Trazian jaio zen Espartako, egungo Bulgarian, K.a. 113an. Erromako auxilia tropetako soldadu izan zen, harik eta ihes egin zuen arte. Harrapatu eta esklabo egin zuten. Merkatari batek Capuako gladiadore eskolara eraman zuen. Han hasi zen Espartakoren iraultza. K.a. 73an, matxinada txiki bat planeatu eta aurrera eraman zuen, 74 gizonekin. Vesuvio mendira eraman zituen gladiadoreak, eta handik erasoak egin zituen inguruko herrietan.
Erromatarrek brigada txiki bat bidali zuten gauzak bere onera ekartzeko, baina soldadu haiek ez ziren sekula etxera itzuli. Esklabo ohiek benetako armak zituzten jadanik, eta agintariek, asaldaturik, 3.000 soldadu bidali zituzten haiengana, Klaudio Glabrok gidatuta. Vesuvio mendiaren magalean paratu zuen kanpalekua Glabrok, baina ez zuen babestu ia. Espartakok erasoa jo, eta han gauzatu zuen bere lehen garaipen handia, Vesuvioko batailan.
Iraultza, gero eta handiagoa
Erromako senatuak bazekien lehenbailehen eten behar zuela esklaboen iraultza, eta bi legio bidali zituen Varinio pretor-a buru zela. OrdurakoEspartakoren armada txikia ez zen hain txikia; herri askotako esklaboek bat egin zuten matxinadarekin. Variniok ere ez zuen asmatu: hirutan banatu zituen bere indarrak, etsaia inguratu nahian, baina Espartakok banan-bana azpiratu zituen soldaduen atalak. Variniok berak zaldia galdu eta oinez ihes egin behar izan zuen azken unean.
Espartakoren iraultza ordurako Erromaren arazo handiena bilakatua zen: esklaboen matxinadak inork espero ez zuen neurria eta garrantzia hartu zuen. Zer nahi zuen gladiadore ohiak, ordea? Pliniok dioenez, askatasuna, ezeren gainetik. Eta, horretarako, Italika penintsulako mendebaldetik ihes egitea zuen buruan.
Alpeetarako bidean
Esklaboen matxinada hegoaldera hedatu zen. Uholde hark hiri anitz arpilatu zituen, eta gero eta esklabo gehiago elkartu. Salustio historialari erromatarrak haien masakreak aipatzen ditu. Espartakok halako basakeriak alboratu eta benetako armada osatu nahi zuen. Eta lortu zuen, hein handi batean: 70.000 soldaduko gudarostea antolatu zuen, zalditeriarekin eta armak eraikitzeko atalekin. Alpeak gurutzatzeko prestatzen ari zela uste dute adituek. Ba omen zekien ezin izango zuela Erroma garaitu.
Iparralderako martxa abiatu zen, hortaz. Eta Lentulo eta Gelio kontsulen armadak atzetik jarri ziren. Orduantxe banatu ziren 20.000 gizon Espartakoren armadatik. Krisok gidatu zuen galiarren eta germaniarren banatzea; Gelio kontsularen propretor Arriok azpiratu zituen, luze gabe. Ezpataz hil zituen Apulian, baita Krixo buruzagia ere.
Espartako Apeninoetan babestu zen. Garaipen batzuk lortu zituen Lentulo, Gelio eta Arriorenaurka, eta iparralderantz jarraitu zuen. Oraindik ere esklabo ugari elkartzen ziren harenera. Apianok dioenez, 120.000 inguruko gudarostea osatu zuten.
Bidea mozteko azken saioa egin zuten erromatarrek Kraso Longino kontsularekin. Poren ibarretan paratu zen erromatarra; Espartakok desafioa onartu, eta garaitu egin zuen berriro. Alpeetako bidea libre zuen azkenean, baina aurrera egin ordez, atzera egin zuen, Erroma aldera. Historialariek ez dute argi maniobra horren zergatia. Esklabo gehienek Erromari eraso egin nahiko zutela diote, mendekua nahiko zutela.
Hala, Erroma hiriaren inguruetan ibili zen Espartako, baina eraso handirik egin gabe. Bazekien hiriaren defentsak boteretsuegiak zirela. Marko Lizinio Krasoren agintaritzan hamar legio jarri zituen senatuak, baina ez zen ondo hasi. Haren laguntzaile batek, Mummiok, porrot handia izan zuen. Legionario askok ihes egiten zuten, eta Krasok hamar desertoretik bat kolpeka hiltzeko agindu zuen, diziplina berrezartzeko.
Calabriara iritsi zen Espartako, Tirreniar itsasora. Ziliziako piratekin tratua egin nahi izan zuen irlara barkuz iritsi ahal izateko, baina haiek traizioa egin zioten, erromatarren urrearen truke.
Via Appian gurutziltzatuak
Krasok maniobra ikusgarria egin zuen Italikako hego-mendebaldeko eremuan esklabo ohiak preso hartzeko: 65 kilometroko lerro harresitua eraiki zuen, itsasotikitsasora, baina handik ere ihes egitea lortu zuen Espartakok, ganaduari adarretan sua piztu eta haiek lerroaren aurka xaxatu ondoren.
Zortea bukatzen ari zitzaion, ordea. Senatuak Kneo Ponpeio bidali zuen haren aurka, lau urte lehenago Iruñean Pompaelo fundatu zuen jenerala. Gainera, Lizinio Lukulok bere armada lehorreratu zuen Brindisin, Greziatik etorria. Hogei legio jarri zituzten garai bateko esklaboak amore eman zezan.
Epartakok 80.000 soldaduko gudarostea zuen, 30.000 inguru banatu ondoren. Haiek berehala garaitu zituen Krasok. Talde nagusia Brindisira gerturatu zen; agian, Adriatikoa gurutzatzeko asmoa zuen Espartakok. Kontua da han Lukulo zegoela ordurako, eta, atzera eginda, Kraso eta Ponpeioren aurka joatea erabaki zuen. Apulian izan zen azken borroka, K.a. 71n. Esklabo ohien artean 60.000 lagun hil ziren; haien artean, Espartako bera. Inork ez zuen aurkitu haren hilotza. Erromatarrek 6.000 preso hartu, eta denak gurutziltzatu zituzten Via Appian, Capuan hasi eta Erroma arteko bidean. Hala dio Apiok.
Espartakoren emazte Varinia Galiara libre bidali zuten, antza. Bien haurtxoa ere harekin joan zen, baina Espartakoren ondorenarekin zer jazo zen ez da ezaguna. Espartako esklaboak seme librea utzi ote zuen misterioa da.
Antonio Dupla Ansuategui.Antzinako historiako EHUko irakaslea
«Espartakok benetan ez zuen arriskuan jarri Erroma»
X.M.Fikzioa eta errealitatea banatu ditu Antonio Dupla EHUko irakasleak.
Kubricken filmarengatik ezagutzen dute askok Espartako. Zenbateraino da egia obrak kontatu diguna?
Pertsonaia benetakoa da, eta Erromako errepublikaren azken hamarkadetan gidatu zuen esklaboen matxinada ere bai. Baina fikzioak egitura dramatikoa behar du, eta hor lizentzia asko hartzen dituzte: pertsonaia eta pasarte batzuk asmatutakoak dira. Antzinako iturriek oso gutxi hitz egiten dute gaiari buruz. Egileek ez zuten esklaboei buruz idazten, are gutxiago pasartea Erromari aintza egiteko modukoa ez bazen. Izan ere, Espartakok hainbatetan garaitu zituen jeneral erromatarrak.
Erroma arriskuan jarri zuela egia al da?
Nahiz eta jeneralen eta kontsulen legioak azpiratu, Erroma ez zen sekula arriskuan egon. Kontua da hasieran gutxietsi egin zutela, eta horrek Espartakoren garaipenak ekarri zituen. Krasok indar militar bereziak jaso zituenean bukatu zen dena. Esklaboen gudarostearen erresistentzia eta gaitasun militarra, hala ere, izugarria izan zen. Italiaren barnean hiru urtez libre ibili zirela jakitea nahikoa da hori ulertzeko.
Espartakok bazuen ideologiarik?
Antzinako iturriek ez diote ezer esklabotzaren aurkako ideologiaz. Pizkundetik hasi ziren pertsonaia tiranoen aurkako askatzaile gisa irudikatzen. Oraindik gauza bera gertatzen da. Dalton Trumboren gidoia anakronikoa da erabat, nahiz eta oso egoki funtzionatu maila dramatikoan. Ulergarria da esklaboak askatasuna nahi izatea, matxinatzea eta euren nagusiak hiltzea, baina hor ez dago ideologiarik.
Nola liteke lider batek milakako gudarostea antolatzea, Erromako sistema esklabista irmoaren barruan?
