EZARIAN. EUSKARAREN MAPA. 'Euskartografiak'

Euskal Herrian euskara zein egoeratan dagoen azaltzeko mapa kaleratu du Euskara Kultur Elkargoak. Eremuz eremu euskaraz matrikulatutako ikasleen ehunekoa hartu dute kontuan horretarako.

Inigo Astiz
Iruñea
2009ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Euskara irudi bilakatzea. Hizkuntza mapara eramatea. Hori izan da EKE Euskara Kultur Elkargoaren helburua. Ez dira lehenak izan, noski. Ez bakarrak. Hor dago Louis-Lucien Bonapartek XIX. mendean euskalkiei buruz eginiko mapa. Hor dago Koldo Zuazok duela urte batzuk egindakoa ere. EKEk egindakoa da, ordea, euskararen egoera mapa batera ekartzeko azken saioa, eta euskararen irakaskuntzari begiratuz egin dute irudia, euskalkiei so eginez egin beharrean. Zehazki, euskaraz matrikulatutako ikasleen ehunekoei begiratu diete. Portzentaje txikiena duten inguruetatik, portzentaje handiena dutenetara egiten du mapak. Argitik ilunera. Zuritik marroira.

Bi ezaugarri nabarmendu ditu argazki nagusitik Iulen Urbiola EKEko zuzendariak. Hau da haren analisia: «Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, hizkuntza eremuak gainditzen ditu euskarak. Hori argi ikusten da, batetik, eta, bestetik, euskararen estatutu juridikoak baduela zerikusia hizkuntzaren normalizazioarekin eta ezagutzarekin. Ez da erabakigarria, baina bai lagungarria».

Harreman hori argiago ikus dadin, euskararen estatutu juridikoa eremuka azaltzen duen mapa bat ere jarri dute bestearen ondoan. «Euskararen presentzia normalagoa da euskararen estatutu juridikoa onartua dagoen guneetan. Eremukako estatutu juridiko horiek guztiak hor dauden arren, eta horrek euskararen presentzian eta irakaskuntzan eragina izan arren, ikusten da gizarteak muga horiek gainditu egiten dituela eta euskararekin bat egiten duela hein batean. Ez denok, dudarik gabe, baina bai mapan ikusgarria den kopuru batek».

Orain arte euskararen gainean egin diren beste mapekin ere alderatu du EKEk egindakoa Urbiolak. «Bonapartek egindakoak ageri duenarekin alderatuta, bista-bistakoa da hizkuntzaren ezagutza hedatu egin dela. Gaur egun ez da mugatzen Euskal Herriko kostalde eta iparraldera. Eremu zabalagoa hartzen du». Ondorioa bi hitzetan eman du. «Aurrera goaz», baina zehaztapenekin. «Aurrera goaz, bai behintzat ezagutzan, mapak ez baitu neurtzen erabilera».

Irudiak, mila hitzek baino errazago

«Euskal Herrian euskararen ezagutza nondik nora zihoan jakin nahi genuen», dio Urbiolak. «Jakin bagenekien euskararen egoera juridikoak bazuela eraginik hizkuntzaren ezagutzari dagokionez. Eta erakutsi nahi genuen euskararen presentzia eta ezagutza ez direla bakarrik eremu euskaldunekoak. Hori ikusaraztea zen gure asmoa». Horren argazkia da mapa, Urbiolak dioenez. «Eta, azken finean, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, esan ohi denez». Baita hizkuntza batez ari bagara ere. «Kolpe batean jasotzen da informazioa, ia zaplazteko bat balitz bezala».

Eremu euskaldunak argi ikusten dira, kolore nabarrez, orduan eta ilunago euskaraz ikasten duten ikasleen portzentajeak gora egin ahala, eta orduan eta argiago, aldiz, kopuru horrek behera egin ahala.

Irla argiago batzuk ikus daitezke, hala, maparen gunerik ilunenetan. Ermua, adibidez, Bizkaian; Ultzama, Lantz eta Erro, besteak beste, Nafarroan; Urduña Araban. Horiek dira eremu ilunagoaren erdian argiago ageri direnetako batzuk. Badira eremu argian ilunago ageri diren zenbait gune ere, ordea: Lizarra eta Ukar Nafarroan; Argantzun, Bastida eta Kanpezu Araban.

Hiruburuen kolorea

Deigarria da hiriburuen kolorea ere. Inguruko alderdiak baino kolore apalagoarekin ageri dira Donostia, Bilbo eta Gasteiz. Iruñea, berriz, inguruko guneen kolore berean ageri da, eta hori bera gertatzen da Donibane Garazin eta Maulen ere. Beste biak baino argiago dago Maule, eta zuri Baiona. Hau da, %0 eta %9 artekoa da Lapurdiko hiriburuan euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopurua.

Nabarmen egiten du argira koloreak Mendebaldetik Ekialdera ere, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira igarota. Kolpean. Euskaraz matrikulatutako ikasleak %75-100 dira Hondarribian, eta %10-24 Hendaian. %75-100 Orbaizetan, eta %25-49 Lekunberri, Ezterenzubi eta Eiheralarren. Ez da hainbesteko jauzirik, ordea, Baztandik (%75-100) Bidarrai, Baigorri, Banka, Aldude, Urepele, Lasara. %50-75 artean dabil Donibane Garazitik ekialderako alderdi horietan euskaraz ikasten duten ikasleen portzentajea. Ipar Euskal Herriko kopururik handiena da gune horretakoa.

