Jostuna

Txaro Iturralde: «Ez dut neure burua irudikatzen esku artean josteko ezer gabe; beti izan dut behar hori»

Iturraldek gustuko du erraldoientzako jantziak egiten daukan esperientziaren berri ematea. Joan den urtean erretiratu zen, berrogei urte Gasteizko protagonisten jantziak josten pasatu ondoren.

Txaro Iturralde Gasteizko Udaleko jostun ohia, ostegun goizean, Gasteizko Alde Zaharrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Txaro Iturralde Gasteizko Udaleko jostun ohia, ostegun goizean, Gasteizko Alde Zaharrean. RAUL BOGAJO / FOKU
unai etxenausia
2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Erraldoiak, Gargantua, buruhandiak, Zeledon, Errege Magoen morroiak, Gasteizko Ibiltaria... Nor ez du jantzi? Duela lau hamarkada pasa hasi zen Txaro Iturralde (Gasteiz, 1952) Gasteizko Udaleko jostun gisa lanean. Joskintzan urte luzez eskarmentua izan duen artisaua bilakatu da. Haren berezko sormenari eta trebetasunari esker, kultura eta tradizioa babesteko eta berritzeko prozesuetan parte hartu du. Gaur egun, erretiroa hartu arren, ez ditu joskintza eta sormenaren mundua utzi, eta ingurukoekin eta kultur arloko eragileekin parte hartzen jarraitzen du. Haren ikuspegitik, jostea ez baita bakarrik lan bat, baizik eta arte bat. Eta, hain zuzen, horretaz gozatzen jarraitzen du, ezin delako «sorkuntzarako grina» galdu.

2021ean elkarrizketatu zintuen BERRIAk, oraindik lanean ari zinela. Jada erretiratuta zaudela, nola aldatu da zure ikuspegia ordutik? Ezberdin ikusiko duzu joskintza.

Garai hartan, nire kezkarik handiena ordeztuko ninduen pertsona aurkitzea zen. Zer gertatuko zen erraldoiekin eta hainbeste urtetan egindako guztiarekin? Beldur nintzen ez ote zituzten hain ondo zainduko, edo aldaketak zorrotzegiak izango ote ziren. Nik oso lan espezifikoak egiten nituen; erraldoientzako eta panpinentzako jantziak diseinatu eta egiteaz gain, pertsonentzako ere egiten nituen. Esperientzia handia eskatzen duen lana da, eta, horregatik, pertsona nagusiago bat gomendatu nuen, arlo horretan jakinduria zuena.

«Esperientzia handia eskatzen duen lana da, eta, horregatik, pertsona nagusiago bat gomendatu nuen»

Kostata, baina aurkitu zenuen.

Azkenean, beste emakume batek, Mila Lastrak, hartu zuen lekukoa, eta oso pozik nago bere jardunarekin. Hainbeste urtez lan egin nuen erraldoiak edo beste pertsonaiak ikustera hurbiltzea kostatzen zaidan arren, lasai nago esku onetan daudela jakinda.

Zergatik kostatzen zaizu?

Beldurra izango da beharbada; gustatuko ez zaidan zerbait ikusiko dudalakoan... Nostalgia ere bada. Halere, ez dut askorik parte hartu nahi, ez oztopatzeko. Erraldoiak nire seme-alabak bezalakoak izan ziren urte askoan, eta zaila da erabat askatzea.

Normala, lau hamarkada eman zenituen haiekin. Nola hasi zinen lanbide honetan? Baduzu familia aurrekaririk joskintzarekin lotuta?

Ez dut familia aurrekari zuzenik, baina gaztetatik beti gustatu izan zait jostea. Joskintza ikasi nuen, titulazioa lortu nuen, eta, hasieran etxean akademia bat sortu nuen arren, konturatu nintzen irakastea ez zela nirea. Gero, partikularrentzat josten hasi nintzen, eta, kasualitatez, hiriko Indarra dantza taldean lan txiki batzuk egiten ari nintzela, Gasteizko Udaleko Kultura Sailetik deitu zidaten, erraldoien arropez arduratuko ote nintzen galdetzeko. 1982an hasi nintzen horretan; ordura arte, hiriko pertsonaiak ez ziren orain bezainbeste zaintzen. Prozesu mailakatua izan zen, baina pixkanaka mundu honetan barneratuz joan nintzen.

«Erraldoien gonetarako, adibidez, gerriaren buelta neurtzen da, eta hortik osatzen da gainontzeko guztia»

Nolakoa izan zen Gasteizko Udalarekiko lotura hori? Zein izan zen zure lan ofiziala?

