Margarita Etxart Rekalt: «Ez genuen euskarazko edukirik: nik nuen dena frantsesetik Zuberoako euskarara itzultzen, eskuz»

Zuberoako lehen ikastolako lehen andereñoa izan zen Etxart. Ikastola sortzearen alde borrokatu zen, Zuberoan ere haurrek euskaraz ikas zezaten osoki.

Margarita Etxart Rekalt, aste honetan, etxe atarian, Bildoze-Onizepean. PATXI BELTZAIZ
Margarita Etxart Rekalt, aste honetan, etxe atarian, Bildoze-Onizepean. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Bildoze-Onizepea
2025eko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Irakaskuntzan pasatu du bere biziaren parte nagusia, haurrekin andereño, baina baita helduekin ere, AEK-ko irakasle. Baina ez da edozein irakasle izan: Zuberoako lehen ikastolaren lehen andereñoa izan zen Margarita Etxart Rekalt (Altzai-Altzabeheti-Zunharreta, Zuberoa, 1951). Andereñoa izateaz gain, Zuberoko lehen ikastolaren sortzaileetarik bat ere izan zen. Bildoze herriaren sartzean duen etxean, ikastola proiektuaz, sorrerako gorabeherez eta egin dituen itzulpen lanez mintzatu da Etxart.

Zure andereño ibilbidean haurrak markatu dituzun bezala, ba ote duzu haurtzaroan markatu zaituen irakaslerik?

Bai. Gure eskolan bazen eskola ematen zuen apez bat. Anitz maite zuen euskara, oso euskaltzalea zen. Bere zaletasuna transmititu zigun. Garai hartan, larunbatetan ere bagenituen klaseak, eta kantuak ikasten genituen. Kantu anitz ikasi genituen harekin, Etxahun Barkoxerenak, Mixel Labeguerierenak... herriko kantuak, oro har. Madalena Jauregiberri ere jiten zitzaigun euskarazko ipuinak kontatzera, euskarazko alegiak, Belea eta Axeria, adibidez. Anitz maite genuen. Jauregiberrik ere euskararekin zuen atxikimendua aipatzen zigun: beti erraten zigun euskara hizkuntza ederra zela, baliotsua, eta ez genuela galdu behar. Euskararekin hazia izan nintzen. Anitz kulturari lotuak ziren gauzak egiten genituen, antzerkiak, emanaldiak...

Haurtzaroaz zer beste oroitzen duzu? Eta nerabezaroaz?

Uros pasatu dut; lau haurride ginen, eta lauretatik zaharrena ni. Haiekin jostatzen nintzen, baita lagunekin edo auzoko neskekin ere. Eskolaz ere oroitzapen ona dut. Lehen mailan, Altzaiko eskola pribatuan nintzen, haur gehienak bezala: eskola publikoan haur guti bazen. Nerabezaroan, beti ber apezak Euskal Herria ezagutzera eramaten gintuen, Arrasate (Gipuzkoa), Iruñea, Orreaga (Nafarroa)... Horri esker, Euskal Herriko historia eta ekonomia ezagutu ahal izan genituen. Uste dut alimaleko xantza ukan nuela; ez dut uste beste anitzek ber parada ukan zutenik. Antzerkiak-eta ere egiten genituen. Gaztedanik antzerkizalea naiz.

Ttipitatik euskal kulturari atxikia zara. Baina zure gaztaroan ezin omen zenuen maskaradetan parte hartu. Hain zuzen ere, neskak ezin ziren ari maskaradetan...

1970ean, Altzain maskarada bat egin zuten. Orduan neskek ez genuen parte hartzen. Herrietan dantza errepikak baziren dantza eskoletan, neskak errepiketara abian ginen, baina bazterrean ziren bankuetan jartzen ginen. Ez genituen dantzak ikasten: mutikoek baizik ez zituzten ikasten. Beharrik aldatu dela. Orain neskek denetan parte hartzen dute, dantzatzen, kantatzen, pastoraletan parte hartzen, maskaradetan...

Nahiz eta zuzenki parte ez hartu, gibeleko lanetan ari zinen. Jantziak josten eta prestatzen zenituen, adibidez.

Bai, hori da. Orain ere, jantzien josketan parte hartu dut maskaradetan eta pastoral zenbaitetan: Ezpeize-Ündüreineko [Zuberoa] pastoralean, Maule-Lextarrekoan, Altzaikoan...

Andereño izan zinen berrogei bat urtez, erretreta hartu arte. Zuberoako lehen ikastolako lehen andereñoa izan zinen.

Andereño izan baino lehen, zaindari izan nintzen Domintxaine-Berroetako eskolan [Zuberoa] . Han lan egiten nuela, Argitxu Noblia Seaskako lehendakari ohia jin zitzaidan andereño izan nahi nuenetz galdetzera. Ez nekien zer zen. 

