Nahigabean topo egin zuen Puy Oria zinema ekoizleak (Torres del Rio, Nafarroa, 1962) bere lanbidearekin, baina harrezkero etengabe aritu da zineman. Industria hitzari mesfidantzaz begiratzen dio, eta ikuspuntu humanista batetik aukeratzen ditu landutako istorioak. El sol del membrillo (1990) Historias del Kronen (1994), Secretos del Corazón (1996) eta Silencio Roto (2001) pelikuletan lan egin du, besteak beste. Oria films ekoizpen etxea sortu zuen Montxo Armendariz zuzendariarekin batera, «lurraldean errotutako istorio unibertsalak» garatzeko. Gaur egun Oria Madrilen bizi da, baina bere jaioterria bisitatzerakoan zatitxo bat eramatea maite du. Azken bisitan, karduarekin eta borrajarekin bete du maleta.
Noiz sartu zinen lehen aldiz zinema areto batean?
Lizarran [Nafarroa] nengoela ikusi nuen lehen aldiz zinema bat, txikitan. Zinemako aurrealdeaz gogoratzen naiz, pareta apaintzen zuten kartelez. Afixa hori da, funtsean, filmaren lehen irudia.
1986an Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentzia eskuratu zenuen Iruñean. Nola gurutzatu zen zinema zure ibilbidean?
Izena eta abizena ditu: Elias Kerejeta. Gradua amaitu nuenean, Elias Kerejetaren produkzio etxearekin topo egin nuen. Dokumental bat prestatzen ari ziren Montxo Armendarizekin batera: Las cartas de Alou (1990). Kamera, gutxi gorabehera, erabiltzen banekien, eta pertsona immigranteen bizipenak grabatzeko aukera eskaini zidaten. Iruñean nuen lanean hilabete bateko eszedentzia eskatu nuen: hiru hilabeterako joan nintzen.
Hiru hilabeteak igaro eta gero, zure Iruñeko lanbidera itzuli zinen?
Bai. Baina, egia esan, ezin nuen burutik kendu bizi izan nuen guztia. Material guztia ekoizpen etxeari eman nion eta haiek dokumentala egiten hasi behar zuten. Azkenean, hilabete horietan bizitakoa oinarri hartuta fikziozko gidoia egitea erabaki zuten, pertsona immigrante batzuk arriskuan jar genitzakeelako. Produktoretik deitu zidaten berriz, itzultzeko eskatuz.
Zein zen zure eginkizuna Las cartas de Alou pelikularen grabazioan?
Ni arduratzen nintzen aktoreak egunero filmatzeaz eta egunero arropa bera eraman behar zutela azaltzeaz. Azkenean, filmaren errejidore izan nintzen, nolabait dekoratuko gauzak ere lortzen nituelako. Ni! Errejidore izatea zer zen jakin gabe!
Hortik aurrera ez zinen pelikula baten platotik atera. Zergatik aldatu zenuen zure ibilbide profesionala?
Gai soziologiko eta humanista batengatik hurbildu nintzen zinemara. Bat-batean, nire ibilbidera itzuli nintzela sentitu nuen. Ez zitzaidan industria interesatzen; zinema egin nahi nuen.
Nolakoa zen Elias Kerejetarekin lan egitea?
Kerejetarekin lan egin nuen berriro Historias del Kronen (1995) pelikulan. Bigarren mailako zuzendaritzako lanak egin nituen, eta harekin gehiagotan topo egin nuen, batzuetan txarrerako, askotan eztabaidatu genuelako. Beti bazuen eskuan bere kartera, egunkaria eta bere ardo kopa; ezpainetan beti zuen pelikula baten solasaldia prest. Hil aurretik harreman sakona izan nuen berarekin.
Nola igaro zinen errejidore izatetik ekoizle izatera?
Lana utzi eta Iruñetik joan nintzen; Madrilera iritsi nintzen, hiria ezagutu gabe eta sakelakorik gabe. Pentsatu nuen: «Baina zer egingo dut?». Baina konturatu nintzen han nengoela eta putzu horretatik atera behar nuela. Errejidorearena egin nuen film batean, eta ahal izan nuen moduan atera nintzen; pixkanaka-pixkanaka, ekoizpenaren esparrura desbideratuz joan nintzen.