Kulturako teknikari batek esan zidan erraldoiak gaizki zeudela, eta haiek konpontzea proposatu zidan. Pixkanaka, mundu honetan murgilduz joan nintzen, lehenik laguntzaile gisa eta gero Udaleko langile ofizial gisa. Festekin zerikusia zuen guztiaz arduratzen nintzen, erraldoien jantziez eta Errege Magoen desfileaz. Dedikazio handia eskatzen zuen, baina asko gozatzen nuen.

Nolakoa da erraldoientzako edo panpinentzako arropa egiteko prozesua?

Oso desberdina da pertsonenarekin alderatuta. Erraldoietan, adibidez, alkandorek bularrean matxardak dituzte, blusek bezala; baina guztia patroi simetrikoetan oinarritzen da, erraldoiak berdin-berdinak baitira bi aldeetan. Gargantuarekin, berriz, ez dago eredu finkorik. Alkandora panpinaren gainean egiten da zuzenean, oihala estutuz. Batzuetan, 25 metroko oihala ere erabiltzen nuen. Inprobisazioa eta sormena eskatzen duen lana da, baina beti xehetasunak zainduz eta estetika tradizionala errespetatuz.

Iturralde, 2021eko elkarrizketan, erraldoien jantziekin. RAUL BOGAJO / FOKU
Iturralde, 2021eko elkarrizketan, erraldoien jantziekin. RAUL BOGAJO / FOKU
Enkarguzko lanak guztiak, erlojuaren kontra arituko zinen.

Jaien datak hurbiltzen zirenean, lan erritmoa frenetikoa bihurtzen zen. Jantziak prestatu, ondo zegoela ziurtatu eta ustekabeak konpondu behar ziren. Urte askotan zeregin horien arduradun bakarra izan nintzen, baina orain erantzukizuna zenbait pertsonaren artean banatu dute. Aldaketa logikoa da, lan handia baitzen eta lan asko baitziren pertsona bakar batentzat, nahiz eta aitortzen dudan izugarri gustatzen zitzaidala erronka.

Orokorrean, zer rol dute oihalek eta materialek zure lanetan?

Erraldoiek 48 eta 62 kilo artean dituzte, eta hiru metro eta 75 zentimetro garai dira. Funtsezkoak dira oihal onak izatea. Erraldoien gonetarako, adibidez, gerriaren buelta neurtzen da, eta hortik osatzen da gainontzeko guztia, baina alkandora bat egitea zailagoa da. Erraldoientzat, adibidez, ezin dut oihal sintetikorik erabili, antzinako estiloarekin bat ez datozelako.

«Gargantuarekin ezinezkoa zen josteko orduan patroi jakin bati jarraitzea, ez baita erraldoiak bezalakoa»

Beraz, zehazki, zer oihal mota erabiltzen zenuen erraldoien jantzietarako?

Beti oihal erresistenteak eta kalitatezkoak. Adibidez, Aramaioko [Araba] baserritarren jantzietarako, oihal sendoa erabili nuen, jatorrizko geruzen material bera, nahiz eta hori erronka tekniko handia izan. Kapa horietako bi egin nituen nire karreran, eta bereziki harro nago haietaz; asko kostatu zitzaizkidalako.

Baina lortu zenuen...

Bai, noski. Bukatu nituenean, poz handia hartu nuen, banekielako jatorrizko diseinuaren berdinak zirela.

Iaz, Gargantuarentzat berria zen jantzi bat egin ondoren erretiratu zinen.

Bai, sekulakoa izan zen. Proiektu zaila ere bai, ez pentsa… Gargantuarekin ezinezkoa zen josteko orduan patroi jakin bati jarraitzea, ez baita erraldoiak bezalakoa, haren egiturak eta diseinuak ez dituztelako arau berdinak betetzen. Inprobisatu eta oihala zuzenean haren gorputzera egokitu behar izan nuen, metroak eta metroak erabiliz. Arropa haren berezitasunetara egokitzea prozesu konplexua izan zen, baina oso atsegina. Jantzi berriarekin desfilatzen ikustea eta jendearen komentario positiboak entzutea izan zen nire ibilbideko poztasun handienetako bat. 

Gargantua, Iturralderen jantziekin. Gasteizko Udala
Gargantua, Iturralderen jantziekin. Gasteizko Udala
Orokorrean ordu asko pasatuko zenituen proiektu bakoitza egiten?

Lanean zentratuta egoten nintzen, ezin baitut huts egiten utzi. Gaizki egiten banuen, gainera, zaila izaten zen konpontzea.

Zein izan da zure lanik bereziena lau hamarkada hauetan?

Errege Magoen morroiak, Gasteizko Ibiltaria, Zeledon… Lan guztiak zirraragarriak dira niretzat. Bat aukeratzea zaila da, proiektu bakoitzak bere xarma izan duelako.

