Ilustratzailea

Eneritz Basabe: «Ez naiz marrazten dudan hori, baina, aldi berean, banaiz»

'Aldrebes' ipuin eta ilustrazio liburua argitaratu du Eneritz Basabe ilustratzaileak. Aitak umetan kontatzen zion istorio bat abiapuntutzat hartuta, atzeraka igeri egiten duen ahatetxo baten ipuina sortu du.

Eneritz Basabe, aste honetan, 'Aldrebes' ipuina eskuetan duela. BERRIA
Eneritz Basabe, aste honetan, 'Aldrebes' ipuina eskuetan duela. BERRIA
unai etxenausia
2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Eneritz Basabe idazle eta ilustratzaileak (Gasteiz, 1994) bere lehen ipuin eta ilustrazio liburua argitaratu du: Aldrebes (Amesgile argitaletxea). Haurrentzat sortutako istorio bat da, baina helduengan ere hausnarketa pizteko helburua duena. Irakasle eta ilustratzaile gisa duen prestakuntzaz baliatuz, aniztasunaren eta begirunearen aldeko mezua plazaratu du Basabek, atzeraka igeri egiten duen ahatetxoaren istorioaren bidez. Proiektuan, Euskal Herriko animalien ingurune naturala eta estilo bisual sendoa uztartu ditu.

Zer esanahi pertsonal edo sozial du zuretzat Aldrebes ipuinak? Eta zergatik iruditu zitzaizun hain garrantzitsua gaur egungo gizartean kontatzea?

Aldrebes nire aitaren istorio batetik abiatzen da, atzeraka igeri egiten zuen ahatetxo baten istoriotik. Berreskuratu egin nahi nuen ipuina, baina mezua eguneratuta eta moldatuta. Gaur egungo gizarte linealean, non beti aurrera egin behar dela dirudien, atzera eta aurrera egiteaz hausnartu nahi izan dut. Aniztasuna eta norberaren erritmoak errespetatzearen garrantzia azpimarratzen ditu istorioak. Zergatik ez du atzeraka igeri egingo ahateak, horrela ateratzen bazaio? Gainera, zalantzan jarri nahi izan dut besteek norbaiten prozesua kanpotik epaitzeko duten joera ere.

Beraz, aitaren ipuinetik abiatuta, zer aldaketa edo gogoeta gehitu nahi izan diozu istorioari? Zergatik?

Aitaren ipuinak jarraibideak eman zizkidan, baina buelta eman diot istorioari. Badirudi ahatearen atzera egiteko modu horrek ez duela dirudi lekurik gizarte linealean. Nik istorioaren bidez erakutsi nahi nuen bakoitzak bere bidea egin behar duela, bere erritmo eta estiloan. Horrez gain, prozesu emozionaletan atzerapausoak ematea nolabaiteko porrot gisa ikusten dugu askotan, eta horri buruzko hausnarketa proposatu nahi nuen.

Noiz pentsatu zenuen istorioa eta ilustrazioak ezin hobeto uztartuta zeudela? Zerk sortzen du bateratasun hori?

Erronka izan da ipuina buruan nituen irudiekin uztartzea, baina asko ikasi dut prozesu horretan. Hitza eta irudia orekan jartzea ezinbestekoa zen niretzat. Saiatu naiz irudiek lagundu ezin dutenetan bakarrik erabiltzen hitzak. Bateratasun hori sortzeko, istorioaren mezuak eta irudien emozioak elkar osatzen dutela ziurtatu behar izan dut.

Zure hezkuntza eta irakaskuntza esperientziak kontatu dituzu...

Askotan galdetzen didate: «Marrazten duzun hori zu zara?». Ez naiz marrazten dudan hori, baina, aldi berean, banaiz. Ni ez naiz ipuineko ahatetxoa, baina harekin identifikatu izan naiz beti. Txikitatik, aitak istorioa kontatzen zidanetik, ahatearen begietatik bizi izan dut istorioa.

Lehen argitalpena kaleratu duzu. Prozesu luzea izango zen, ezta?

Bai, oso prozesu luzea izan da, baina ilusio eta maitasun handiz egindakoa. Istorioa aukeratu, estiloa garatu, ilustrazioak sortu eta argitalpen prozesua egin: urrats bakoitza landu behar izan dut. Bidean oztopo ugari aurkitu ditut, eta askotan ematen zuen ez zela inoiz amaituko. Orain, liburua kaleratuta, hunkituta nago. Nahiz eta lotsatia izan, emozio handiz hartzen ditut elkarrizketak eta aurkezpenak.

Haurrek ziur baietz, baina helduek ere gozatuko al dute liburua?

Bai. Gehienek umeentzat erosi dute, baina badago publiko heldua ere. Hori bereziki hunkigarria da niretzat, mezua unibertsala delako. Ilusio handia egiten dit heldu batek ere gozatu eta hausnartu ahal izateak.

Nola irudikatzen duzu zure etorkizuna ilustratzaile gisa?

Ipuin gehiago argitaratzea gustatuko litzaidake. Nahiz eta nire lanbide nagusia ez izan, denbora eduki nahiko nuke istorio berriak sortzeko. Asmo handien artean, buruan daukat nobela grafiko bat egitea. Gainera, marrazki bilduma bat ere argitaratu nahiko nuke.

LOTSABAKO

Ilustratzaile bat?
Asko dira inspiratzen nauten ilustratzaileak, baina Eider Eibar nabarmenduko nuke.

Ipuin edo liburu bat gomendatuko zenuke?
Roald Dahl idazlearen Sorginak liburua gomendatuko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.