Garai hartan, Seaska lehen ikastolak sortzen ari zen, baina gehienak Lapurdiko kostaldean ziren. Zuberoan ikastola bat sortzea zen xedea?

Kostaldean ziren ikastola gehienak. Seaskak nahi zuen hedatu ikastolen eremua barnealdera eta Zuberoara. Argitxu Nobliaren proposamena onartu nuen, eta Legorretara joan nintzen [Gipuzkoa], andereño bilakatzeko praktikak egitera.

«Kostaldean ziren ikastola gehienak. Seaskak nahi zuen hedatu ikastolen eremua barnealdera eta Zuberoara»

Anartean, nola sortu zen Zuberoako ikastola?

Legorretan nintzen bitartean, sostengu talde bat sortu zen buraso eta langileen artean, Maulen bertan. Gehienak mauletarrak ziren, eta lanean karraskan aritu ginen. Proiektuaren aitzindaria Ddiddue Epherre altzürükütarra izan zen, Mauleko kolegioko matematika irakasle zena, eta euskaltzalea. Lokalen, gelen xerka aritu izan ginen. Gaurko Mauleko herriko etxean gela bat atzeman genuen, garai hartan turismo bulegoa zena. Lehen urtean, Mauleko turismo bulegoan aritu ginen.

Zenbat haurrekin hasi zinen?

Lehen sartzean, 1972ko irailean, hamabi haur nituen gelan. Gehienak mauletarrak ziren, eta errefuxiatuen haur batzuk ere baziren. Materialaren aldetik, biziki guti bagenuen. Bi mahai handi, zahar-zaharrak: eskola publikoko hondarrak. Kadira ttipiak, eta besterik ez. Apalak bagenituen, baina liburu oso guti.

Garai hartako euskarazko edukirik ez zen. Irakasleek zenuten dena itzuli behar, ezta? 

Bai. Ez genuen euskarazko edukirik. Nik nuen dena frantsesetik euskarara itzultzen, eskuz: fitxak, liburuak... Saiatzen nintzen zubereraz itzultzen, hemengo haurrek hemengo euskara entzun eta ikas zezaten. Egun, kasik dena egina da; garai hartan, aldiz, dena egiteko zegoen.

Bospasei urtez ama ikastola baizik ez zenuten. Aski fite ohartu zineten ez zela aski.

Ohartu ginen ama ikastola ez zela aski haurrek euskara atxiki zezaten. Ikasleek 6 urte betetzen zituztelarik, ikastolatik joan behar zuten, eta eskola frantsesetara sartu. Beraz, ikasitako guztia ahanzten zuten. Orduan, uste genuen lehen maila ere ireki behar genuela. 1979an gauzatu zen; lau harrekin hasi ginen. Ordutik goiti hasi ziren gatazkak herriko etxearekin.

Zehazki zer gertatu zen?

Ikastolaren proiektua abiatu genuelarik, herriko etxea eskuinekoa zen; horiekin ez genuen arazo berezik ukan: gela bat utzi ziguten, dena konpondu... Haatik, geroago, 1977an, frantses alderdi sozialistakoak izendatuak izan ziren Herriko Etxean; haien artean, frantses irakasle anitz bazen, eta ikastolen aurkakoak ziren. Beraz, ez gintuzten lagundu nahi, eta ez ziguten gelarik eman nahi. Horiek ziotenez, ez zuten gelarik. Pixka bat berantago, turismo bulegoan obrak hasi zituzten, gaurko herriko etxea eraikitzeko. Beraz, Maulen zen prefabrikatu batera joan ginen. Baina oraindik ere ez ziguten gelarik utzi nahi lehen mailakoentzat.

François Mitterand sozialista Frantziako lehendakari izendatu zutelarik, gauzak aldatzen hasi ziren, ezta?

Garai hartan, Mauleko Herriko Etxean okupazioak eta bilkurak egiten genituen etengabe. Gogoan dut: auzapezarekin bilkura bat egiten ari ginen ikastolako kontuak aipatzeko eta negoziatzeko, eta bat-batean herriko etxeko idazkaria bilkurara sartu zen, eta iragarri zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak akordio bat izenpetu zuela Seaskarekin. Auzapezaren bisaia arrunt kanbiatu zen! Eta bota zigun: «A, bai... Beharbada, gela bat bagenuke ikastolarentzat... Maule Gainean». [Frantziako] Estatuak akordioa izenpetu zuenez eta Mitterand Frantziako Alderdi Sozialistakoa zenez, Herriko Etxeak onartu zuen.

Maule Gainera joan zineten orduan?

Prefabrikatu batean ginen. Burasoek eta irakasleek zituzten obrak egin, murruak tindatu, argindarra jarri, komunak ezarri... Ez ziren baldintza onenak, zolan ziloak baziren, eta kanpoan euria ari zuelarik ura sartzen zen barnera, adibidez. Baina haurrak pozik ziren, lohian jostatzen ziren, botekin, eta kontent ginen lortu baikenuen ama ikastola eta lehen maila ber lekuan jartzea. Lehenago, bereziak ziren.

