Lund unibertsitateko (Suedia) ikerketa batean, Suediako doktoregaien osasun emozionala aztertu dute, eta emaitzak ez dira itxaropentsuak doktoretza aurrekoa egiten ari direnentzat. Horren arabera, doktoretza lortzeko bidean, lehen urtetik bosgarren urtera, nabarmen areagotzen da medikazio psikiatrikoaren kontsumoa, %40ra areagotu ere. Talde sozioekonomiko eta alor guztietan aurkitu dute bilakaera hori, osasungintzan izan ezik. Txostenean aipatutako beste hainbat ikerketaren arabera, depresio eta antsietate sintomak zituzten, gradu batean edo bestean, doktoregaien %17-35ek. Txostenean jaso dutenez, doktoregaiek «gizarteko gainontzeko kideek baino buru osasuneko arazo maila dezente handiagoa» dute. Areago, ospitalizazioei dagokienez, lehenengo urtetik bosgarrenera goranzko joera aurkitu dute Lundeko ikerketan.
EHUko OPIK ikerketa taldeak unibertsitate horretako hainbat doktoregairen egoera aztertu zuen iaz, eta ondorioak antzekoak izan ziren. Tesia amaitzeko epeak aurrera egin ahala areagotzen dira estresa eta antsietatea. OPIK ikerketa taldeko Yolanda Gonzalez Rabago ikerlariak azaldu duenez, ondorio horretara iristea «garrantzitsua» zen «doktoretza aurrekoa egiten ari diren ikerlari zaurgarrienek baliabide gehiago behar dituztela jabetzeko; izan epeak malgutzea, izan baliabide ekonomikoak...».
Nolanahi ere, doktoretza aurrekoa egiten ari direnen baldintzak «zailak» dira prozesu osoan. «Formakuntzan urte asko inbertitu dituzten langileak diren arren, euren kontratuen baldintzak nahiko prekarioak izaten dira, batez ere ekonomikoki», azaldu du Gonzalezek. EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko kontratuekin, gutxieneko soldata kobratzen dute ikertzaileek lehen eta bigarren urtean; 1.780 euro gordin jasotzen dituzte hirugarrenean; eta 2.300 euro gordin laugarrenean.
«Formakuntzan urte asko inbertitu dituzten langileak diren arren, haien kontratuen baldintzak nahiko prekarioak izaten dira, batez ere ekonomikoki»
YOLANDA GONZALEZ RABAGOOPIK ikerketa taldeko kidea
Argiñe Perez —asmatutakoa da izena, nahiago izan baitu ez eman— EHUn eta Bordeleko Unibertsitatean ari da doktoretza egiten, eta hiru hilabete daramatza gaixo baimenarekin. «Antsietatea eta depresioa diagnostikatu zizkidaten, eta baja hartu behar izan nuen», azaldu du. Ezinegon handia sortzen dio bajan egonda ikerketa kontratua berritu ahal izango ote duen ez jakiteak.
Oso estresagarria zaio, gainera, ikerketa kontratuarekin «bizimodu duina izateko modu bakarra» zera izatea, etxea alokatzeko laguntzak jasotzea. Duela urtebete hasi zen ikerketa bertan behera uztea pentsatzen, eta azken hilabeteetan nahiko argi du: tesia bertan behera utzi, eta beste lan bat bilatuko du.
Diego Ibarra, berriz —asmatutakoa da izen hori ere—, Iparraldean ari da doktoregai. Gutxi falta zaio doktoretza amaitzeko, baina duela bi urte bajan izan zen, estresarekin eta antsietate nahasmenduarekin: «Uste dut oraindik ere badudala». Garai hartan, «hamabi bat orduz» egiten zuen lan egunero, asteburuak barne; terapian eta tratamendu psikiatrikoan amaitu zuen azkenean, eta hiru hilabeteko gaixo baimena hartu behar izan zuen. Aitortu du «askotan» pentsatu izan duela tesia uztea, baina «gutxi» falta zaio jada, eta jarraitu egingo du.
Salatu duenez, kontratu «prekarioegia» du bizitzeko, eta burokrazia lana «izugarri astuna» egiten zaio. Perez bat dator harekin: «jasanezina» iruditu zitzaion Bordeleko Unibertsitateko burokrazia.
Kontratu barik
Perezek eta Ibarrak dutenaren pareko «kontratu prekario bat» lortzen saiatzen dira urtero doktoregai batzuk, baina lortu ez. Azaroaren lehen erdialdean, 106 ikerketa kontratu adjudikatuko ditu Eusko Jaurlaritzak hirurehun doktoregai pasaren artean. Kalkulua erraza da: hautaketa prozesua egin dutenen ia bi heren kontraturik gabe geratuko dira.
Antzekoa da Tamara Rojo Castro EHUko Letren Fakultateko doktoregaiaren kasua. Lehen bi urteetan, EHUko ikerketa kontratua lortzen saiatu zen. «Lehen urtean, zerrendaren amaieran geratu nintzen, eta bigarrenean, erdialdean», azaldu du. «Ingurukoek nik baino askoz puntu gehiago zituzten, eta, halere, kanpoan geratu ziren. Ez nuen indarrik prozesu osoa hirugarren aldiz egiteko». Izan ere, doktoretza lanaldi erdian egin bitartean, lan egin behar izaten du irakasle. «Askotan, lana eraman behar izaten dut etxera: azterketak zuzendu, klaseak prestatu eta abar», azaldu du. «Horrela ezin dizkiot doktoretza lanari behar beste ordu eskaini».
«Ingurukoek nik baino askoz puntu gehiago zituzten, eta, halere, kanpoan geratu ziren. Ez nuen indarrik prozesu osoa hirugarren aldiz egiteko»
TAMARA ROJO CASTROIkerketa kontraturik gabeko doktoregaia
Ikerketa kontraturik gabe, gainera, ez diote ikerketa taldean sartzen uzten, eta ezin du atzerriko egonaldirik finantzatu, baina horiek ez dira desabantaila bakarrak: «Baliabide asko falta ditut; adibidez, laguntza teknikoa falta zait arazo informatikoak ditudanean, eta beste unibertsitateetako liburuak ezin eskatu». Bidea «oso neketsua» dela aitortu du; sentitzen duela, beste doktoregai batzuekin alderatuta, ez dela aurrera egiten ari.
Kongresuetan parte hartzea ere funtsezkoa da lanpostu bat lortzeko puntuak eskuratze aldera. Kontraturik edo ikerketa talderik gabe, norberak ordaindu behar izaten ditu bidaia, egonaldia eta kongresuko izen ematea. Rojok dioenez, kontraturik gabe, kongresuetara joateko aukerak «askoz murritzagoak» dira berarentzat: «EHUko kongresuetan soilik parte har dezaket, lanean oporrak eskatu beharko nituzkeelako, eta ez dudalako beste unibertsitate batera joateko baliabiderik».
Horrek guztiorrek estresa eragiten dio Rojori, eta «gauzak entregatzeko presio handia» sentitzen du. Haren inguruko doktoregai batzuek badute kontratua, eta haien dituzten erraztasunak ikusten ditu Rojok: «Batzuk asko estresatzen dira artikulu bat entregatu behar dutenean; ba, pentsa nola egongo naizen ni horretaz gain lan egin behar badut».
Sareak lantzea
Egoera ikusirik, Letren Fakultatean elkarri laguntzeko sare bat antolatu dute ikerketa kontraturik ez duten doktoregai batzuek, kontratua duten beste batzuekin batera, elkar babestu eta laguntzeko. Horrela, euren arloko kongresuen berri ematen diote elkarri, diru laguntzen deialdiak jakinarazi, eta, oro har, interesekoa izan daitekeen informazioa trukatzen dute. «Unibertsitateak bidali beharko liguke informazio guztia; matrikula ordaintzen ari gara, baina ez dute halakorik egiten», salatu du Rojok.
«Tesia idaztearen bakardadea» ere ikertu zuen OPIK taldeak, eta ondorioztatu zuen zenbat eta bakartuago sentitu doktoregai bat, orduan eta okerragoa dela haren osasun mentala. «Zuzendariekin ondo moldatzea eta sareak sortzea funtsezkoa da, bai doktoregaien artekoak, bai unibertsitateko beste pertsonen artekoak, bakartze eta nahasmendu sentsazioa apaltzeko», argitu du Gonzalezek. Alderdi hori samurtzeko, doktoretza programetan ere jarri du komunitate akademikoko kideen artean sareak sortzeko ardura.
«Sareak sortzea funtsezkoa da, bai doktoregaien artekoak, bai unibertsitateko beste pertsonen artekoak, bakartze eta nahasmendu sentsazioa apaltzeko»
YOLANDA GONZALEZ RABAGOOPIK ikerketa taldeko kidea
OPIK taldeak galdekatutako doktoregaiek zenbait estrategia erabiltzen dituzte doktoretzaren erronka emozionalari aurre egiteko. Gehienek, ia %60k, lagun eta lankideekin hitz egiten dute doktoretzaren erronken inguruan, hobeto sentitzeko, edo ariketa fisikoa, meditazioa eta antzekoak egiten dituzte, gorputza hobeto edukitzeko. Halere, galdekatutakoen %26k psikoterapiara jo behar izan zuten, eta beste %10ek botikaren bat hartzen zuten. «Langile eta ikasle izatearen arteko estatusa oso zaila da», argudiatu du Perezek; azken bi metodoak probatutakoa da. Albiste ona zera da: aipatutako bi ikerketen arabera, antsietatea berriz ere jaitsi egiten da doktore tesiak amaitutakoan.