Ekoizpen aulkian eserita eroso sentitzen zara?
Bai. Ekoizpen taldeetan oso eroso sentitzen naiz. Ekoizpen lanetan aritzeko sen ona, antolaketa, oreka, taldearentzat erreferentziazko figura izatea eta psikologia handia behar dira; oso ongi zetorkidan graduan ikasitakoa.
Aulkian eserita egotea baino, produkzio artistikoa eta parte hartzailea babesten duzu gehiago?
Sormenezkoa, erabat. Ekoizteagatik ekoiztea baino nahiago dut beste eremu batean lan egitea. Historian parte hartzea, informatzea eta ikertzea gustatzen zait. Proiektu asko garatzen ditugu, eta baliteke horiek ateratzea edo ez ateratzea. Oraintxe bertan hiru garatzen ari gara, baina, agian, ez da bat bera ere aterako. Baina ez da ezer gertatzen.
Zer egiten duzu ateratzen ez diren pelikula horiekin?
Armairu bat daukat bulegoan, egin ez ditugun proiektuz betea. Hezkuntza mundutik natorrenez, proiektu horiek eginda daude niretzat. Denbora luzez pertsonaiekin lanean aritu naizenez, niretzat proiektua ia eginda dago, eta horrek lasaitu egiten nau, hobeto sentiarazten nau. Ez da atera jendeak ikusi ez duelako, baina nik nire prozesua egin dut, eta filma nire buruan ikusi dut. Jendeak galdu izana sentitzen dut.
Izan duzun kolaboraziorik luzeena Montxo Armendariz zinema zuzendariarekin izan da. Nolakoa da zuen arteko elkarlana?
Montxo [Armendariz] izan da zinemaz eta, oro har, denetik gehien irakatsi didan pertsona. Beti bere babesa izan dut. Biak autodidaktak gara, nafarrak, eta lurrak batzen gaitu. Nafarroan film asko egin izanak batzen gaitu, eta gure istorioak hobekien ulertzen diren tokia da. Ia beti hemen grabatu ditugu istorio unibertsal baina oso lokalizatuak.
Oria films ekoizpen etxe independentea sortu zenuten 1999an, Madrilen. Istorio unibertsal eta lokalizatuak ekoizteko?
Bai. Biok maite dugu mugak gainditzea, eta gauza berriak bilatzea. Secretos del corazón (1997) filmaren ondorioz, Montxo [Armendariz] ekoizleentzat zuzendari interesgarri bihurtu zen, eta hor sortu zen gure ekoiztetxea egiteko ideia.
Nola aukeratzen dituzu landu nahi dituzun istorioak?
Ez dut zinema egin nahi konpromiso sozialik eta ikuspegi artistikorik gabe. Niretzat zinemak errealitatea irudikatu behar du; beste zinema mota entretenimendu hutsa da. Hori ere oso ongi dago, industria bat garelako, baina ez da egin nahi dudan zinema. Nire film guztietan asko nabaritzen da: 1936ko gerra, haurren kontrako indarkeria, giza eskubideak... Beti dago presente. Hasi nintzenetik interesatzen zaidan alorra da, eta zortea izan dut ikuspuntu bera duen jendearekin lankidetzan aritzeko.
«Ez dut zinema egin nahi konpromiso sozialik eta ikuspegi artistikorik gabe. Niretzat zinemak errealitatea irudikatu behar du; beste zinema mota entretenimendu hutsa da»
Ekoizleen lana itzalean geratzen dela uste duzu?
Hasi nintzenean, bai. Jendeak uste zuen ez nuela ezer egiten. Baina uste dut hori asko aldatu dela. Ekoizle gisa definitu nahi duzun moduaren araberakoa da; niri itzalak gustatzen zaizkit, ez zait gustatzen lehen lerroan egotea. Zinematik ez natorrenez, errespetu handiz hurbildu naiz lanbidera.
Ikus-entzunezko Ekoizle Independente Federatuen federazioko presidente hautatu zintuzten 2018an, eta kargu hori izan zuen lehen emakumea izan zinen. «Lehen emakume» esaldiaz nekatzen zara?
