ArbizuZuriñe Hidalgo

«Ez gara musikaz bizi; konpainia onean ongi pasatu nahi dugu»

Musikariek gogor entseatu behar izaten dute, taula gainean ezin baita hutsik egin. Horregatik, entseatzeko tokiak xarma berezia izan ohi du: ordu asko, kantu anitz, oroitzapen franko. Zuriñe Hidalgoren bizitzan oso garrantzitsua da Arbizuko lokala.

Oihalez inguratutako gela batean entseatzen du Hesian taldeak, antzoki batean baleude bezala. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Arbizu
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Txikitatik kantatzea maite izan du Zuriñe Hidalgok (Gasteiz, 1990). Horregatik, ez da harritzekoa haren tokirik kutunena musikarekin loturik egotea. Zizur Nagusian bizi den arren, Arbizu (Nafarroa) hautatu du. Are gehiago, bere bigarren etxea aukeratu du: Hesian taldearen lokala. Esan duenez, ordu anitz ibiltzen dituzte han solasean, kantuak prestatzen, sortzen, entseatzen... eta, nola ez, ongi pasatzen. Udan gutxiago bisitatzen duten arren, urria ailegatzearekin batera, berriz ere han sartuko dira, disko berria prestatzea baitute buruan.

Gauean kontzertua izanagatik ere, entseatzeko lokaleko ateak zabaldu ditu Hidalgok. Ez da instrumenturik ageri, bi bateria baizik ez —elektronikoa bat—, goizean musika tresnak furgonetan sartu eta Etxarri Aranatzera eraman baitituzte. Herriko elizatik gertu dago lokala, bakarturik, eraikitzeke dauden hainbat etxeren artean. Kanpotik bunker bat iduri lezake. Atea irekitzerakoan ere, apika. Baina sartu eta ezkerretara, gela txukun askoa dute Hesian taldeko kideek.

Han dituzte taldearen altxor preziatuak: kartelak, eskerrak adierazten dituzten eskutitzak, argazkiak... «Dena gordetzen dugu; beraz, oroitzapen asko dago hemen», azaldu du. Hidalgok ez du mintzatzeko arazorik, eta une batean ere ez du irribarrea galdu.

Bi oihal zabaldu, eta hantxe dute entseatzeko txokoa. Ehun beltz eta moreek antzoki bat dakarte burura. Agerkiaren parean, berriz, deskantsatzeko sofak eta garagardoz, urez eta freskagarriz leporaino betetako hozkailua dute. Bada hornigairik udazkenetik aurrera han egoteko. Ez da etxabe bat, baina nahierara egoteko txokoa da. «Ez gara honetaz bizi; beraz, gustura egon nahi dugu, konpainia onean ongi pasatzea da gure asmoa», esan du Hidalgok. Taldekideak kuadrilla antzekoa direla aitortu du.

Arbizu herri berezia da Hesian taldeko abeslariarentzat, taldearen topalekua baita. Arbizura doanean, normalean, zuzenean abiatzen da entseatzeko lokalera, nahiz eta inguru ederra den haren iduriko. «Ordu asko ematen ditugu hemen: kantuak egiten, barrezka, parrandan... Azkenean, musikaren bizimodu hau aurrera eramaten», dio. Hala ere, toki hori ez zuen aspaldi ezagutu. Hidalgo 2010. urteko irailean hasi zen Hesian taldean kantatzen. Zizurko bestak prestatzen ari zela, Fran Urias, kantari eta gitarristak, deitu zion abeslari bat behar zutela esateko. Proba egin, eta ordutik taldeko kidea da zizurtarra. Baldintza bakarra jarri zuen: Jeimon Turk Band taldea ez zuen utziko, bietan arituko zen. Eta halaxe egin zuen, taldea desegin arte. Orain, Hesian taldeari eskaintzen dio bere denbora guztia.

Atzera begiratuta, aukera ona egin zuela uste du abeslari zizurtarrak. Hasieran beldur pixka bat izan zuela aitortu badu ere, kontent dago hartutako erabakiarekin. «Ez naiz batere damutzen», dio.

Txikitako bokazioa

Kantuarekiko maitasun harremana aspalditik du Hesian taldeko kideak. Beti kantatu izan du, txiki-txikitatik, eta jende askoren aurrean gainera. Euskal kantu txapelketetan ibilia da, baina saltorik handiena 11 urterekin eman zuen. Betimu telebista saioan ibili zen, eta, gerora ere, ETB1eko musika saio batean kantatu zuen hainbat urtez. Hidalgok dioenez, ez du lotsarik: «Aitarengandik jaso dut hori». Baina beti ez da horrelakoa izan. Izan ere, telebistan hasi aurretik ez zuen konfiantza handirik bere buruarekin.

Etxeko pantailan agertzeak asko aldatu zuela dio, eta askorako balio izan dio: «Telebistak pertsona eta musikari gisa hazten lagundu zidan, asko ikasi nuen: lotsa galtzen, ahotsa kontrolatzen, publikoari begiratzen...». Ordutik pasatu dira urte batzuk, baina telebistan ez dira Hesian taldeko abeslariaz ahantzi. EITBren 30. urteurreneko kantuari ahotsa jarri zion, baita irudia ere.

Sofan solasean gustura egon ondoren, Etxarri Aranatzera bueltatu da zizurtarra. Han dira jotzekoak, baina Hidalgok ahotsa zaindu beharko du gauean, kontzertu gehiago baitituzte aurretik. Esan duenez, batez ere, Bizkaian jotzen dute, Araban ere dezente. Gogorrak dira kontzertu egunak: soinu proba, musika tresnak garraiatu, muntatu, desmuntatu... eta elkarrizketa gehituz gero, are gehiago. Hala ere, Hidalgok badu indarrik. Irribarreari, bederen, eutsi dio joatean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.