«Maulen ziren haur horien artean anitzek ez zekiten euskaraz. Ikastolaren bidez, Euskal Herriarekiko lotura garatzen da, eta euskararekiko harremana ere bai»

MARGARITA ETXART REKALT
Zure iduriko, zerendako zen garrantzitsua Zuberoan ere Seaskako ikastola bat sortzea? Ikastola batek zer ekartzen dio lurralde bati?

Maulen ziren haur horien artean anitzek ez zekiten euskaraz. Ikastolaren bidez, Euskal Herriarekiko lotura garatzen da, eta euskararekiko harremana ere bai. Kontzientzia hori piztea garrantzitsua zen: beste balio bat ematen dio euskarari. Haurrak aipatu ditut, baina burasoek ere ez zekiten. 

Horregatik eman zenituen kurtsoak AEKn?

Bai. Ikastola ireki zelarik, hasi nintzen burasoei gau eskolako kurtsoak ematen, euskara jakin eta eman zezaten. Eta, geroago, kanpokoei kurtsoak ematen hasi nintzen. Ikastaldi zenbaitzuk egin nituen. Horri esker, besteei euskara irakatsiz, nihaur ere alfabetatu nintzen. Ni euskaraz mintzatzen nintzen, baina ez nekien idazten. Esperientzia hori oso maitatu nuen.

Ikastolako lehen gela ireki zenutelarik, hamabi haurrekin hasi zineten. Geroztik, ikasleen kopurua beti emendatu da. Egun, bi ikastola dira Zuberoan: Basabürüko ikastola Alozen, eta Eperra ikastola Sohütan. Ateak ireki zenituztelarik, espero zenuten holako bilakaera izatea?

Ez, batere. Ez genuen uste holakoa izanen zenik. Ez genuen urrunera begiratzen. Biziki kontent gara, bai!

Ikastola horren sortzea bataila bat izan bazen ere, esperientzia aberasgarria izan zen?

Garai hartan, alimaleko elkartasuna bazen, bai Zuberoan eta Ipar Euskal Herrian, bai eta Hego Euskal Herrian ere. Hegoaldekoak heldu ziren obrak egiten laguntzera, lanera, dirua ematera... Eta gerora ere, harremana izan da nire lanbidean gehien maite izan dudana, haurrekin harremana izatea, haurrei transmititzea, baina baita burasoekin harremana izatea ere. Sortze prozesuan bagenuen harremana garrantzitsua zen biziki: diru bilketak, bilkurak, elkarretaratzeak... Denek elkar ezagutzen genuen; kostaldeko buraso eta irakasle guziak ere ezagutzen genituen. Hori anitz maite nuen.

2011n erretreta hartu zenuen, berrogei bat urtez irakasle izan eta gero. Zertan aritu zara geroztik?

Allanderekin [Etxart], nire lagunarekin, hainbat proiektutan ari izan naiz. Itzulpen lanetan bereziki, Euskal Kultur Erakundearekin, Nola Erran-en...

Nola Erran hiztegiari ekarpena egin zenioten. Zubererazko hitzak gehitzea erabaki zenuten. 

Nola Erran-en jadanik egina izan zen lanari gure ekarpena egin nahi genion. Baziren jadanik nafar-lapurterazko hitzak, eta guk hemengoak gehitu nahi genituen. Lan fina edo delikatua izan zen. Larousse frantses hiztegia hartu, eta hitzak banaka hartzen genituen: A letratik Z letraraino, testu zaharretan oinarrituz, Zubererazko hitzak xerkatu behar genituen. Biak ari ginen borrokan, nork ote zuen hitz egokiena atzemanen. Ondotik, hitzak adibideetan sartu behar genituen. Eta azken urratsa ahots grabaketa izan zen. Hitz bakoitza grabatu genuen hitzaren ahoskera eta intonazioa zehazteko. Lan hori 2019an hasi genuen, eta 2022an bukatu.

Zuen iduriko, zergatik zen beharrezkoa zubererak presentzia izatea webgunean?

Guretzat garrantzitsua zen Zuberoako hitzak ere sartzea. Euskara aberasten du. Ohartu ginen hitz anitzek elkar iduri dutela, beste euskalkiekin konparatuz. Zuberera euskara da, eta tresna horretan bere lekua du. Hiztegia aberasten da horrela.

Erran daiteke euskara zure biziaren hari gorri bat dela?

Bai! Obelix pertsonaia bezala, ttipitan tupinan sartu nintzen! Eta, horri esker, ezagutzak izan ziren, deskubritzeak, aberasteak... Euskara bada hizkuntza bera, baina horren inguruan dena ere bai: historia, politika, literatura, antzerkiak, natura, bertsolaritza...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.