Miren Arzalluz

«Ez nioke eskatuko soineko bat egiteko Balentziagari»

Cristobal Balentziaga museoko komisarioak miresten du Getariako jostuna. Haren beste pasioetako batekin uztartzen du lana: historiarekin. Moda eta historia, soinekoak eta liburuak; eta horien guztien artean, Miren Arzalluz.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Begirada zorrotza du Miren Arzalluzek (Bilbo, 1978), ile hori-horia eta musu gorri-gorriak. Hitz egiten hasten denean, baina, ahots goxoz ari da, eta Cristobal Balentziaga hizpide duenean, mirespen betez mintzo da.

Berritasunak dituzue Cristobal Balentziaga museoan, erakusketa berria estreinatu zenuten ostiralean.

Bai, gure bildumaren erakusketa berria daukagu. Helburua bera da: Balentziaga zein zen azaltzea, zer egin zuen, haren lanaren ezaugarri nagusiak ezagutaraztea, ekarpenak... Museoa ireki genuenetik, hirugarren erakusketa da honako hau, eta diskurtsoa apur bat aldatu dugu. Lehen, Cristobal Balentziagaren bezeroen protokoloaren arabera egindako soinekoak ziren ardatza.

Eta orain?

Orain, haren lanaren ezaugarri nagusiak hartu ditugu, kronologikoki antolatu ditugu, eta kronologia horren barruan tematikoki banatu. Soinekoak bigarren planora eraman ditugu, apur bat; ardatza, haren lanaren ezaugarriak izango dira.

Soinekoez gain, zer gehiago duzue?

Parisko Balentziaga artxiboarekin harremanetan egon gara. Gure bilduman haien artxiboko hainbat material daukagu ikusgai: argazkiak, zirriborroak, desfileen bideoak... Orain arte ikusi ez den material asko daukagu.

Zirrara sortuko dizu material hori guztia esku artean edukitzeak.

Bai. Soineko gisa ez ezik, sorkuntza artistiko gisa ikus ditzake jendeak museoko soinekoak, baina testuingurua, soinekoak zuen mugimendua eta abar galdu egiten da. Orain, jendeak posible izango du ulertzea nola sortu zuen Balentziagak soinekoa.

Debekatua duzue, baina soineko horiek janzteko tentazioa handia izango da.

[Barrez] Egia esan, ez. Guk oso argi daukagu ondarea direla; gure museoan sartzen denetik, gure ondare dira. Arte Ederretako museoetan jendeak ez du tentaziorik izaten marrazkiak edo margolanak etxera eramateko! Oso barneratuta daukagun kontzeptua da, eta inoiz ez zaigu burutik pasatzen.

Profesional peto-petoak, beraz.

[Irribarrez] Bai, bai... Baietz pentsatzen dut!

Politika Zientzietan hasi, historialari bihurtu eta orain soinekoekin amaitu. Nola eman zenuen liburuak itxi eta soineko artean murgiltzeko pausoa?

Historialaria naiz oraindik, eta ez ditut liburuak itxi, inondik inora, nire lanari buruz gehien gustatzen zaidan zatia da. Ikertzen jarraitzen dut, hori da nire lana. Erakusketak antolatzeaz gain, liburuak beti dauzkat zabalik, eta hori da gehien gustatzen zaidana. Historialaria izango naiz beti.

Moda eta historia eskutik. Bat baino gehiago harrituta egongo da oraindik.

Diziplina berria da, hemen ia ez da ezagutzen, eta jendeari kostatzen zaio ulertzea posible dela historia modaren arloan ikertzea.

Soinekoak museoetan ikustera ohitu al gara?

Horretan gaude. Moda modan dago, eta arrakasta handia dute moda erakusketek. Jendea ohitzen ari da, eta hasi da ohartzen badagoela moda ezagutzeko beste modu bat. Gauza bat da modaren industria, eta bestea, modak izan ditzakeen interpretazio soziologiko, kultural, psikologiko anitz horiek.

Baina, goi mailako jantzigintza ez al da errealitatetik at bizi?

At ez nuke esango; beste errealitate bat da. Modak, luxuaren industriaren barnean dagoen heinean, krisiak eragin dio, baina beste era batean. Luxuaren munduak bere errealitatea dauka, ez da at bizi; bere publikoa du, eta, antza, ez du krisia hainbeste pairatzen.

Politika Zientziak ikasten hasi zinenean, baten batek baino gehiagok pentsatuko zuen aitaren bidea jarraituko zenuela [Xabier Arzalluz da haren aita].

Ez dakit jendeak zer pentsatuko zuen, baina nik nire bidea egiten dut. Momentu jakin horretan Politika Zientziak zeuden nire bidean, baina, gero, ez zeuden jada. Nire prestakuntzaren parte handia, oso garrantzitsua izan da, eta ez naiz inondik inora damutzen.Prestakuntza horrek moda ulertzeko beste ikuspuntu bat eman dit.

Zure ametsetako bat Cristobal Balentziaga elkarrizketatzea da. Zein izango zen zure lehen galdera?

Hain zaila izango litzateke niretzat bat aukeratzea! Hainbeste gauza daude! Seguru asko, hastapenei buruz galdetuko nioke, umetako gogoetak, gaztaroa, zergatik erabaki zuen goi joskintzan aritzea, ze inspirazio iturri zituen, nor miresten zuen... Gauza gehiegi, ez dakit berak erantzungo zituen denak, ez dut uste.

Konfiantza apur bat hartu ondoren, soinekoren bat eska zeniezaioke.

Konfiantza? Ez dut uste konfiantzarik izango nuenik berarekin. Baina ez, ez, inondik inora ere ez nioke eskatuko soineko bat egiteko [burua mugituz indartu ditu bere hitzak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.