Neguko gau batean, 1982ko abenduaren 15ean, aurkeztu zuten irrati berria, Eguzki irratia, Gwendal bretoien abesti batekin. Iruñerritik zabaldu ziren saio berriaren uhinak, zailtasun batzuekin, eta gaur egun, 42 urte geroago, bi frekuentziatan emititzen dute: 107an Iruñean, eta 91n Nafarroako beste zona batzuetan. Eguzki irratiko mikroen atzean, irratiko kide eta esatari Jorge Ribera dago (Iruñea, 1971), eta 1990etik sartu da haren ahotsa Iruñeko etxeetan. Goizetan lantegian eta arratsaldeetan irratian: mikroa eta irratiko entzungailuak borondatez jartzen ditu Riberak. Irratiaren itxierak, lizentzia lortzeko ahaleginak eta digitalizazioaren erronkak ezagutu ditu esatariak, baina beti argi eduki du Eguzki irratiaren sortu zenetik zehaztutako helburua: ahotsik ez dutenei ahotsa ematea.
Irratiko uhinak presente egon dira zure haurtzaroan?
Gurasoak 1936ko gerraren ondorengo belaunaldikoak dira, eta irratia zuten komunikabide nagusia. Txikitatik egon da irratia etxean; aitona-amonak gogoratzen ditut irratia entzuten, eta ama egun osoan egoten zen irratia entzuten. Esnatzen ginenetik lokartzen ginen arte entzuten genuen.
Noiz jarri zinen mikrofono baten aurrean lehendabiziko aldiz?
Iruñean bazen Radio Requete izeneko irrati bat, eta igandeetan programa bat izaten zen haurrentzako mikrofono irekia zuena. Umeak saiora joaten ziren musika instrumentu bat jotzera, abestera edo antzeztera, eta ni txistuarekin joan nintzen. Gero, irrati pribatu batean kolaboratzen hasi nintzen, baina, aldi berean, nire auzoan, Sanduzelain, irrati libreak sortzen hasi ziren. Eate Irratia martxan jarri zen 1986an, hamabost egunez, eta 1987an hasi ginen irratia serioski hartzen.
Eguzki irratiaren lehendabiziko emanaldia entzun zenuen?
Ez. Kontuan izan behar da orduan irrati libreetako igorgailuek oso potentzia txikia zutela. Nire auzora, adibidez, ez zen iristen. Irrati piratatzat jotzen ziren beste irrati batzuk entzuten genituen. Irrati librearen kontzeptua ondoren etorri zen.
Garai horretako irratiak pirata gisa hasi ziren?
Bai. Baina irrati librearen kontzeptua nahiago genuen; ahotsik gabekoei ahotsa emateaz hitz egiten hasi ginen, irratirako sarbidea emateaz. Bere garaian adierazteko inolako biderik ez zuten borroka sozial guztien bozgorailu izan nahi genuen. Hedabideetan ez zen hitz egiten herri mugimenduaz.
Intsumisoak, LGTBI kolektiboa, feministak eta ekologistak elkartzen ziren eraikin berean zegoen estudioa. Mugimendu horiek irratiaren oinarrietan finkatuta daude?
Bai. Egia esan, eraikina gaztetxea zen garai hartan. Arma nuklearren aurkako kolektibo bat zegoen, eta talde ekologista, eta hortik atera zen irratia egiteko ideia, sortu zuten aldizkari batean oinarrituta. Baziren feministak, antimilitaristak... Irratia zen mugimendu guztiek bat egiten zuten tokia, eta denen feedbacka jasotzen genuen.
Eguzki irratia itxi egin zuten 1988an, eta esatari bat atxilotu. Gogoan duzu hura?
Bai, Eate irratian nengoen. Aste horretan, Espainiako orduko erregeak Nafarroara egindako lehen bisitarekin hasi genuen albistegia. Euskal Herrian garai errepresibo asko bizi izan ditugu, baina aste horietan zegoen polizia kontrola izugarria izan zen. Kalean protesta egiteko modurik ez zegoenez, irrati libreak protestarako bozgorailu bihurtu ziren. Jendea deika hasi zen, baina baita polizia ere. Azkenean, Eguzki irratiko esatariari leporatu zioten Espainiako erregea iraindu izana, eta zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat. Azkenean absolbitu zuten; oraindik ez dakigu zergatik.
Eaten ere jaso zenituzten Poliziaren deiak?
Bai. Esan ziguten itxiko zutela baldin eta emisioak ordu batean ixten ez bagenituen. Egia esan, irrati libreak ixteak modua eman zuen erakusteko hedabideek nolako errepresioa jasaten zuten.
Itxiera gertatu eta bi urtera hasi zinen Eguzki irratian. Nola zen egoera estudioan?
Sartu nintzenean irratiaren ereduari buruz izandako eztabaidak gogoratzen ditut, batez ere. Aurreko ereduan, edozeinek zuen parte hartzeko aukera, edozein modutan, baina hori nahiko zahartuta zegoen. Kalitateaz hitz egiten hasi ginen.
Kalitatearen eztabaidan ezinbestekoa zen edozeinek parte hartzeko aukerari eustea?
Bai. Beti esaten genuen, eta oraindik ere esaten dugu: ez gara kazetariak, hedabideetara sartzen den jendea gara. Bistan denez, gure lana komunikabide batean egiten dugu, baina dena nahiko autodidakta da, eta, batez ere, uhinak demokratizatzea da kontua, denek erabiltzeko. Hedabide publikoak, pribatuak eta udalekoak ez ezik, asoziazionismoa ere behar da, eta adierazteko eskubidea.
Irratia zuzenean: lehen urte horietako pasadizorik baduzu?
Asko. Batzuk ezin dira kontatu. Poliziak telefonoa hartu zigun —ziur asko oraindik ere hor daude—, eta, euskal musikari bati elkarrizketa egiten ari ginela, bost aldiz moztu ziguten deia. Musikariari deitu nion azken aldian esan zidan: «Norbaitek oso gutxi maite zaituzte!».
Nola erabakitzen duzue zeintzuk diren landu beharreko gaiak?
Gaur egun batzar bat dago, irratiaren helburuak zehazteko. Talde dinamizatzaile bat arduratzen da astero helburu horiek lortzen saiatzeaz. Informazio alternatiboa eta aktualitatekoa da guretzat garrantzitsuena, eta horregatik egiten dugu albistegi ia profesionala. Bestalde, kolaboratzaile talde handi bat dago, eta bakoitzak erabakitzen du zer gai landu, erabateko askatasunez.
Pasealeku albistegiak 14 urte bete ditu aurten. Nolakoa izan da haren eboluzioa?
1980ko hamarkadan termino bat erabiltzen genuen: kontrainformazioa. Herri mugimenduari, jendeari eta kaleari ahotsa emango zion hedabide bat nahi genuen. Iruñean zeuden hiru irratien artean albistegi batzuk jarri ziren martxan; ondoren, horiek izan ziren 1988tik 2002ra arte martxan egon ziren Eguzki irratiko albistegiak. Esperientzia horren emaitzatik Pasealeku sortu zen: aktualitateko albisteak modu profesional batean kontatzea.
Euskal Herriko 22 irratirekin batera, Arrosa sarea osatzen duzue. Beste irrati libreekin harremana izatea garrantzitsua da?
Bai. Arrosa euskarazko programak partekatzeko sortu zen. Nafarroako egoera linguistikoa larria da, baina sare horri esker programazioaren %30 euskaraz dugu. Euskarazko ekoizpen propio gehiago izatea nahiko genuke, eta hori landu behar dugu.
Zaila izan da hedabidearen independentziari eustea?
Oso zaila, irratia gozoki bat baita alderdi politikoentzat. Mugimendu guztiak elkartzen ziren hemen, eta zaila zen denek ahotsa izan zezaten ziurtatzea eta inor ez gehiegi hurbiltzea. Arazo asko izan genituen, baina onena zen kaleko jendea ginela, gazteak eta punkiak. Zuk zeuk egin punk filosofia zen erdigunea.
