2001ean ekin zion film laburrak zuzentzeari Borja Kobeagak (Donostia, 1977). Oscar sarietarako izendapen bat jaso zuen 2007an, Eramos pocos lanagatik. Hasierako Vaya semanita-ren gidoilari eta zuzendari izan zen, eta telebista saio askorentzat idatzi ditu gidoiak. Fe de etarras bere laugarren film luzea da zuzendari gisa.
Fe de etarras filmean ETAko komando bat da protagonista. Zinemaldian esan zenuen Netflixek ez dizuela ezer zentsuratu. Ohiko ekoizpen etxe handi batekin ezberdina izango zen?
Ikusita nola egiten diren filmak TVErekin, Antena3ekin edo Tele5rekin, oso ezberdina izango litzateke. Garapen departamentuak dituzte, eta eragin handia izaten dute edukian. Beste modu batean eginda, filmak ez luke daukan tragikomedia ukitua edukiko. Nahi genuen tonurako, Netflix funtsezkoa izan da.
Gorka Otxoa da aktore protagonistetako bat. Duela hilabete batzuk esan zuen hasierako Vaya semanita-ko esketxak gaur eginez gero kartzelan egongo zinetela. Hain txarra da egoera?
Ez dut uste hainbesterako denik. Baina saioak aurrera egiteko zailtasun gehiago izango lituzke. Hedabide askoren lubakiak eta sare sozialen indarra ikusita, lehen segundotik epaituko lukete Vaya semanita. Bestalde, 2003-2004an gure esketxak zapping saiotan ematen zituzten etengabe, eta horrek ospetsu egin zuen saioa. Hala ere, ez dut uste lege arazorik izango genuenik.
Lege arazorik ez da izan azkenean Fe de etarras-en kartelarekin, auzia artxibatu baitute. Kartelaren polemika kaltegarria ala lagungarria izan da?
Bi ahoko ezpata izan da. Filma asko eman da ezagutzera, baina ideia okerrak egin dira pelikulaz. Zenbaitek pentsatu dute dena baino urratzaileagoa zela. Ikusi da filma ez dela iraingarria. Harritzen nau jendeak pentsatzea kartelak biktimei eragiten diela, are gehiago azkeneko egunetako muturreko abertzaletasun espainiarraren adierazpenak ikusita.
Fe de etarras 190 herrialdetan ikusiko da. Erreparorik ematen dizu?
Berria da egoera. Estreinaldi konbentzional batekin oso urduri egongo nintzateke. Jendeak etxean ikusiko du, eta ez dakit zer gertatuko den. Donostiako Belodromoan publiko naturala izan zuen, txiste guztiak hartzen zituena.
«Nafarroako gestorak» eta halako terminologia ez dute ulertuko atzerrian, ordea?
Inolaz ere. Baina jabetzen ginen egiten ari ginena, eta ez genuen nahi detaileei uko egin Europa osoan hobeto uler dadin. Ulertzen dutenek disfrutatzen badute, pozik gaude.
Twitterretik kanpo egurra jaso al duzue?
Ez. Egunkarietako kritikak irakurri ditugu, baina propio filmaren ingurukoak. Bestelakorik ez.
Diego San Josek Zinemaldian esan zuen: «Twitter galdu dezakegu, baina komedia ez».
Argi dago. Twitterren zenbaitetan zalantzan jartzen da gai batzuekin umorea egin ote daitekeen. Komedia da isilarazten den lehen gauza. Baina osagai osasuntsua eta beharrezkoa da, bereziki une txarrei aurre egiteko.
Netflixekin lan gehiago egiteko aukerarik ikusten duzu?
Niretzat esperientzia zoragarria izan da. Oso bizkor doa dena, bitartekari gutxiago daudelako. Maiatzean hasi ginen grabatzen, eta irailean guztiz amaitua genuen filma. Galdetzen didate ea pena dudan filma ez delako aretoetan egongo. Baina ez dut zinema aretoen oroiminik. No controles nire bigarren filmaz, adibidez, ia inor ez zen enteratu.
Ocho apellidos vascos filmeko gidoilariak izan zineten. Esan duzu hura baino aberasgarriagoa dela zuentzat Fe de etarras.
Lan pertsonalagoa da, bai. Baina hau ez da erreakzio bat Ocho apellidos vascos-i. Badaude film horretan gustuko ditudan gauza asko. Beste kontu bat Ocho apellidos catalanes da; huts egiten duen filma iruditzen zait. Hor ez genuen gidoian asmatu.
Egongo da pentsatzen duenik aberats egin zinetela Ocho apellidos vascos-ekin.
Norbaitek hori pentsatzen badu, ez daki nola funtzionatzen duen zinema industriak. Gure egoerak ez du zerikusirik AEBetako gidoilariekin. Leihatilan sekulako arrakasta izateak ez du eraginik gure soldatetan.
Goya sarietan San Jose eta zu ez zintuzteten gonbidatu, nahiz filmak hainbat izendapen izan. Gutxietsiak daude gidoilariak?
Gidoilari gremioaren kexuak muturrekoak zirela uste nuen, baina konturatu naiz ezetz. Dena den, Ocho apellidos vascos filmagatik oso aitortuak izan ginen. Beste lankide batzuen egoera ikusita, hori ez da ohikoa izaten.
Borja Kobeaga. Zinemagilea
«Ez dut zinema aretoen oroiminik»
Netflixentzat film bat zuzentzen duen Euskal Herriko aurreneko zinemagilea da Kobeaga. Interneteko zerbitzuak gaur estreinatuko du 'Fe de etarras' tragikomedia 190 herrialdetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu