Baxujolea eta kantaria

Maika Gezainburu: «Ez genuen espero egin dugun jauzia»

Punttu Kakotx txarangak Baionako Patxa plazan joko du gaur. Nahiz eta taldearen ibilbidea laburra izan, iaztik besta eta ekitaldi franko animatu dituzte.

Maika Gezainburu, Punttu Kakotx txarangako kidea, aste honetan. PATXI BELTZAIZ
Maika Gezainburu, Punttu Kakotx txarangako kidea, aste honetan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Bortz ikaslez osatua da Punttu Kakotx txaranga. Bertako baxu jotzailea eta kantaria da Maika Gezainburu (Eiheralarre, Nafarroa Beherea, 2006). Iaz hasi eta, besta franko animatu ditu txarangarekin. Nahiz eta udako asteak «bete-beteak» izan, taldeko ibilbide laburraz bezain intentsoaz aritu da Gezainburu. Bertzalde, atera duten azken kantuaren sorkuntza prozesua aipatu du.

Nola osatu zenuten Punttu Kakotx txaranga?

Etxepare lizeoan sortu genuen taldea. Hainbat musikari biltzen gara Etxeparanga deituriko taldean, eta hor ikusi genuen azken finean gustatu zitzaigula bakoitzak nola jotzen genuen. Xumai Gorostiaga, gaur egun Punttu Kakotxeko bateria jotzailea dena, jin zen guregana proposatuz nahi genuenetz talde bat muntatu, eta horrela hasi ginen. Iazko uda bukaeran hasi ginen lehen musika errepetizioa egiten.

Nola oroitzen duzu lehen kontzertua?

Enetzat, pixka bat beldurgarria izan zen [irriak]. Nepal Gauean jo genuen lehen aldikotz, Makean [Lapurdi]. Denak zainetan ginen, biziki bitxia zen. Pixkanaka, denborarekin ohartu gara zinez hobetu garela, halere.

Zer helbururekin hasi zineten?

Egia erran, helburu handirik gabe. Nahi genuen bakarrik talde bat sortu musikan aritzeko, besterik ez, eta lortu dugu. Ez genuen batere espero egin dugun jauzia.

Nola harrapatu zaituzte olatu handiak? Orain egitarau kasik guzietan zaudete...

Egiazki, biziki harrapatuak izan gara. Gure txarangak ez du urte bat ere bete. Aurten, EHZ festibalekoek deitu gintuzten, eta orain Baionan arituko gara: ez zen batere gure helburuetan! Hastapenean, egia erran, ez genuen batere deus finkatua, baina nola jendea hasi den guri deitzen, inertziak eraman gaitu. Aldiz, EHZ festibalean jotzea, helburu gisa, heldu den urterako utzi genuen, ez aurtengo: harrigarria izan da.

Nola kudeatu duzue uhain hori?

Hastapenean zaila izan da dena kudeatzea, baina, pixkanaka, lortu dugu uda honetan lana eta errepetizioak kudeatzea. Adibidez, nihaurek, Donibane Garazin lan egiten dut, eta batzuetan zaila izaten da 19:00etan bukaturik urrun joaitea musika jotzera. Errepetizioak egiteko geografikoki leku zentral bat atzematen dugu, Kanboko gaztetxean hasi baikinen. Orain, aldiz, Xumairen [Xumai Gorostiaga] etxean egiten ditugu errepetizioak. Azken finean, ni naiz geografikoki gehien bakandua, baina beste taldekide batzuk urrundik jiten dira: Biriatutik eta Urruñatik [Lapurdi], adibidez.

Nola definituko zenuke zuen musika estiloa?

Egia erran, jotzen ditugun kantu gehienak berriz hartzen ditugu, gehienek ezagutzen ditugun kantuak dira, azken finean. Sorkuntzatik guti dugu, nahiz eta azkenik sortu dugun kantuari hitzak sortu genituen.

Azken kantuan hitzak dira sortuak, baina melodia berriz hartu duzue, ezta?

Bai, Basoa beti bete da gure azken kantua. Hitzak zinez oren batez sortu genituen, Xumaik eta nik, autobusean. No se ve kantuan, inspiratu gara kantu hori egiteko. Nahiz eta franko aldatua iduri duen kantuak, sorkuntza faltsua da, melodia berriz hartu baitugu.

Gustatu zaizu sorkuntza prozesua?

Jatorrizko kantua gustatu zitzaigun denei. Errepetizio batean ikusi genuen bakoitzak zer ekar zezakeen, eta ongi funtzionatu zuen. Eta, azkenik, hitzak sortu genituen, bestaren ideia harturik, kokinkeriatik, eta arinkeriatik, sinpleki, burua hautsi gabe.

Nola bizi izan zenuten EHZ? Zuen saiorik handiena izan da, ezta?

Kristorena izan da. Jendeak maitatu du, eta anitz etorri zaizkigu erratera ontsa zela; plazer egiten du, zinez. Halere, nik kasik nahiago ditut giro intimoagoan egiten ditugun kontzertuak. EHZn gure trikitilaria ez genuen gehiago ikusten; hainbeste jende zen!

Eta, oraingoan, Baionako bestetan joko duzue, Patxa plazan...

Ez naiz ohartzen. Anitz jende izanen da eta ez naiz batere kontziente ea jendea jinen den gure ikustera edo ez. Orduan, ez dut batere presiorik eman nihauren buruari. Beste taldekideek gauza bera sentitzen dute. Ez dugu EHZ festibalean genuen presio bera, nahiko lasai gaude.

Nola bizi izan duzue orain arteko ibilbide labur eta intentsoa?

Musikaren aldetik, aldaketa handiak izan dira. Lehen kontzertuetako bideoak ikusten aritu naiz, eta ohartzen naiz batzuetan gauzak gaizki egiten genituela; triste da! Nahiz eta jendeak maite zuen, guretzat zinez gaizki zen. Eta oraingo bideoak behatzean, sentitzen dut zinez denak anitz hobetu garela. Horrez gain, gure arteko harremana anitz sendotu da. Musika talde bat egiteko juntatu ginen, eta orain biziki lagun onak egin ditut talde honetan, zinez. Gure arteko harremana sanoa da; beraz, xarmanki!

Udan ekitaldi anitz dituzue, baina hortik landakoa nola ikusten duzu?

Uda ondotik kalmatuko da dena. Ene ustez, moda efektu bat da. Aitak dio heldu den udan arrakasta gehiago ukanen dugula, baina ez naiz segur ni. Uda honetan bi edo hiru aldiz ari gara aste guziz: ez da batere gaizki! Ontsa segitzen badugu eta gure harremanak gehiago sendotuko balira, ideia gisa ukan genuen talde bat sortzea, txarangaz aparte, baina, oraino, ez.

LOTSABAKO

Baionako bestak edo sanferminak?
Sanferminak.

Bazkari bat edo bestak animatu?
Bestak animatu.

Kantu bat sortu edo berriz hartu?
Berriz hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.