Ezaren eta baiaren sokan kolokan

Baztertua izateko beldurra, errudun sentimendua edota konpromisoa. Adituen esanetan, horiek dira ezetz ez esatean eragin dezaketen faktore batzuk. Ezezkoaren eta baiezkoaren artean, oreka bilatu beharra azpimarratu dute. Horretarako, denbora tarte bat hartu behar da, norberak zer nahi duen pentsatzeko.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ezetz esaten jakin behar denaren teoria gizartean oso errotuta badago ere, kasu askotan, praktikan ez da ezetz esaten. Baietz edo ezetz esatearen arteko gudan, baietzak irabazten du, sarritan. Horren atzean dauden faktoreak hainbat izan daitezke: esaterako, beldurra, konpromisoa edo errudun sentimendua. Adituek diote beharrezkoa dela oreka bat bilatzea: ezaren eta baiaren sokan, bataren edo bestearen alde egin behar da, norbere burua kontuan hartuta. Gainera, nabarmendu dute nobere buruaren zaintzak ere garrantzia duela.

«Ez hitza oso motza da, baina sekulako indarra du», esan du Beatriz Oronoz psikologoak. «Ez» ez esatearen atzean egon daitezkeen faktoreak izan ditu hizpide, baita ezetz zergatik ez den esaten ere. «Ezezko baten atzean pertsona baten izaera eta historia daude, baita familiarena ere», azaldu du Oronozek. Gaineratu du pertsonaren autoestimua eta norbera bere lekuan jartzen jakitea daudela horren atzean. Pili Alvarez Molesek, berriz, heziketa izan du gogoan. Autodefentsa feministako ikastaroak ematen ditu. Ezetz esatearen gaineko erabakia aztertu du, emakumeen ikuspegitik. «Txikitatik erakutsi digute adeitsuak izan behar garela, besteei begira egon behar garela. Bakezaleak izan behar garela ere esan digute, arazoetan ez sartzeko; ondorioz, zailagoa izan dugu ezetz esatea», nabarmendu du Alvarezek.

Ikara, gainontzekoen beharrak norbere nahien gainetik jartzea, errudun sentimendua, zenbait dira ezezkoa esatearen atzean egon daitezkeen faktoreak. «Jendeak beldurra du, baztertua izatearen edo norbait aurka jartzearen beldurra, ondorioz, ez da ezetz esaten», azaldu du Oronozek. Besteen beharrei lehentasuna ematea ere aipatu du, eta horrekin bat egiten du Alvarezek: «Besteen nahiak gure nahien gainetik sarri jartzen ditugu. Emakumeok enpatia oso garatua dugu, eta ez da kasualitatea». Gaineratu du errudun sentimendua ere badagoela: zenbaitek sentitzen du ezetz esanez gero, huts egingo diotela albokoari. Faktore horien eraginpean, baietza da garaile baiaren eta ezaren arteko gatazkan. Gainera, Alvarezen arabera, emakumeen kasuan egoera hori gizonezkoetan baino gehiago errepikatzen da.

«Gure kulturan, emakumeen ezetza negoziazioaren hasiera da, eta ez elkarrizketaren amaiera». Lidia Infante feministaren hitzak izan ditu gogoan Alvarezek. Haren esanetan, emakumeak zorrotzagoak dira haien buruarekin, enpatikoagoak. Oronozek ere esan du emakumeek ezetz esateko orduan zailtasun gehiago dituztela: «Emakumearena rol afektiboa da, eta pertsonaren arabera aldatzen bada ere, ezetz esateko orduan zailtasun gehiago ditu». Gaineratu du urteetan gizonek izan duten aginte rolak ere eragina izan duela, emakumeak «menpekoagoak» zirelako.

Halere, Oronozek nabarmendu du egun ere badirela zailtasunak ezetz esateko: «Ezetz esanez gero, aitzakiak jartzen ditugu, kostatzen zaigu gure lekuan jartzea. Hori arazoetan ez sartzeko egiten dugu». Ondorioz, psikologoak gaineratu du denborak aurrera egin ahala, guztia barruan gorde, eta kanporatu ezean, ondorio larriagoak sor daitezkeela: buruestimu apala, antsietatea eta estresa, esaterako. Alvarezekere bat egiten du psikologoaren ideiarekin: «Gurpil baten barruan sartzen gara. Ezetza ez da lehenengoan onartzen, eta, gainera, besteak eduki dezakeen erreakzioaren beldur gara; horren aurrean, hasten gara pelikula bat kontatzen».