Hasieran ez zitzaidan arraroa iruditzen, une horretan normalena zelako. Askotan, bileretara joaten nintzen eta emakume bakarra nintzen, eta portaera batzuk nabaritzen hasi nintzen: zerbait esaten banuen, ideiaren bat proposatzen banuen, ez zen interesatzen; baina gizon batek ideia hori esaten bazuen, onartzen zuten. Uste nuen beste hizkuntza bat hitz egiten zutela, baina ezetz konturatu nintzen.
Hasi zinenetik egoera aldatu da?
Bultzaka aldatzea lortu dugu. Gizonak bakarrik agertzen diren argazkiak ikusten jarraitzen dut, eta gogaitu egiten naute. Oraindik ere uste dut botere eremuan ez dela ezer aldatu: emakume ekoizle gutxi dira ekoizpen enpresen zuzendariak. Emakume ekoizle gutxi dago, progresiboak, proletarioak eta independenteak direnak. Batzuen pentsamoldea aldatu behar da, baina nik mahai gainean ukabilkada bat ematea nahiago dut; ez digute pasatzen uzten.
Zinemakumeak gara!jaialdian Simone de Beauvoir saria irabazi zenuen 2019an. Nola hartu zenuen?
Ilusio handia egin zidan, nire ibilbidea nahiko zaila izan baita arlo horretan. Emakumeok beti gehiago erakutsi behar dugu errekonozimendua lortzeko.
Ekoizteko modua aldatu egin al da urteen poderioz?
Asko aldatu da. Ez da ez errazagoa, ez zailagoa; desberdina da, besterik gabe. Gertakarien, deialdien eta plataformetan agertzen diren eduki guztien berri izan behar dugu. Agian, orain proiektu gutxiago ateratzen ditugu, baina egiten dugunaren gainean egotea gustatzen zaigulako da.
Hezkuntzara itzuli zara orain. Obrak garatzeko aholkularitza sortu duzu, ConsultOriaFilms izenekoa. Nola ikusten duzu hurrengo belaunaldia?
Gazteekin egoten naiz egunero, eta ia beti haserretzen naiz haiekin. Uste dut motibazio falta orokorra dagoela, jendeak esaten dielako haien belaunaldia aurrekoa baino okerragoa izango dela, ez dutela inoiz pisurik izango, eta azkeneko hori egia da. Haien historia eta frustrazioa lanetan kontatzea eta islatzea nahi dut. Baina gidoi bat idazteko esaten diedanean, alzheimerrari buruz egiten dute. Haien errealitatetik ihes egin nahi dutela uste dut, eta nahiago dute aurreko belaunaldien arazoei buruz idatzi.
Zer aholku ematen diezu zure ikasleei ekoizle onak izan daitezen?
Nahiago dut ikasleek jakitea pelikula grabatuko duten tabernan jabe bat dagoela, kamera bere aurpegian jarri beharrean.
Protagonistekin harreman estua mantentzea da ekoizleen eginkizuna, beraz?
Bai. Niretzat, behintzat. Produktore batzuk enpresariak bezalakoak dira, baina niri ez zait gustatzen enpresarien mundu hori. Ekoizpenerako gakoa jendea tratatzen jakitea da, pelikulen protagonistak izango direnekin eta produkzioaren langileekin harreman estua eraikitzea. Bakoitzaren prestakuntzaren eta pentsamoldearen araberakoa da, noski.
Madrilgo Mostenses merkatuaren inguruan dokumentala egin nahi zenuen. Zer moduz doa proiektua?
Pandemian gelditu egin behar izan genuen. Sarritan joaten naiz bertara erosketak egitera, eta, egun batean, haien istorioak kontatzen hasi ziren: hori grabatu nahi nuela esan nien. Ni zuzendari izan nintzen, Montxo [Armendariz] kamerari aritu zen, eta soinu lagun bat etorri zen. Postu guztietan zerbait hartzera gonbidatzen gintuzten, oso dibertigarria zen.
Zergatik erabaki zenuen hori lantzea?
Egunerokotasunetik hurbilen dagoena da merkatua. Madrilgo Mostenses merkatuak komunitate asiarraren eta latinoamerikarraren konbinazio interesgarria du, eta hori islatu nahi nuen. Niri hori askoz dibertigarriagoa iruditzen zait buru-jakintsu batzuekin joatea baino. Egunen batean berriz ekingo diot proiektuari.