ATZEKOZ AURRERA. Unai Elizasu. Arrauning enpresako arduraduna

«Ez naiz garbiketa enpresa bat; nire lan eremua garbitzen dut»

Arrauning ez da «aisialdi enpresa normal bat». Urumea ibaia ezagutaraztea du helburu, eta garbiketarako egunak ere antolatzen ditu. Urumeako Aste Nagusia jarriko du abian, bihar.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Loiola (Donostia)
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Oihartzun handia izan du kanoarekin Urumea ibaitik zaborra ateratzen duen gizonaren bideoak. Gizon hori Unai Elizasu da (Donostia, 1980), arrauna eta aisia elkartzen dituen Arrauning enpresaren sortzailea. Urumea ezagutaraztea da haren lana eta pasioa, eta bere lantokia garbi mantentzeaz arduratzen da, «inolako kontzientziarik sortzeko» asmorik gabe.

Bihartik hilaren 15era arte, egitarau berezia antolatu du ibaian. Egunero, Loiola auzoan (Donostia) duen lokaletik abiatuta, kanoekin hainbat ekintza egingo dituzte Urumeako Aste Nagusian.

Nolatan sortu zenuen Arrauning?

Oker ez banago, orain dela ia hamar urte sortu nuen. Arraunlari izandakoa naiz, eta azken urteetan beti izan nuen kezka bat: arrauna nola izan daitekeen horrenbeste ezagutzen den kirol bat, baina inork aisialdian probatu ezin dezakeena.

Nire lehen urratsak Kontxan eta ibaian izan ziren: traineru txiki batekin, jendea paseatzen hasi nintzen. Gero, kanoa kanadarrak lortu, eta irteerak ibaira bideratu ditut.

Ez naiz aisialdi enpresa normal bat. Beti joaten naiz bezeroekin, Donostiak ahaztua duen ibaia ezagutarazten eta bertako istorioak kontatzen.

Urumea ez al da ezagutzen?

Ez da ezagutzen, ez delako ezagutzeko biderik eman. Jende asko kanpora joaten da ur jarduerak egitera, baina inor ez da konturatu hemen ibai bat daukagula.

Nire turistak, batik bat, donostiarrak, gipuzkoarrak eta euskaldunak dira. Kanpoko turistak ez dira Donostiara etorriko ibaira; Kontxara etorriko dira. Ni naiz ibaian dagoen enpresa bakarra. Horrek adierazten du Donostiako aisialdi akuatikoa nora dagoen bideratuta.

Ibaia garbitzen ere aritzen zara.

Ez naiz garbiketa enpresa bat, baina nire lan eremua garbitzen dut. Azken urteetan, garbiketara bideratutako egunak antolatu ditut, baina paseo normaletan ere jendea zaborra jasotzera gonbidatzen dut.

Ez da inolako kontzientziarik sortzeko. Lan lekua garbi eduki nahi dut. Nik antolatzen dut, ez dut inoren babesik eskatzen, eta laguntza ematera datorren oro ondo hartuko dugu.

Nor animatzen da garbiketetara?

Donostiarrak eta Donostia ingurukoak. Izugarrizko gogoa izaten dute. Azkeneko garbiketan, momentu batean, nahikoa zela esan behar izan nien.

Nolako gauzak jasotzen dituzue?

Uretan egon behar ez dutenak. Azkeneko garbiketan somierrak, komunak, armairuak, bizikletak, ordenagailuak eta zer ziren ez genekien gauzak ere atera genituen. Hori objektu handiei dagokienez, baina badaude plastikozko botilak eta horrelako asko ere.

Halere, ibaia ez dago zikina. Garbitzen ez den Donostiako leku bakarra da, baina horrek ez du esan nahi zikina dagoenik. Dauden zikinkeria guztiak jaso genitzake. Ibaiaren kalitatea ona da: gero eta animalia eta landare gehiago daude. Eremu batzuk oso basatiak dira.

1965eko amodio gutun bat ere aurkitu zenuen.

Gutuna oso ezaguna egin zen. Beste behin, artista batek marraztutako kamiseta bat sartu zuen botila batean. 15:30ak aldera bota zuen, eta guk 17:00etan jaso genuen. Eskiak, eliptikoak eta abar ere jaso ditugu.

Aste Nagusia ospatuko zen asterako egitarau berezia sortu duzu.

Lehenengo aldia da Urumeako Aste Nagusia antolatzen dudana. Eskaintzen ditudan irteera mota ezberdinak antolatuko ditut. Bi garbiketa egun ere planteatu ditut.

Zein dira bezeroei kontatzen dizkiezun istorioak?

Ibaiak leku ezberdinetan ditu istorioak: Loiola auzoan, erregina batekin istorio bitxi bat duen baserri bat dago. Parean, militarrak daude. Donostiara gaztelera ikastera etortzen diren europarrek, Infanteria hitza ikusitakoan, ea umeen eskola ote den galdetzen dute. Txomin-Enean portu zahar batzuk daude, sagardoaren ibaia da... Urumea izena nondik datorren ere ez daki jendeak.

Eta nondik dator?

Ba... jendea etor dadila eta esango diet. Lehengo geltokian hori da kontatzen dudana.

Arraunean lehiatzen aritua zara.

14 urterekin hasi nintzen Ur Kirolak-en, Orion urte pare bat egin nituen, eta azken urteak, Donostiarran. Hiruzpalau urte izango dira utzi nuela. Azkeneko urtean, ia Kontxako Banderaren bezperan, bezero batzuekin nenbilen uretan. Konturatu nintzen hori ez zela posible, eta, pena handiarekin, utzi egin behar izan nuen.

Bertsolaritzan ere ibiltzen zara.

Bertsotan oso gutxi. Gai jartzaile, aldiz, bai, asko. Bertsoetatik sortutako arropa denda bat ere badaukat: Puntutan. Esan dezaket nire bi pasioak ia-ia lan bihurtuak ditudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.