Emakumeek ez ezik sortzaileek ere, sarritan, zailagoa dute ezetz esatea. Jarduna dute sortzea, eta hortik lortzen dute eguneroko ogia, kasu batzuetan. Iban Zaldua idazlea da, eta hark azaldu du ezezkoa ematea zaila dela diru-premiak horrekin lotuta badaude. Halere, gaineratu du beste faktore batzuk ere jokoan sartzen direla ezetz ez esateko momentuan: «Norberaren harrotasuna dago, eta lehia: ezetz esaten baduzu, joko al dute zugana hurrengoan? Eta nor, eta beste morroi hura hartuko al dute zure ordez, zuk baino okerrago egingo duela ziur zauden hura, hain zuzen ere?».

Oihana Bartra bertsolariak, berriz, militantzia izan du gogoan. Haren esanetan, konpromisoa da ezetz ez esatearen zergati nagusienetakoa. «Militantziak pisu handia du, eta, ondorioz, baietz esaten da askotan», nabarmendu du. Zalduak ere bide berari eutsi dio: «Gugan pentsatu izana baiezkoarekin saritu nahi dugu, are gehiago, euskalgintzaren munduari buruz ari garelarik».

Hori ikusirik, bi sortzaileek gako ezberdinak eman dituzte. Zalduak azaldu du diru premiak erdian egonez gero, ez litzatekeela proposamenari «baina» asko jartzera ausartuko. «Lan intelektual askoren prekarizazioa dela eta, normala da baiezkoak izatea nagusi», gaineratu du. Bartrak, berriz, sor daitekeen lan kargaren inguruan, esan du oreka bilatu beharra dagoela: «Jakin behar da batzuetan ezetz esaten, beste baiezko batzuk egon ahal izateko, zeure burua ondo egoteko».

Ezetz esateko zenbait gako

Nahiz eta ezetz esatea zaila izan daitekeen, saiatu behar da erabaki horren alde egiten, adituen arabera. «Egunerokotasunean ezetz esateak ondorioak ekartzen badizkigu, zerbait aldatu beharra dago. Ezetz esateak gaizki sentitzearen sentimendu bat sortuz gero, sorgin gurpil batean sartzen gara», esan du Oronozek. Hori ikusirik, jakin behar da baietzaren eta ezetzaren arteko oreka bat bilatzen. Zalduak ere nabarmendu du baiezko gehiegi kaltegarriak suerta daitezkeela, eta, beraz, jakin behar dela ezezkoa ematen, lana dosifikatzen. Halere, nola egin, hor dago gakoa.

«Ezetz ez esatearen gurpilean sartzea saihesteko, argi izan behar dugu guk zer nahi dugun. Horretan gehiago pentsatu behar dugu, gugan. Ezin ditugu besteak gure gainetik jarri, pentsatu behar da nik zer nahi dudan», azaldu du Alvarezek. Norbere nahiak eta mugak zeintzuk diren ezagutzea ere beharrezkoa dela nabarmendu du, eta, horretarako, garrantzitsua dela pentsatzea. Hark aholkatu du ariketa bat egitea: pentsatzea bizitzako zein esparrutan egiten den zail ezetz esatea. Ostean, esan du identifikatutako egoerei aurre egitea litzatekeela hurrengo pausoa. Hain zuzen ere, ezetza behar zuen baiezkoetan, ezetz esaten ikastea.

Oronozek ere pentsatu beharra aipatu du: «Norbere burua ezagutu behar da, jakin behar da zeintzuk diren norberaren mugak. Oreka bilatu behar da». Eta norberaren mugetatik abiatuta, ondokoa esan du Bartrak: «Muga bat jartzea da zailena: noiz bai, noiz ez. Hor dago zailtasuna, baina egin behar da».

Horretarako, bada psikologia arloan erabiltzen den kontzeptu bat: asertibitatea. Oronozek esan du gaitasun sozial eta komunikatiboa dela, eta oinarrian, oreka puntua bilatu behar dela: «Finean, besteen eta gure beharren artean oreka bilatzean datza, norbera bere lekuan jartzean». Nabarmendu du hori posible izango dela elkarrizketaren parte direnen artean errespetua dagoenean. Hala, erabakia onartua izango da. Kasu honetan, baietza edo ezetza.