Zuk zeuk egin filosofia duzue oraindik ardatz?
Bai, bestela ez litzateke Eguzki irratia izango. Irrati libre bat da oraindik ere. Edonor sar daiteke, eta, funtsean, bakoitzak nahi duena egiten du bere programan baldin eta estatutuen kontra ez badoa: erakunde politiko, sindikal eta erlijiosoen mende ez badago, alegia.
Nafarroako Gobernuak irrati komunitarioei lizentzia emateko lehiaketa antolatu, eta Eguzki irratiak bere burua aurkeztu zuen. Erantzunik jaso duzue?
Ez. Berez, irratia alegala izan da sortu zenetik. Beste herrialdeetan irrati publikoak, pribatuak eta munizipalak dituzte, baina hemen ez dago aukerarik irrati komunitarioak legeztatzeko, figura hori ez delako aitortzen. Horrela egon ginen 2012ra arte.
Zer gertatu zen 2012an?
Espainiako Ikus-Entzunezkoen Lege Orokor berrian irrati komunitarioen eredua aitortu zuten. Iruñean itxi zen beste irrati bati emandako lizentzia erreskatatzeko prozesua hasi zen, irrati komunitarioei emateko. Baina, gertatu ohi den bezala, irrati pribatuek errekurtsoak jarri zituzten komunitarioa izan ez zedin.
Lizentzia eskuratu edo ez. Barne eztabaidak sortu zituen horrek?
Eztabaida oso bortitzak izan genituen 1990eko hamarkadan. Baina, duela urte batzuk, adierazi zen 2012a baino lehen lanean ari zirela frogatzen zuten irrati guztiek aukera izango zutela lizentzia automatikoki eskuratzeko. Zain gaude oraindik. Ez gara irratia egiteko lizentziaren esperoan egon, bestela Eguzki irratia ez baitzen existituko.
Irrati uhinek Interneten aurkitu dute lekua?
Internet asko interesatu zitzaigun hasieratik. Baina 2008an sare sozialak abiatu ziren, eta kontu handiz hasi ginen horietan murgiltzen, mesfidantzaz. Zarata handia dago, eta kontuz ibili behar dugu, ez presaka.
Zarata horren ondorioz kazetaritza egiteko modua aldatu da?
Erabat. Lehen irratia zen berehalakotasun handieneko komunikabidea, eta orain sare sozialak dira. Gainera, zurrumurru bat albiste bihurtzeko eta azkar hedatzeko arriskua dago. Iritzi kritikoen eta albisteak kontrastatzearen ohitura hori galtzen ari da, baina beste hedabideekin alderatuz lortzen da iritzi propioa garatzea. Ezin dugu ahaztu teknologia eta sare sozialak ez direla independenteak: multinazional handien menpe daude, eta gu gara produktuak.
Zeintzuk dira irratiaren etorkizuneko erronkak?
Hurrengo belaunaldiak lekukoa hartzea. Irratia kalean gertatzen den horren isla da, eta atzerakada garai batean bizi gara. Autokudeaketa galtzen ari da, eta jendeak ez du borondatezko lana egin nahi ordainsari ekonomikorik lortu gabe; neoliberalismoak oso indibidualista egin gaitu. Ez da Eguzki irratiaren erronka bakarrik, gizartearena baizik.
Irratia 42 urtez egon da airean. Zein da bizirik irauteko gakoa?
Iraunkortasuna, sakrifizioa, borondate handia eta jende askoren lana. Azken finean, guk ez dugu ez publizitaterik ez diru laguntzarik, eta dena autogestionatua da: Iruñeak finantzatzen digu irratia, eta jendeari zor diogu dena, eguzkideei. Hemen jarraitzen badugu, jarraitzen dugu badelako jendea uste duena ez dugula hain gaizki egiten.