Dominika Rekalt 'Titika'

«Ez gizonak ez emazteak ez gara erranik izan zaigun bezalakoak»

Altzabehetin sortua da Dominika Rekalt 'Titika', baina gaur egun Oiartzunen bizi da. Astean hiru egun Zuberoan pasatzen ditu, Maulen, Xiberoko Botza irratian lan egiten duelako. Ongi bizi da hola, baina Zuberoan hil nahi lukeela argi du.

Joanes Etxebarria.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Xiberoko Botza irratian elkarrizketatu du BERRIAk Dominika Rekalt Titika, Maulen. Egunkari bat aitzinean, gai guztien inguruan iritzi bat duten horietarikoa da. Gainera, orotarik egiten dutenetarikoa ere bada.

Antzerkilari, irratilari, pastoral idazle... definitu zeure burua.

Erranen nuke handitzea kostatzen zaion haurra naizela. Haurrek duten amets mundu hortarik ezin ateraz ibiltzen naiz oraino.

Zein alorretan izanen da zure ondoko urratsa?

Eleberriak idaztea, taula gainera agertzea botzarekin, kantatzea, musikarekin zerbait egitea.

Eta gero euskaltzain?

Espero dut ezetz, zeren enetako Euskaltzaindiak egiten duena ez litzateke gela batean egin behar, baizik etaplaza batean. Hizkuntzaren garapena eta birsortzea plazan egiten da. Alde hortatik ez genuke epaile edo gainetik heldu den onespen baten beharrik,eta Euskaltzaindiak anitzetan guk egiten dugunaren onespena edo gaitzespena baizik ez du egiten. Epaitzeak ez nau interesatzen, baina pentsatzen dut ez didatela galdetuko euskaltzain izatea.

Irratian ere hola hitz egiten duzu. Batzuentzat kaka nahaslea zara.

Nire kronikak nire gain hartzen ditut. Ados ez den bati buru egin behar badiot badakit horien defendatzen.

Pastorala ere kritikatzen duzu, baina bi idatzi dituzu.

Uste dut nonbait kritikazaleak oro jelos garela eta ego handi bat badugula. Orduan neure burua besteengandik bereizteko, urguilu pixka batekin, pentsatzen dut beste gisa bateko pastoralak idatz daitezkeela. Huts egin ala kausitu, jendeak erran beza. Aspergarria da pastoraleko süjetak beti heroi positiboak izan daitezen, badakigularik edozein biztanlek bere alde ilunak ere badituela... hori beti ezabatua da pastoralean.

Pastoral batean ikuspegi feminista taularatu duen lehen idazlea izan zara.

A, bon? Gizonen ohiko ereduetan ibiltzea zama bat baita, eta ez gizonak ez emazteak ez garelako erranik izan zaigun bezalakoak. Ohartzeak gizonen baitan ere feminitatea badela zama batez arintzen nau. Gizonek dugun indartsu, guztiz boteretsu, denak dakizkien rol hortarik ateratzen laguntzen ahal gaitu. Negar egiteak gizon bati ere on egiten dio, baina hori ere ikasi egin behar dugu denok.

Xora filmean ere parte hartu duzu. Pentsatuz film gehiago eginen litzatekeela Zuberoan, nolakoa izan behar luke zinema zuberotarrak ?

Lehenik, tresna bat izan dadin euskararen edertasun ikaragarria plazaratzeko. Bestetik, euskaldun zintzo gisa hezirik izan naizen heinean, hainbat tabu barneratu ditut, barne sexualitatearen tabua; agian horiek aipatzeko balio luke zinemak. Amesten dut euskaldun film erotiko transgresibo bat. Probokazio hutsa iduri du, baina ideia da tabu horiek sorrarazten duen gaizkizatea adieraztea.

Zuberoaz haratago goazen, Oiartzunen bizi baitzara.

Eskizofrenia eragiten du, burmuineko disko gogorrak egokitu behar baitira. Bi mundu dira: bata, lanarena eta lankideen arteko harremanarena; bestea, lagunena eta intimitatearena. Lagunen arteko jarrerak ez dira berdinak. Zuberoan harremanak azaleanago dira.

Beste diferentzia zenbait ere izanen dira, ezta?

Bai, batek yanki kontsumista baten irudia du; besteak, yankiek menderatu zituzten indioen munduarena.

Euskarak indar gehiago badu Oiartzunen.

Bai. Gehiago entzuten da, nahiz eta ikastoletako gurasoak usu gaztelaniaz ari diren haien artean, eta euskaraz haurrekin. Ez denak, baina anitz bai. Eta haurrek ulertzen dute euskara haurren mintzaira dela eta gaztelania handiena.

Eta zuk hango euskarari egokitu behar duzu.

Bai, baina nahiz eta sasi batua batean mintzatu, ohartzen dira iparraldekoa naizela. Zuberotar kuttun horrek ematen dit erakargarritasun bat; herritar andana bat hango saltsa politikoez nirekin erreskiago aritzen dira hango batekin baino. Beharbada kontrol sozial batez ihes egiteko.

Non bozkatzen duzu?

Ez dut sekula bozkatu. Beti joan nahi dut, baina ezaxolakeriaz edo, ez noa.

Ez da izanen politikari interesatzen ez zarelako ?

Jakin-minez interesatzen natzaio, baina politika egitea beste mundu bat da. Robert Musilek erran zuen demokrazia ideia baten inguruan ahal bezainbeste jende biltzea dela. Beraz, ideiak ahalik eta sinpleena izan behar duela, mamiz husturik. Horregatik ez dut ikusten neure burua politika egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.