Izan ere, ugari dira ezezko bat jaso ostean, jarrera ezkorra hartzen dutenak. «Ezezko bat jasotzeak frustatu egiten du, dudarik gabe, eta buruan zenuen eskema aldrebestu diezazuke. Baina ezetz esateko aukera eta eskubidea onartu behar diogu halakoetan besteari», esan du Zalduak. Gaineratu du bataren jarrerak bestearen erantzunean eragina izan dezakeela, eta, halakoetan, «kariño pixka bat gehiago antzezten» jakin beharko litzatekeela.

Mezua jasotzeko erak oinarri, Oronozek esan du mezuaren parte direla igorlea eta hartzailea. Landare bat nagusi duen metafora bat erabili du hori azaltzeko eta ulertzeko: «Igorleak landareari ur kantitate bat edo beste bota diezaioke, baina landareak era batera edo bestera jasoko du ur kantitate hori». Gauza bera gertatzen da mezuarekin ere. Halere, Alvarezek gaineratu du garbi utzi behar dela ezetz esaten denean, ez zaiola pertsona bati uko egiten, baizik eta «une konkretu batean egiten den proposamenari».

Hori ikusirik, bateratuta dauden bi bide ditu oinarri: ezetz esatea eta ezekoa onartzea. Esan eta onartu, biak egiten jakin beharra dagoela gaineratu du Alvarezek. «Proposamenen ostean jaso ditzakegu ezezkoak, eta guk ere jakin behar ditugu ezezko horiek kudeatzen». Hala, proposatu du gizartean ere landu beharreko gaia dela ezezkoak onartzea. Eta Bartrak ere bat egin du, kultur arloan egiten dizkieten proposamenetako batzuk oinarri hartuta: «Jendea hezi behar dugu: hemen gaude, ekarpena egiteko, baina ez edozein momentutan edo baldintzetan». Nabarmendu du ezezkoa onartzen jakin behar dela, zilegi delako norbaitek ezetz esatea.

Gainera, eza onartzearen erreakzioak ezberdinak diren bezala, ezetz ere modu askotara esan daiteke: ahozko komunikazioa eta gorputz adierazpena. «Garrantzitsua da koherentea izatea, hitzekin eta gorputz espresioarekin. Bi komunikazio erak bateratu behar dira, eta sentitzen dena kolektibizatu behar da», esan du Oronozek. Hark bezala, Alvarezek ere azaldu du begiradak, ahotsak, gorputzeko jarrerak... edozein modu izan daitekeela onargarri ezetz esateko.

Norbere buruaren zaintza

«Sentitu, pentsatu eta egin». Horiek dira Oronozek erabiltzen dituen errezeta magikorako hitzak. «Lehenengo eta behin, pentsamendu negatiboak aldatu behar ditugu. Izan ere, modu batera edo bestera pentsatu, sentimenduak ezberdinak izango dira; ondorioz, gauzak ere beste era batera egingo ditugu», esan du psikologoak. Bide horretan, nabarmendu du norbera bere lekuan jartzea dela garrantzitsuena. Zalduarentzako ere beharrezkoa da norberaren zaintza; ordea, azaldu du bigarren maila batean dagoela. Halere, ezezkoa behar zuen baiezkoetan, onartu du sortu daitezkeela osasun arazoak.

Bartrak ezaren eta baiaren arteko banaketa du gogoan.«Baietz esaten jarraitu nahi dut, konpromisoak eta militantziak hor jarraitu behar dute, baina ahal denean, zeure buruarentzako jasangarria denean», nabarmendu du bertsolariak. Aitzakiak ere aipatu ditu. Haren arabera, norbere burua justifikatzeari uztea beharrezkoa da. «Batzuetan esan beharko genuke gogorik ez dugula, edo besterik gabe, ez dugula nahi». Hala, norbere burua zaintzea posible litzateke. Eta ideia horretatik abiatuta, Alvarezek ere gogoeta berbera babestu du: «Gizarte honetanez dugu hartzen norberak zer nahi duen pentsatzeko tarterik, baina norbere burua zaindu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.