Muturreko fenomeno meteorologikoak hizpide izan dira azken asteetan. Uda inoiz baino beroago hasi dute Ipar Amerikako mendebaldean. Ostera, euri jasek sekulako kalteak eragin dituzte Europa erdialdean. Jende askoren ahotan dabil, baina gertakizun horiek ez dira klima aldaketaren isla hutsa, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunaren ustez.
Inoiz erregistraturiko tenperaturarik beroenak izan zituzten Kanadan udako lehen asteetan: ia 50 gradutara iritsi ziren herrialdearen hego-mendebaldean. «Tenperatura horiek ez dira errekor soil bat; aurreko markak hauts bihurtu dituzte», azaldu du Arandak. Izan ere, aurrez Kanadan erregistraturiko baliorik altuena 45 gradukoa zen.
Euskalmeteko arduradunak ez du uste klima aldaketa jo daitekeenik zuzenean gertakarien eragile gisa: «Azalpena oso konplexua da; faktore asko elkartu behar dira horrelako egoera batera iristeko, klima aldaketarekin zein klima aldaketarik gabe».
Nahiz eta «tenperaturak oso beroak izateko beharrezko faktore guztiak elkartu», termometroak 45 edo 46 gradutara heltzea litzake normalena, Euskalmeteko arduradunarentzat. Horregatik, uste du tenperaturak ia 50 graduraino heltzearen atzean, «zati batean», klima aldaketa egon daitekeela: «Lurra larri dago, duela ehun urte baino gradu eta erdi beroago: hori errealitate bat da. Gutxienez, gradu eta erdi hori gehitu behar zaio. Eta horregatik fenomeno meteorologikoek beste modu batean funtzionatzea... Hori ere izan liteke».
«Muturreko uda»
Mundu osoan hainbat muturreko fenomeno gertatu dira udako lehen hilabetean. Besteak beste, Siberian suteak izan dira, eta Eskandinavian bero bolada bat izan dute. Gainera, hedabideetan hainbesteko oihartzuna izan ez duten arren, hegoaldeko herrialdeetan ere gertatu dira beste hainbat fenomeno meteorologiko aipagarri. Horregatik, Meteorologiaren Mundu Erakundeak «muturreko uda» gisa definitu du aurtengoa.
Horien guztien artean, Europa erdialdeko uholdeek izan dute oihartzunik handiena Euskal Herrian. Tanta hotz batek 160 hildakotik gora eta sekulako kalte materialak eragin zituen joan den astean. Alemania izan da herrialderik kaltetuena, baina Belgikan, Herbehereetan, Luxenburgon eta Suitzan ere pairatu dituzte ondorioak.
Uholde horiek ez dira fenomeno berriak, Arandaren ustez: «Eremu horretan lehen ere izan dira horrelakoak. Berdinak? Seguru ezetz! Urte asko igaro baitira, eta orain ibai ertzak etxez beteta daude». Hirigintza eredua izan daiteke, beraz, kalteak hain larriak izatearen arrazoietako bat. Horrez gain, metro karratu bakoitzeko egindako euri litroei dagokienez, Arandak dio 1983ko Euskal Herriko uholdeetan bikoitza egin zuela. Halere, kantitate berberekin, lurralde bakoitzean ondorio ezberdinak eragin ditzake: «Eremu bakoitza intentsitate jakin bateko euri jasetarako prestatuta dago».
Klima aldaketak zerikusiren bat izan dezakeela uste duen arren, Arandari «ausartegia» iruditzen zaio uholdeak klima aldaketak sortu dituela baieztatzea. «Sute bat, uholde bat edo bero bolada bat klima aldaketaren ondorio zuzena dela esatea, nire ustez, akats bat da», zehaztu du Euskalmeteko arduradunak. Haren ustez, zerbait klima aldaketaren ondorio dela ziurtatzeko, urtez urteko eboluzioa aztertu behar da. Ibai baten emariak izandako gorabeherak, basoko suteen kopuruaren eboluzioa eta antzekoak behatu behar dira.
Eguzki gutxi Euskal Herrian
Euskal Herriko udari buruz, Arandak ez du uste uda arraroa izaten ari denik: «Hemen badakigu zer den horrelako udak edukitzea». Ekainean euri dezente egin duen arren, tenperaturak ohikoak izan zirela dio. Uztaila, berriz, ohi baino lehorrago doala uste du.
Egun eguzkitsuak normalean baino gutxiago izan direla azpimarratu du Arandak. Haren ustez, horregatik du jendeak uda «txarra» izaten ari denaren sentsazioa: «Eguzki gutxi ikusi dugun uda izan da, eta hori hondartza eta bero faltarekin lotzen dugu». Halere, Euskalmeteko arduradunaren ustez, aurtengoaren gisakoa da Euskal Herrian (isurialde atlantikoan behintzat) egin behar duen eguraldia: «Hemen egin behar duena ez da eguraldi 'ona' deitzen diogun hori».
Meteorologia
Ez hain ezohiko eguraldia
Bero handia izan da uda honetan Kanadan, eta uholdeak Alemanian. Euskalmeteko arduradunari «ausartegia» iruditzen zaio klima aldaketaren isla hutsa direla esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu