Tyrannosaurus rex bat eta uso arrunt bat. Lehen begi kolpean pentsa daiteke ez dutela zerikusi handirik, baina badute antzekotasunik, eta anitz gainera. «Gizakiok primateak garen gisan, hegaztiak dinosauroak dira». Ingurura begira gelditu da tarte batez Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoko zuzendari Ignacio Lopez, eta jarraitu du: «Kalean zoazela uso bat ikusten baduzu, jakin ezazu dinosauro batekin topo egin duzula». Interesgarri hasi da gero bisita.
Paleoartistek egindako hamaika panel, irudi eta bestelako erreprodukzio errealistak bete dute Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Eraikineko halla. Hexagono formako aretoak, gainera, fosilen eta arrastoen hainbat lagin biltzen ditu, bi solairutan banaturik. Lurrean itsatsiriko dinosauro oinatzen irudiek markatzen dute ibilbidea: lehen solairuan hasi, eta azpikoan amaitu.
Arrastoei segitu ahala, ordea, izaki lumatsu, koloretsu eta xelebreak ageri dira, telebistak karikaturizatzen dituen dinosauro oihulari eta basatien oso bestelakoak. «Agian, okerra da txikitan ikasi genuen dinosauro narrasti eta ikaragarrien irudi hori». Dinosauroei lotutako iruditeria deseraikitzen du, beraz, erakusketak. «Hegazti modernoak oinordeko zuzenagoak dira krokodiloak baino», erantsi du.
Ibilbidean barrena, hegazti modernoak eta dinosauroak erkatzen dituzten hamaika froga gehiago ageri dira, bata bertzearen atzetik. Arrautzak, habiak, hezurrak, mokoak eta lumak. Dinosauria (eta ez dinosauroa) irakurri daiteke paneletako batean. Desagerturiko dinosauroak eta bizirik dauden horien ondorengoak biltzen dituen animalia taldea da. Oiloa, ostruka eta velociraptor-a senideak dira, beraz.
Izan ere, dinosauro guztiak lumadunak ziren, baita Tyrannosaurus rex delakoa ere. Baina txoriek eta dinosauroek badituzte antzekotasun anitzez gehiago: hezur huts eta malguak, garun handiak, hiru atzapardun hankak eta abar. Biologia konparatiboaren bitartez atera dituzte ondorio horiek. Zientzialariek zenbait organismo eta leinu alderatzen dituzte, horien anatomia, genetika eta portaera aztertuz. «Horrek modua eman du dinosauro batzuen eboluzioaren berri jakiteko».
Historia Naturalaren AEBetako Museoko zientzialariek milaka pieza, fosil eta abar bildu dituzte urteetan, eta horiek konparatu eta aztertu. Dinosauroak gure artean erakusketa 2014an mustu zuten AEBetan, eta han dago originala: 800 metro koadro hartzen ditu. AEBetako museo horren kudeatzaile Alejandra Castellanosen aburuz, arrakastatsua izan zen oso: «Jendeari asko gustatu zitzaion, eta munduko hainbat txokotara eramatea erabaki genuen, formatu txikiagoan».
Euskaraz ere bai
Hain zuzen ere, museoak moldatu egiten du proposamen museografikoa, tokian tokiko errealitate sozialaren arabera. «Ez dira bi erakusketa berdin izanen», esan du Castellanosek. Euskaraz ere egin dituzte erakusketa eta bisita gidatuak: «Gure museoak zerbait euskaraz egiten duen lehen aldia da», esan du, harro. Bide beretik, biziki kontent azaldu da Marie Anne Reynell Nafarroako UnibertsitatekoZientzien Museoko garapenerako zuzendaria: «Oso pozik gaude, lehenengo aldia baita zerbait euskaraz egiten duguna». Argi dago dinosauroek bizirik segitzen dutela, orain euskaraz ere bai.
ATZEKOZ AURRERA
Ez ziren joan: hemen diraute
'Dinosauroak gure artean' erakusketak dinosauroen eta hegaztien arteko konexioa aztertzen du. Azaroaren 25era arte izanen da ikusgai Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Eraikinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu