EZARIAN. Iraultzaren fotogramak

Mexikoko Iraultza hasi zela, ehun urte beteko dira hilaren 20an. Zinemak modu oparoan jaso du prozesu luze eta konplexu hori, borroka bortitzak askotariko generoetan agertuz.

xabier martin
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Odola eta hondarra (basamortukoa, hiri suntsituena). Nahastura horrekin elikatu zuten Mexikoko Iraultza (1910-1917). 1910eko azaroaren 20a jotzen dute gatazka armatuaren hasieratzat; datorren larunbatean, mende bat. Zinemarentzat aukera paregabea izan zen hura. Kameren industria lehen pausoak ematen ari zen, eta ederki aprobetxatu zituen borroka bortitzen irudi izugarriak.

Lumiere anaiek 1896an aurkeztu zioten asmakizun berria Porfirio Diaz diktadoreari. Hala, iraultza aurretik, iraultzak iraun zuen bitartean eta iraultza ostean ere hamaika filmetan jaso zuten Mexikoko Iraultza, hala dokumentaletan, nola fikzioan. Harrigarria da zenbateraino txertatu zitzaion zinema indarkeriari. Pancho Villa iraultzaileak AEBetako zinema ekoizleen diruarekin ordaindu zuen bere armada hein batean. Buruzagi haren batailak grabatu zituzten zinemagileek; Celayako borrokaren koreografia egin zutela ere esaten dute historialariek. 1914ko ilbeltzaren 5ean, Pancho Villaren gerrillariek Chihuahua hiria hartu zuten egunean, Mutual Film Companyko Harry E. Aitkenek kontratua egin zuen Villarekin. Gerrillariaren batailak filmatu behar zituzten ekoizleek, eta iraultzaileak egiteko zeuden borroken koreografiak egin behar zituen, haiek modu itxurosoan filmatu zitzaten. 25.000 dolarretan itxi zuten akordioa. Mexiko Iraultzari buruzko filmetan Iparraldeko Zentauroak dauka protagonismo handiena buruzagi iraultzaileen artean. Ekoiztetxearekin lotutako akordioak azaltzen du hori.

Zinema mutua hasi zen Mexikon gertatzen ari zen matxinada jasotzen. Soinudunak hartu zuen gero lekukoa. Dokumentalek fikzioari utzi zioten lekua, eta fikzioen artean nagusi estatubatuarrak direla ezaguna da. Haien ekarpena ezinbestekoa da mundu zabalera hedatutako Mexiko ulertzeko. Hala ere, 30eko hamarkadan zinema mexikarra urrezko garaian zen, eta film mexikar ugarik asmatu egin zuten iraultza jasotzeko moduan. Hor dira, esaterako, Viva Villa (1935), VĂ¡monos con Pancho Villa (1935), La Adelita (1937) eta Con los Dorados de Villa (1939).

'Gringo' mertzenarioak

Elia Kazanen Viva Zapata! historikoa alde batera utzita, Hollywoodek gringoen ikuspuntua eman zuen ia beti. Pekinpahek, Aldrichek, Brooksek, Siegelek (indarkeriaren belaunaldikoak laurak), Leonek eta beste batzuek Rio Grandeko beste aldekoek gerra horretan izandako parte-hartzea islatu zuten. Alegia, mertzenarioen zereginetan jarri zituzten fokuak. Ikuspuntu pertsonalagoak ere badira iraultzari buruz; kasurako, Eisensteinena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.