EZARIAN. GASTRONOMIKA BILTZARRA. Lagun arteko omenaldia

Urteetan egin duen lan guztiagatik omenaldi hunkigarri eta alaia egin diote Argiñanori lagun sukaldariek

Donostia
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bazkaltzeko orduan lehen, eta afaltzeko orduan orain, baina ia hutsik egin gabe, telebistako bere sukaldaritza programan agertu da Karlos Argiñano azken 20 urteetan. Milaka etxetan ikusten dute egunero bere platerak nola prestatzen dituen, eta Juan Mari Arzakek dioenez, «mundu osoan ez da inor sukaldaritzaz hainbeste erakutsi duenik». Horregatik, eta sukaldaritzaren alde egin duen beste guztiagatik, omenaldia egin zioten atzo berekin batera sukaldaritzan lanean ibili diren lagunek. Gastronomika Nazioarteko Biltzarraren hasieraren ondoren izan zen, eta Ramon Roteta, Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Martin Berasategi eta Andoni Luis Aduriz izan zituen alboan. Hilario Arbelaitz ezin izan zenez bertaratu, «musu bat» emateko eskatu zion Subijanari.

Hasiera ekitaldia amaitu bezain pronto hasi zen omenaldia. Argiñanoren telebista saioen irudiak ematen hasi zirenean, publiko artetik agertu zen, eta orduantxe, txalo zaparrada eta haren aldeko oihuek hartu zuten Kursaaleko auditorium guztia. Agertoki gainean, beste agertoki txiki bat jarri zuten omenaldirako. Hara igo eta dantzan hasi zen, zuen poza erakutsiz, eta honela hasi zuen bere diskurtsoa: «Kaixo, eskerrik asko denoi hemen egoteagatik. Oso egun polita da hau niretzat, eta oso pozik nago omenaldiagatik. Nire emazteari, seme-alabei, lagunei, nirekin lana egiten duten guztiei, eskerrik asko denoi». Luis Irizar bere irakaslea aipatu zuen. Ez zegoela urduri ere esan zuen, «baina bai emozionatuta». Ramon Rotetak hartu zuen hitza ondoren, eta poema txiki bat irakurri zuen, elkarren arteko harremana azaltzeko: «... gure erara, baina garen bezala maite dugu elkar» esanda amaitu zuen. Metalezko eskultura bat eman zion oroigarri moduan, eta baita musu bat ere kopetan.

Oroigarria eskuetan, famatu egin duten txiste horietako bat egin zuen. Ondoren, bere saioko kanta abesten hasi zen.

Subijanak ere hitz egin zuen ekitaldian, eta bien arteko harremanaz hitz egin zuen: «Elkarrekin ikasi genuen, eta bikotekidea ere, batera aurkitu genuen». Argiñanoren emaztearentzat txaloak eskatu zituen; izan ere, emaztea ezagutu aurretik «baldar ikaragarria» zela esan zuen. Arzakek ere Argiñanoren emaztea gogoratu zuen, baita telebista saioko talde guztia ere, astean behin biak «aguantatzen dituztelako». Lagunagatik hitz ederrak izan zituen, eta bera ere txistea egiten hasi zen. «Historia osoan ez da hau bezalako inor izan, eta ezta izango ere, oso arraroa baita». Berasategik «lur honek eman duen onena» dela esan zuen. Adurizek, berriz, «gizon alai eta barre-eragilearen atzean, gizon koherente eta azkarra» dagoela erantsi zuen, eta «errespetu handia» diola gaineratu.

Gastronomika biltzarra

Egun hauetan Kursaalera gerturatzen dena konturatuko da sukaldaritzak daukan indarraz. Mundu guztiko sukaldariak bildu dira Donostiara, Gastronomika Nazioarteko Biltzarrera. Hitzaldiak, txapelketak, jardunaldiak, dastatzeak... denetarik izango da bertan, eta Donostia osora ere zabaldu dituzte ekimenak, herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Igandean hasi zen, eta bihar bukatuko da. Hasiera saio ofiziala atzo eguerdian egin zuten, baina goizean, Massimo Botturak, Carme Ruscalledak eta Martin Berasategik beren plater berrienak aurkeztu zituzten, nola prestatzen diren azaltzeko. Omenaldiaren ondoren, Ferran Adria ere lan horretan aritu zen.



Karlos Argiñano.Sukaldaria

«Omenaldi hau sukaldariek niretzat egiteak emozio handia eragin dit»

X. Otamendi. Donostia

Malkoak isuri gabe, baina begietan emozioa nabaritzen zitzaiola jaso zuen saria Karlos Argiñanok, Ramon Rotetaren eskutik. Familiarekin, lagunekin, lankide eta besterekin gogoratu ondoren, serio baina aldi berean bere umore puntuarekin, galdera batzuei erantzuteko beta hartu zuen ekitaldia amaitu berritan.

Emozionatuta egongo zara, ezta?

Bai, nola ez. Omenaldi hau sukaldariek niretzat egiteak emozio handia eragin dit, poz handia eman dit. Izan ere, horrek esan nahi du nire lana onartu dutela, eta horrelako detaileek indar izugarria ematen didate. Bestela ere nahiko inportantea izango litzateke saria, baina sukaldariek emateak garrantzia areagotzen dio.

Lagunek eman dizute saria, horrek eragina al du?

Bai, bai, oso lagunak gara aspalditik, izugarrizko liskarrak izan ditugu geure artean, baina beti hobera joan gara, beti egin ditugu eztabaidak gauzak hobetzeko, eta nik uste dut Euskal Herriko sukaldaritzak Espainia osoko sukaldaritza markatu duela, eta munduan aurre-aurrean gaudela uste dut. Ikustea besterik ez dago zer jende dagoen gaurko egunean hemen bertan. Horrek esan nahi du punta-puntakoak garela.

Zergatik uste duzu egin dizutela zuri omenaldia?

Ez dakit ba... Denak aspalditik ezagutzen ditut, eta entretenitu ere neuk egin ditut. Nahiko gatzgabeak dira bestela [kar, kar..]. Oso ongi moldatu garela uste dut. Beti aipatzen ditut beraien izenak, munduko onenak direla, eta abar. Azkenean pentsatuko zuten, «honi ere zer edo zer emango diogu [kar, kar...]». Ez dut uste sari hau erretiratzeko eman didatenik, nik ez dut espero sekula erretiratuko naizenik. Alde horretatik izan balitz, Juan Mariri ematea izango litzateke egokiena, baina ikusi dut ezkutatu egin dela momentu horretan eta saria niretzat izan da [kar, kar...]. Hala ere, maitasun osoz eman didatela uste dut.

Nola ospatuko duzu?

Familiarekin joango naiz bazkaltzera. Hainbeste lagun ditudanez gaur hemen, ezin dut normal ospatu. Orduan, familia aukeratu dut. Seme-alaba mordoa dauzkat eta denak hemen daude; beraz, beraiekin noa ospatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.