Zer bilakaera izan du joskintzak zure ibilbidean?

Asko aldatu da. Lehen, ia dena eskuz egiten zen. Orain, tresna eta teknologia gehiago daude, baina metodo tradizionalekin lan egiten jarraitzen dut gehienetan.

Belaunaldi berrietan josteko ohitura galdu dela uste duzu?

Bai, asko. Duela urte batzuk, denek jakin behar zuten josteko oinarrizko teknikak: botoi bat jostea edo tolestura bat konpontzea. Gaur egun, berriz, arropak erosi eta laster botatzen dira, eta, horrekin batera, josteko trebetasunak gero eta gutxiago erabiltzen dira. Hala ere, azkenaldian ikusten dut berpizte txiki bat dagoela, bereziki gazteen artean, arropa birziklatzen ikasten ari direnekin. Adibidez, galtza zahar bat hartu eta gona bihurtzea, edo josteko beste teknika batzuk erabiltzea. Pena da tradizio hori galdu izana; izan ere, jostea benetan arte eder bat da, eta hainbat modutan adieraz daiteke. Hala ere, esan beharra dago jostea edo sorkuntza hori gustuko ez baduzu ez duzula ikasiko. Dena den, oso polita da ikuspegi hori berpizten ikustea eta gazteen artean trebetasun horiek berriro erabiltzen direla ikustea.

Zer aholku emango zenioke josten ikasi nahi duen norbaiti?

Pixkanaka hastea, oinarrizkoa ikasten: botoi bat josten, tolestura bat egiten... Garrantzitsua da pazientzia izatea eta amore ez ematea hasieran zerbait ondo ateratzen ez bada. Joskintzak praktika eskatzen du, baina denborarekin gauza harrigarriak lor daitezke. Eta, batez ere, prozesuaz gozatzeko esango nieke. Egiten duzuna gustatzen bazaizu, emaitzak beti izango dira hobeak.

«Lan bakoitzak sorkuntza prozesu bat du, eta horretan irudimena bideratzeko ahalmena funtsezkoa da»

Baina beharko da irudimena eta pasioa.

Hori gabe ezin daiteke ezer egin. Sortu nahi duzun lana aurreikusi, nola gauzatuko duzun pentsatu, eta hori praktikan jartzeko gaitasuna izan behar da. Lan bakoitzak sorkuntza prozesu bat du, eta horretan irudimena bideratzeko ahalmena funtsezkoa da. Hala ere, hau ez da joskintzaren arlora mugatzen; nire ustez, beste arlo askotan ere antzeko prozesuak aplikatzen dira. Ni neu, behintzat, beti saiatu naiz horrela lan egiten. Irudimenari dagokionez, uste dut hori nire indarguneetako bat dela. Ideia berriak sortzea gustatzen zait, baina horrez gain, ideia horiek errealitate bihurtzeko bidea bilatzea eta pausoz pauso gauzatzea ere garrantzitsua iruditzen zait.

Oraindik harremana duzu joskintzarekin?

Lanean ari ez naizenean ere, udaleko kulturako jendearekin harremana mantentzen dut. Adibidez, Errege Magoen desfilean laguntzen dut noizean behin; iaz, esaterako, arduradun berriari aholkuak ematen eta koordinazio lanetan laguntzen aritu nintzen. Baina hori ez da dena, etxean ere beti nabil zerbait egiten: altzariak zaharberritzen, ateak margotzen edo gauza txikiak josten. Esku artean proiektu bat izatea ezinbestekoa da niretzat; beti egoten naiz aktibo, zerbait sortzen edo konpontzen. Lanik txikiena ere, ondo eginda, asebetetze iturri bihurtzen da nire egunerokoan.

Familiak eta ingurukoek eskatuko dizkizute gauzak egiteko ere...

Niretzat eta ingurukoentzat egin izan ditut arropak urteetan zehar; beti gustatu izan zait joskintzarekin jolastea eta proiektu berriei forma ematea. Ez da soilik beharrizan bat asetzea, baizik eta sormenari bidea ematea. Orain, esaterako, betaurrekoak gordetzeko zorro bat egiten ari naiz, eta nahiz eta proiektu txikia izan, detaileei arreta handia jartzen diet. Zorroaren diseinua, ehunak aukeratzea eta azken ukituak ematea guztiz gozagarria da niretzat.

Beraz, beti aritu zara josten?

Bizitza osoa eman dut joskintzaren munduan murgilduta; izan ere, hori da nire benetako pasioa. Ez dut neure burua irudikatzen esku artean josteko ezer gabe; beti izan dut behar hori, eta sorkuntzarekiko grina hori da nire motor nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.