Aurreko hamarkadetako gerrek Erroma ahuldurik utzi zuten; egoera sozio-politikoa ezegonkorra zen. Horregatik lotu ziren hainbeste matxinadara. Horrez gain, Espartakok trebakuntza militarra zuen, gladiadorea zen, eta esklabo asko ere soldadu izandakoak ziren. Gainera, motibazio handiena zuten: askatasuna. Legionarioentzat, aldiz, ohorerik bako gerra izan zen.
Zerbait aldatu zuen esklaboen matxinada handiak?
Esklaboen sistemak mendeetan iraun zuen Erroman; nahiz eta gutxika izan, haien egoera hobetuz joan zen. Inperioaren garaian esklabo askok euren askatasuna erosteko eskubidea lortu zuten. Senekak ere haienganako jarrera humanitarioagoa eskatu zuen. Baina ildo abolizionistarik ez zen sortu sekula, eta inperioaren azken egunak iritsi arte sistema indarrean egon zen.
Mende erdia beteko da gaur 'Spartacus' estreinatu zutela. McCarthyren ondotik, askatasunari gorazarre egiten dion obratik hainbat pasarte zentsuratu zituzten.
Kubrick, Trumbo eta ostren edo karakolen aukeraketa
X. Martin.Aita ugariko filma ematen zuen grabatzen ari zirela, baina estreinatu eta gero, ia umezurtz geratu zen. Spartacus askatasunari gorazarre egiten dion film bat da, haren aldeko borrokaren sustatzaile; askoren ustez, zorra kitatze bat da McCarthyren beldur urteen ondoren. Howard Fasten eleberria oinarri hartuta idatzi zuen, ez alferrik, Dalton Trumbok, Wisconsingo senatariaren sorgin ehizak bete-betean harrapatutako gidoilari ezaguna.
Anthony Mann zuzentzen hasi zen, baina haren lekua Stanley Kubrickek hartu zuen luze gabe, Kirk Douglas proiektuaren benetako jabeak hala nahita; hura zen ekoizleetako bat. Mannek zuzendutako hainbat pasarte ezabatu nahi izan zituen Kubrickek, baina ez zuen lortu. Hala, obra bere filmografiatik kendu nahi zuela esan zuen behin baino gehiagotan. Berdin zitzaion izugarrizko sona ekarri bazion ere. Ekoizleen presioei amore eman ziela onartu zuen Kubrickek -produkzio handi baten aurrekontua zuen filmak-, eta obra pertsonalagoa egin nahi zuela.
Kraso eta Antonino bainuan
Muntatze originaleko 196 minutuetatik 14 ezabatu zituzten zentsoreek estreinatu aurretik: borrokarik odoltsuenak ziren. 1967tik aurrera, ordea, filmak beste 23 minutu galdu zituen. Galdutako materialaren artean Kraso (Laurence Olivier) eta Antonino (Tony Curtis, joan den astean hila) bainuan duten elkarrizketa zegoen.
-Lapurtzen duzu, Antonino?
-Ez, nagusi.
-Gezurretan aritzen zara?
-Ez, saihestu badezaket.
-Jainkoei ondra kendu diezu noizbait?
-Ez, nagusi.
-Grina guztiak baztertzen dituzu bertute moralak errespetatzeko?
-Bai, nagusi.
-Ostrak jaten dituzu?
-Dauzkadanean, nagusi.
-Karakolak?
-Ez, nagusi.
-Moraltzat duzu ostrak jatea eta inmoraltzat karakolak jatea?
-Ez, nagusi, ez horixe.
-Gustu kontua, ezta?
-Bai, nagusi.
-Eta gustua eta gosea ez dira gauza bera eta, beraz, ez da moral kontu bat, ezta?
-Horrela ikus daiteke, nagusi.
-Nahikoa da. Nire toga, Antonino... Nik gustuko ditut karakolak, ostrak bezainbeste.
Trumbo, kredituetan
1991n berreskuratu zuen filmak homosexualtasunari erreparatzen dion pasarte hori, baita hasieratik galdutako 14 minutuak ere. Audio originala ez zegoen, ordea, eta Tony Curtisek bere elkarrizketa grabatu behar izan zuen berriro. Laurence Olivierrek ezin izan zuen; 1989an hil zen. Haren ordez Anthony Hopkinsek grabatu zituen Krasoren lerroak.
Kirk Douglasek uste zuen Kubrickek gidoia bereganatu nahi zuela, nahiz eta Trumbok egokitu. Hura Hollywoodeko zerrenda beltzean zegoen oraindik, eta Douglasek Trumbo babestu zuen. Haren izena film amaieran azaldu zen, kredituetan, eta horrekin batera makartismoak hauspotutako zerrenda beltzetik atera zen Dalton Trumbo.