi toxikazioak eragiten dizkiolako. Jabetu gara onddo bila doana ahalik eta mota gehien biltzen saiatzen dela, sukalderako preziatuak dozena erdi edo dozena bat onddo direnean, gehienez.
Gehiegi biltzeko joera al dago?
Bai, eta tentuz ibili behar da. Jangarri direnetako batzuk ere arazoak sor ditzakete. Onddoak xurgatzaile trebeak dira, eta ozonoan dauden elementuak, metal pisutsuak tartean, bereganatu ditzakete, eta kontsumitzaileari kalte egin diezaiokete. Liburuetan ale jangarri asko daude, baina batzuk neurrian jan behar dira.
Hasiberriei zer aholkatuko zenieke?
Tentuz ibil dadila, eta adituren baten aholkuak jarrai ditzala. Bildutakoarekin zalantzarik balu, elkarte mikologikoetan galde dezala. Hori bai, zalantzarik izanez gero... onena perretxikoa baztertu eta botatzea da. Milaka espezie daude, eta erraza da nahastea.
Aranzadin espezie horiek guztiak bildu eta ikertzen dituzue, ezta?
Hamar milatik gora bilduak ditugu, denetarikoak. Globalizazioa mikologiara ere iritsi da. Beste herrialdetan irteten zirenak gure basoetan bildu ditugu, perretxiko tropikalak, esaterako. Australian eta Zeelanda Berrian ohikoa den onddoren bat bildu dugu.