Argira egiten du nabarmen koloreak kostaldetik barnealdera joz gero ere. Ilunago ageri dira Euskal Herriko Iparraldean diren guneak Nafarroako Hegoaldekoekin alderatuta.

Mapa antzinako itxura eman nahian atera dute, gainera, EKEkoak. Pergamino itxurako paperean inprimaturik eta kiribilduta. Xarma da arrazoia, Urbiolaren hitzetan. «Beste presentzia eta indar bat ematen dio horrek. Beste xarma bat». Irudia erakargarri egitea da helburua, azken finean; Urbiolak dioenez, testu bat irakurtzeak ahalegin bat eskatzen baitu, eta irudi bat ikusteak, aldiz, ia batere ez.



Koldo Zuazo.Hizkuntzalaria

«Euskalkiak berdinduz joango dira, baina ez dute zertan galdu»

I. Astiz. Iruñea

Urteak eman dituzte hizkuntzalariek Louis Lucien Bonapartek XIX. mendearen erdialdean euskalkiei buruz eginiko mapari begira. Baita Koldo Zuazo (Eibar, 1946) hizkuntzalariak ere. Euskalkien mapa berria egitea erabaki zuen, ordea, eta XXI. mendea hasi berritan eman zuen argitara, garaiak aldatuta hizkuntza ere aldatu egiten baita, eta harekin, baita mapa bera ere.

Bonaparterena izan da denbora luzean euskalkien inguruan maparik aipatuena.

Nik uste dut oso balio handia duela, eta betiko izango duela balio hori. Euskalkien eta azpi-euskalkien mapa egin zuen, baina baita euskararen beraren mapa ere. Argi agertzen da XIX. mendearen erdialdean non egiten zen euskaraz eta non ez. Gero, Araba eta Nafarroan euskara galtzen ari ziren eremuak ere zehaztu zituen. Balio historiko handiko mapa da.

Denborak aurrera egin du, ordea. Hizkuntza aldatu egin da, baita mapa ere. Hala ikusten da zuk egindakoan.

Hizkuntza gauza bizia da, eta etengabe ari da aldatzen. Teorian denok onartzen dugu hori, baina jendeak oraindik Bonaparte gora eta Bonaparte behera jarraitzen du. Mundu osoan eragina izan duten hainbat gertakari izan dira, ordea, ordutik hona; hedabideen agerpena, distantzia txikitzea... gaur egun jendea ez dago bere herrian geldi, mugitu egiten da. Gure etxetik mugitu gabe ere, telebista eta irratia piztuta, hango eta hemengo jendea entzun dezakegu euskaraz hitz egiten, eta horrek eragina dauka. Kontuan eduki behar dugu, gainera, euskararen kasuan, 1960tik aurrera aldakuntza handiak izan direla: ikastolak, gau eskolak, euskara batua... Gaur egun Bonaparteren garaian baino euskara homogeneoagoa daukagu. Berdinagoa.

Aipatu duzun aldaketa nabarmen bat euskara batuaren sorrera da. Zer-nolako eragina izan du horrek maparen aldaketan?

Oso-oso handia. Edozein herri euskaldunetan adineko jendeak modu batera hitz egiten du, eta jende gazteak beste modu batera. Euskara batuaren eraginagatik gertatzen da hori.

«Euskara zabaldu, euskalkiak galdu». Zure hitzak dira, zure mapa argitaratu eta denbora gutxira eskaini zenuen elkarrizketa batekoak.

Neurri batean hori gertatzen da. Gauzak kontu handiagoz egin behar genituzke. Ongi dago euskara berdintzen joatea, baina, beste alde batetik, uste dut euskara batu hori gizarteratzeko moduan askotan ez dugula behar besteko sentiberatasunarekin jokatu. Nire ustez, akatsik handiena izan da berdin jokatu dugula eremu euskaldun eta erdaldunetan, bereizketarik egin gabe. Baina kontuan hartu beharrekoa da euskara batua sortzean zegoen egoera ere. Frankismoaren garaia zen, bitarteko gutxi zeuden, dena gure kontra zegoen, eta euskara hil edo biziko egoera batean zegoen. Urte gutxiren buruan euskara erabat gal zitekeen. Horren aurkako erreakzioa izan zen euskara batua. Ez dut uste gauzak egiteko moduaz behar beste hausnartu genuenik. Azken urte hauetan gauzak hobeki egiten ditugu, halere. Jadanik ez ditugu antagonikotzat jotzen euskara batua eta euskalkiak, eta bide horretatik joz gero egoera harmoniko batera hel gaitezkeela uste dut. Euskalkiak esparru batzuetarako eta euskara batua beste batzuetarako erabiliz. Horrela arituz gero, euskalkiak aldatu egingo dira, eta berdinduz joango dira, baina ez dute zertan galdu.

Hurrengo mapa nolakoa izango den ideiarik bai?

Mapak sarriago egin beharko dira. Bonaparteren garaitik orain arte mende eta erdi pasa da, eta gaur egun gizarteak daraman abiadurarekin, ziur, maizago egin beharko direla, azkarrago aldatuko direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.