EZARIAN. 20 kilometro, 20.000 lasterkari

Behobia-Donostia lasterketaren aurtengo leloak ageriko uzten du ahoz-ahoz dabilen esapidea: 'Lasterketa bat baino +'. Kirol ekitaldia zen hasieran, eta denborarekin ekitaldi sozial erraldoia bihurtu da Behobia-Donostia. 20 kilometro pasatxoko lasterketa horrek kilometroak adina albiste, istorio eta bitxikeria biltzen ditu.

Donostia
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
01. Kirol festa jendetsuena

20.000 lasterkariren muga gainditu du lehenengoz Behobia-Donostiak. Hamar urteren buruan bikoiztu egin da parte-hartzaileen kopurua. Euskal Herriko proben artean ezagunena izatera lasterketaren inguruan sortzen den giroak eraman du. Bide bazterrera milaka eta milaka ikusle joaten dira, eta korrikalari guztientzat izaten dituzte animo oihuak. Probaren koordinatzaile Iñigo Etxeberriak laburbildu du ondoen: «Familia eta lagun arteko kirol festa soziala da biharkoa».

02. Trenez joateko gomendioa

Irteerara iristeko, tren zerbitzu bereziak jarriko dituzte Euskotrenek eta Renfek. Lehenengo topoa 07:15ean aterako da Donostiako Amarako geltokitik. 09:00 eta 09:08an irtengo direnak Amaran, Anoetan, Nazioarteko Zubian eta Hendaian geldituko dira, eta 09:20 eta 09:30ekoak geltoki guztietan geldituko dira. Lasarte-Oriatik lau topo abiatuko dira: 07:29, 07:59, 08:29 eta 08:59. Renfek ere bi tren berezi jarriko ditu: Tolosatik 08:30ean irtengo da bata, eta Zumarragatik 08:35ean bestea. Irteerara iristeko autobus zerbitzua egongo da.

03. Irteerari garrantzia

Iaz bezala, aurten ere garrantzi berezia eman dio Fortuna elkarteak lasterketaren hasierari. Zuzenean telebistaz ikusi ahalko da, Teledonosti katearen bidez, eta musikarekin eta hainbat ikuskizunekin girotuko dute lasterketa hasi aurreko tartea.

04. Hamaika irteera

Lasterkari uholdeak zaildu egiten du probaren hasiera, leku estua baita Behobiako irteera gunea. Pilaketak saiheste aldera, 11 irteera izango dira bihar: aulki gurpildunetakoak 10:20an irtengo dira, patinetakoak 10:40an, eta oinezkoak 11:00etan hasi eta 11:34 bitartean, bost edo sei minutuko txandatan.

05. Patinak estreinakoz

Aurtengo ekitaldiaren berrikuntza nagusietako bat da. Azken urteetan geroz eta gehiago dira kalean patinetan dabiltzanak, eta geroz eta gehiago dira haiei lekua egiten dieten lasterketak. 125 patinatzailek parte hartuko dute, eta 10:40an hasiko dute lasterketa. Irabazleak 35 minuturen bueltan ibiliko direla aurreikusi dute antolatzaileek.

06. Aulki gurpildunak

Kemen elkartearen eskutik, aulki gurpildunetako parte-hartzaileak izango dira Behobiatik irteten lehenengoak. 10:20an abiatuko dira, 21 atleta denera. Dagoeneko 13. aldia du Kemenek bultzatutako probak. Ikusmen gabezia duten 30 lasterkarik ere eman dute izena aurtengo ekitaldian.

07. Behobia txikia

Iaz, euria, haizea eta hotza zirela eta, bertan behera geratu zen haurrentzat antolatutako lasterketa. Bihar, Bulebarreko helmugatik irtengo dira, hiru adin tarteetan banatuta: 10:00etan benjaminak, 10:10ean kimuak eta 10:25ean haur mailakoak.

08. Dortsalen kolorea

Aurten sei koloretako dortsalak izango dira, aurreko ekitaldietako denborak aintzat hartuta banatutakoak. Irteera ordena ere horien arabera antolatu dute: horiak eta berdeak aurrena, eta haien ondoren gorriak, urdinak, laranjak eta zuriak.

09. Etiopia Utopia

Angel Olaran misiolari hernaniarraren eskutik, etiopiar gazte talde bat etorri da Euskal Herrira. Korrika egiteko dohain apartak erakutsi dituzte azken asteetan. Bihar ere gertutik zaindu beharko dira Tesfay Akembom eta Gidey Maru gizonezkoetan, eta Gebre Enun eta Kiros Gebreselassie emakumezkoetan.

10. Azpiegitura erraldoia

Bost udalerri zeharkatzen ditu lasterketak: Irun, Lezo, Errenteria, Pasaia eta Donostia. Antolaketa azpiegitura zaildu egiten du horrek. Boluntarioen lana eta laguntza ezinbestekoa da. Milatik gora lagunek lan egingo dute bihar dena behar bezala irten dadin, eta boluntarioak 950 bat izango dira.

11. Zirkulazio etetea

Donostian, Bulebarrerako sarbidea Legazpi kaletik itxita egongo da, 05:00etatik 17:00etara.Peñaflorida kalea ere itxi egingo dute ordu tarte horretan, eta Askatasunaren Etorbidetik Bulebarrera doazen gainerako kaleak 10:30etik 15:00etara.Irunen, Lezon eta Pasaian ere zirkulazioa etengo dute bihar goizean.

12. Korrikalariaren azoka

Kursaalean jarri dute aurten ere. 10:00etatik 20:00etara irekiko dute gaur, eta dortsala jasotzeko gunea ez ezik, kirol materialarekin erakusmahaiak jarriko dituzte.

13. Bezperako aholkuak

Ikasle askok azterketaren bezperan ikasteko joera izaten dute, baina nekez izaten da miraririk. Prestaketa lanak egina behar du, eta atsedena hartu eta biharko prestatzeko eguna da gaurkoa. Luzatze ariketa batzuk eta minutu gutxi batzuetako lasterketa mantsoa egitea komeni da gehienera.

14. Ibilbide bihurria eta gogorra

Ezagutzen duenak badu horren berri, baina lehen aldiz irtengo direnek 20 kilometroko tartean gorabehera etengabeak izango dituztela jakin behar dute. Pasaiko portuko bost kilometroak dira zati lau ia bakarra. Hara iritsi aurretik Gaintxurizketa igo behar da, eta Lezorako ibilbide gorabeheratsua gainditu. Portuaren ondoren, Mirakruzeko igoera, asko eta askorentzat zatirik gogorrena. Indarrak ongi neurtzea komeni da.

15. Anoa postuak

Ahaleginean galdutako likidoa berreskuratzeko, edari eta anoa postuak jarriko dituzte ondorengo kilometroetan: 2, 6, 9, 12, 15, 18 eta helmugan. Osasun postu finkoak ere jarriko dituzte 18. kilometroan, 19,5. kilometroan eta 20. kilometroan.

16. Gipuzkoarrak gehienak

Inor gutxi harrituko du horrek; gipuzkoarrak dira izena eman duten lasterkarien artean gehienak: 7.483. Bada datu horri lotuta arreta ematen duen beste bat: Gipuzkoako biztanleen %1ek parte hartuko du Behobia-Donostian. Bizkaitarrak 1.923 dira, nafarrak 2.201, arabarrak 778 eta Ipar Euskal Herritik ehunka batzuek eman dute izena. Kanpotik datozen lasterkarien jatorriari erreparatuz gero, nabarmentzekoa da Kataluniatik datozenak: 2.047.

17. Irabazteko faboritoak

Antolatzaileek bi izen nabarmendu dituzte gizonen kategorian:iazko irabazle Rafa Iglesias, eta Chema Martinez, zeinak Behobia-Donostia lau aldiz irabazi duen. Emakumeen artean, Gebre Enun eta Kiros Gebreselassie etiopiarrak dira hautagai nagusiak. «Rocio Riosek duela 14 urte egin zuen marka ondu dezakete biek: 1:08:54», diote Fortunakoek.

18. 13:55, muga

Lasterkari bakoitzak du bere helburua eta erronka. Denboraren barruan sartu nahi dutenentzako ohar bat: iritsiera kontrola 13:55ean itxiko dute, eta orduan lasterketa bukatutzat emango dute .

19. Helmugako zerbitzuak

Dutxatzeko modua, Kontxako hondartzako kabinetan eta udal kiroldegietan izango da; masaje zerbitzua, Okendo plazan, eta ekipajea jasotzeko gunea, Gipuzkoa plazako arkupeetan. Senide eta lagunekin elkartzeko elkarguneak ere jarriko dituzte, 'A'-tik 'Z'-ra bitarteko kartelekin.

20. Mendi lasterketa,prest 2011. urterako

Ehun urte beteko ditu 2011. urtean Fortuna elkarteak, eta dagoeneko jarri dira urteurrenean pentsatzen. Behobia-Donostia berezi bat prestatzen saiatu nahi dute, eta Donostiatik Hondarribira bitarteko mendi lasterketa bat antolatzeko asmoa dutela iragarri dute. Ulia eta Jaizkibel zeharkatuko lituzke lasterketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.