TXAPELA BURUAN. Iñigo Esteban. AEBetan bizi den iruindarra

«Ez dut uste zaila izango denik hemen lan on bat aurkitzea»

Estebanek uste du irudi okerra dagoela estatubatuarren inguruan, eta oso «atseginak» direla esan du. Erraz egokitu da AEBetan bizitzera, baina adierazi du bizi erritmoa «azkarregia» dela.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Iñigo Estebanek (Iruñea, 1996) argi izan du gaztetatik Ameriketako Estatu Batuetan bizi nahi zuela. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzarako nazioarteko ikasketak egin zituen NUPen, eta, mugikortasun beka batekin, Spriengfieldera (Missouri) joan zen urtebetez ikastera. Gaur egun, han bizi da, bikotekidearekin.

Urtebete daramazu AEBetan, baina ez da zure lehen aldia han, ezta?

Ez. Orain dela urte batzuk, hilabete egon nintzen familia estatubatuar batekin bizitzen, ingelesa ikasteko programa batean. Egonaldi horren ostean, itzultzeko eta denbora luzeago bat egoteko gogoa piztu zitzaidan. Hain zuzen ere, hori izan zen nire karreran sartzeko arrazoietako bat; izan ere, hirugarren mailan kanpora joateko, eta AEBetara itzultzeko aukera zegoen. Hemen urtebete egin nuen Missouriko Unibertsitatean, eta Iruñera karrera bukatzera bueltatu nintzen.

Eta orain dela urtebete berriz bueltatu zinen. Zer dela eta?

Bueltatzea erabaki nuen oso gustura egon nintzelako eta praktikak hemen egin nitzakeelako. Oraintxe bukatu berri ditut, eta asmoa da hemen geratzea eta lana bilatzea. Ez dut uste zaila izango denik hemen lan on bat aurkitzea. Ikastera etorri nintzenean ezagutu nuen neska laguna, eta azken urte osoa elkarrekin bizitzen daramagu.

Bizimodua nolakoa da han?

Ikastera etorri nintzenean, ez nekien oso ongi zer aurkituko nuen. Nire azken erreferentzia uda hartakoa izan zen, baina, herrialde bera den arren, oso bizimodu desberdinak dituzte. Hemen, Spriengfielden, lasaiagoa da; jendea atseginagoa izan da hasieratik. Oso errazak izan ziren lehenengo asteak.

Jendea, beraz, ez da espero zenuen bezalakoa?

Desatseginak eta indibidualistak direlako eta gaizki jaten dutelako irudi horrekin etorri nintzen, baina nire inguruan ez dira horrelakoak batere. Esango nuke AEBetako erdigunean kanpotik ikusten denaren oso desberdinak direla.

Zer da hango bizimoduaz gehien gustatzen zaizuna?

Erraztasun pila bat daude hemen bizitzeko: kafetegi pila bat, supermerkatuak 24 orduz irekita, errepide sare handi bat... Gainera, oso erraza da gustatzen zaizuna egitea: hau da, hobby bat baldin baduzu, inguruan jende asko topatuko duzu zaletasun horrekin. Jende asko elkartu ohi da hobby bera duena, batez ere kiroletan.

Eta gutxien?

Oso azkar bizi dira hemen. Goizetik ohera sartu arte, erritmoa geldiezina da. Gosaldu bitartean, ordenagailuarekin lanean ari gara; bazkaltzeko, hamar minutu ditugu; eta, arratsaldean, egitekoak daude beti, kirola, erosketak...

The Simpsons telesailaren bromatxoa egingo zizuten gertukoek, ezta?

Bai, Euskal Herrian lagunek egin zidaten. Hemen, berriz, telesaila ez da hain ezaguna, edo ez dute guk bezainbeste ikusten. Gainera, beste Spriengfield batzuk ere badaude herrialde osoan zehar, eta ez dute loturarik egiten seriearen eta hiriaren artean.

Birusak gogor jo du AEBetan. Nolakoa izan da eragina Missourin?

Ez da izan kostaldeko estatuetan bezain latza. 250.000 biztanle ditu Spriengfieldek, eta aireportua txikia da; beraz, ez dugu kanpoko hegaldi askorik jasotzen. Kutsatuen eta hildakoen kopuruak begiratu izan ditut, eta nahiko baxuak dira orokorrean. Gu ere konfinatuta egon gara, baina ez da izan Euskal Herrian bezain gogorra. Ezin ginen taldeetan batu, baina kirola egin genezakeen, adibidez.

Iruñera bueltatuko zara noizbait?

Ez dut uste bizitzera itzuliko naizenik. Oraingoz, hemen bizi nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.